Berria.info

Ostirala, 2010ko martxoak 19 -

2009-06-24

Jurgi Kintana.

Historialaria

Resurreccion Maria Azkueren emaria tesi baten bidez aztertu du Jurgi Kintanak, eta 'Intelektuala nazioa eraikitzen' izeneko liburua kaleratu du orain, haren pentsaera eta obraren inguruan.

«Azkueren betiko ametsa euskara hiritartzea izan zen»

Alberto Barandiaran.

Resurreccion Maria Azkue (1864-1951): lehen euskaltzainburua; herri tradizioaren biltzaile handienetarik bat; gramatika egile; euskara batuaren aitzindari; euskarazko komunikabideen sustatzaile; lehen ikastolen bultzatzaile. Euskal kulturaren erraldoietako bat. Jurgi Kintana (Bilbo, 1975) haren izate eta egite intelektualari buruzko tesia defenditu zuen EHUn 2006an, eta orain liburuan kaleratu du ikerketaren emaitza. Datorren urtean, Azkueren bizitzari buruzko lan biografikoa kaleratu nahi du.

Harrigarria da euskal kulturarentzat horren pertsonaia garrantzitsuri buruz orain arte lan monografikorik egin ez izana, ezta?

Lan argitaratuak baziren, onak, baina dibulgaziokoak, edo gai zehatz bati buruzkoak. Ez zegoen Azkueren lana oso-osorik hartuko zuen ikerketa bat. Harrigarria da, bai, batez ere kontuan hartzen badugu Azkueri buruzko dokumentazioa oso aberatsa dela. 5.000-6.000 gutun inguru daude. Bazegoen materiala horren gainean lan egiteko, bai.

Eta zergatik ez da egin orain arte?

Euskal historiaren mundua oso gutxi aztertu da. Alde batetik, historialari askok ez dakite euskaraz, eta orain arte inork ez dio horri heldu. Aukera polita izan da niretako.

Dena irakurrita, esan daiteke kultura nazionalista dela Azkueren izaera hobekien laburbil dezakeen ideia. Euskal Herriaren erdian kultura jarri zuen.

Bai, nazionalista kulturala izan zen. Erakundeak edo kargu politikoak ez zitzaizkion interesatzen, ez bazen tresna gisa, kultura jakin bat bultzatzeko. Bitarteko gisa alegia. Haren helburua ez zen autogobernua edo estatu bat bultzatzea. Azkuerentzat, garrantzitsuena zen ikustea euskara nola landu, gero biziberritzeko.

Euskara biziberritzeko, edo herria biziberritzeko?

Euskal Herria biziberritzeko bere hizkuntzarekin batera.

Baina kontzientzia politikoa bazuen, edo bakarrik Euskal Herri kulturalean sinesten zuen?

Bera karlista zen, baina gazterik hasi zen aldentzen, eta nazionalista bihurtu zen. Sabino Arana ezagutu zuen, baina harekin desadostasun pertsonalak izan zituen euskarari buruz eta politika egiteko moduari buruz. Nolanahi ere, berak oso garbi aitortu zuen, idatzi zituen gutunetan, nazionalista zela. Alderdi politikoko militantea izan ote zen? Hori ez zitzaion hainbeste interesatzen. Interesatzen zitzaion euskal nazioa kulturatik nola eraiki.

Hori iraultzaile samarra zen Sabino Aranaren garaian, ezta?

Hala da. Orduko nazionalista gehienak politikatik abiatzen ziren, eta hori zen normalena. Azken finean, mugimendua Bilbon sortu zen, eta orduko jeltzale gehienak ez ziren euskaldunak. Hizkuntza ez zen eguneroko errealitate bat, ekintza politikoa zen garrantzitsuena. Azkue lekeitiarra zen sortzez, nahiz eta Bilbon bizi zen. Euskal kultura askoz biziagoa zuen, etxekoa, eta gero, gainera, landu egin zuen Euskal Herri osoan tradizioak bilduz eta. Beste modu bat zeukan euskal nazionalismoa ulertu eta bultzatzeko, kulturala zen.

Non daude haren iturriak?

