'Semaforoak euskaraz' afixa zintzilikatu dute Tolosaldeko hainbat semaforotan, eta baita herritarren jakin-mina piztu ere. Bloga sortu duen euskaltzale talde batena izan da ekimena.
Semaforoei hitz eginarazten
Idoia Etxeberria.
Semaforoak euskaraz. Horixe aldarrikapena, ekainaren hasieratik Tolosaldeko (Gipuzkoa) hainbat herritan ikus daitekeena. Villabonan, Zizurkilen, Ikaztegietan, Tolosan... Semaforoetan zintzilik. «Txorakeria galanta!», diote oinezkoek. «Semaforoek ez dute hitz egiten. Ez euskaraz, ez gaztelaniaz, ezta errusieraz ere!». Hala ere, askok buruari eragin diote. «Eta guk uste baino gehiago! Inor gutxik zekien zer helburu zuten kartelek, nork jarri dituen, zergatik... eta sekulako moskeoa sortu dugu, antza denez!», esan du Imanolek, ekimenaren bultzatzaileetako batek. «Hamaika azalpen ematen saiatu dira: semaforoetan entzunezko mezuak euskaraz jartzeko eskatzeko zela, hauteskundeekin zerikusia zeukala, autoeskoletan materiala euskaratzearekin lotuta zegoela... baina inork ez du asmatu».
Herritarren arreta erakartzea zen asmoa. Harridura eta jakin-mina piztea. Zertarako, eta Tolosaldean euskara bultzatuko duen blogaren berri emateko: euskararensemaforoa.blogspot.com. Eskualdeko euskaltzale talde batek sortu du, Eman argi berdea euskarari lelotzat hartuta. Euskararen gaineko albisteak eta kezkak batuko dituzte bertan, semaforoaren koloreak baliatuta: «Euskararen onerako ziren albisteak argi berdearekin jarriko ditugu; kaltegarriak direnak gorriarekin eta kontuz ibiltzekoak laranjarekin. Horrela, jendeak ikusiko du zer dabilen ondo eta zer gaizki, eta zerekin ibili behar duen argi...».
Hilaren bukaerarako piztuta
Hilaren bukaeran piztuko da euskararen semaforoa. Lehen albisteak jarriko dituzte, dozena erditik gora, koloretan sailkatuta. Blogean eskualdean euskalgintzan diharduten taldeen loturak ageri dira -AEK, EHE, Euskaraz bai, Galtzaundi euskara elkartea, Kontseilua, Txolarre irratia eta UEMA-, baina ez dago inongo erakunderekin lotuta. «Herritar talde batek sortua da, sei-zazpi lagunek, modu pertsonalean, eta nahiko genuke ahal den jende gehienak parte hartzea».
Tolosaldea eremu euskalduna da, beste hainbat tokirekin alderatuta. Semaforoen ekimena, baina, etsipenetik sortu dela dio Imanolek. Arduratuta daude euskararekin. «Jende askok pentsatzen du jada normalizatuta dagoela, eta nahi duenak egin dezakeela euskaraz, nahi duen tokian. Diskurtso horren azpian betiko zapalkuntza ezkutatzen da, eta euskararen kontrako jarrera. Gure kezka jakinarazi nahi genuen, eta eremu birtual horretan jendeak ikusten duena eta pentsatzen duena adieraztea. Bere hausnarketak, kezkak...».
Zergatik bloga? «Iruditu zitzaigun ez direla garai onenak bilgune bat sortzeko: jendea ez dago nahikoa motibatuta toki eta egun jakinetan elkartu, eta mahai baten bueltan euskararen gainean hitz egiteko». Eskualdean halako esperientziek porrot egin ei dute. «Bloga tarteko bide bat da. Agian noizbait hortik sortuko da talde bat euskararen aldeko dinamika bideratuko duena, auskalo».
Herenegun, semaforoetako kartelen gainean blogaren helbidea jarri zuten. Tolosako udaltzain bat jakin-minez hurbildu zitzaien, kartelen azalpena jakin nahian. Euskaraz. Argi berdea.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