XIX. mendearen amaieran, inspirazio erromantikoa Europa osoan dago, eta herri kultura biltzea da ahalegin nagusia. Alemanian Grimm anaiek egin zutena. Azkuek hortik edan zuen. Eta Euskal Herrira oihartzun batzuk iritsi ziren literatur foruzaleen eskutik. Baina haiek esan, bai, baina gero ez ziren baserrietara joaten gauzak biltzera. Azkue kontsekuenteagoa izan zen. Erromantizismo hura, herri tradizioa, gero, euskal nazionalismoarekin nahastu zuen, aurrera begiratzeko proiektuekin. Etorkizuneko proiektua sortu nahi izan zuen. Euskara erabil eta heda zedila, Bilbon bertan. Horregatik, antzerki elebidunak egiten hasi zen, eta eskolak ematen hasi zen. Bere asmoa ez zen lehengoa biltzea bakarrik, biziberritzea eta segida ematea baizik.

Beste intelektual batzuekiko, esaterako Campionekiko, daukan aldea hori da, ezta?

Azkue eta Campion adiskideak ziren, eta Campionen asmoa ere Azkuerena zen. Ez zen euskalduna ordea. Horregatik, Azkue aktiboago ibili zen. Baina helburuetan ez dago hainbesteko diferentzia. Gehiago da praxia.

Haren lanaren bidez, urrats batzuk egin zituen: komunikabideak sortu, euskara batua bultzatu... Hau da, praktikara eraman zituen bere iritziak.

Bera ohartu zen euskara segituz gero ordura arte bezala, ahoz ko eremuan bakarrik, bidea laster amaituko zela. Komunikabideek gero eta garrantzia handiagoa zuten, ikusten zuen eskolak ere erdaraz zirela herri txikienetan ere, eta hori konpondu nahian hainbat proiektu bultzatu zituen. Euskarazko aldizkariak sortu zituen, euskararen estandarizazioa bultzatu zuen, euskarazko klaseak emateko ikastola sortu zuen Bilbon...

Ahalegin horien atzean sendotasuna zegoen ala lehen bultzada izan zen?

Asmoak sendoak ziren. Ibaizabal eta Euskaltzale aldizkariak, esaterako, irauteko asmoz egin zituen. Ezin izan zuten iraun arrazoi ekonomikoengatik, baina asmoa hori zen: eutsiko zioten egitasmoak sortzea.

Nahiko adostasun bildu zuen?

Bera nahiko bakartia zen lan egiten, baina ohartu zen bakarrik ezin zuela dena egin. Ez zuen jarraitzailerik izan, baina lan taldeak antolatzen aritu zen, eta euskararen akademia antolatzeko asmoa, Euskaltzaindia bera sortu baino hogeita hamar urte lehenago buruan zuen.

Liburuan azpimarratzen duzu oso apasionatua zela, baina ez, akaso, oso metodikoa.

Bere gutunetan ikusten da norbaiten eskutitza jaso, eta atzean apunteak hartzen zituela. Ez zen oso sistematikoa. Proiektuak hasi eta amaitu arte denbora asko pasatzen zen. Ordenarik gabekoa zen, gauza bakar batean akaso ez zuen arreta jartzen, baina oso langilea zen. Eta desordena horretan, akaso, sortzaileago ageri da.

Haren betiko irudi hori, apaiz jantzita, tradizioarekin lotu izan da beti. Gaur egun arte iritsi den irudia ere, Azkuerena, zuk azpimarratzen duzun modernitatearekin baino gehiago, aspaldiko jakintsu horren argazkiarekin dago kateatuta, ez da hala?

Azkueren erretratu ezaguna dago, 86 urte zituela, apaiz jantzita, liburutegian, paperen artean. Iritsi zaigun irudia hori da, gizartearen errealitatearekin oso lotuta ez dagoen jakintsu batena. Baina irudi hori ez da Azkueren irudirik onena. Azkuek 40 urte zituen bere hiztegia idatzi zuenean. Bilbon bizi eta lan egiten zuen, eta Bilboko giro kulturalean ibili zen. Hori azpimarratu nahi izan dut, Azkue hiriko, eta hirirako lan egin nahi izan zuena. Hori izan zen bere ametsa: euskara hiritartzea. Aldi berean, nekazari edo arrantzale girotan ibili zen garaiko ondarea biltzen, baina herri tradizio horretatik kultura nazional modernoa sortzea zen bere asmoa, hirietan kontsumitzeko modukoa.

Ikusi zuen bere lanaren fruitua?

Bai, hiztegia ikusi zuen, Euskaltzaindia ere bai, eta gramatika ere bai. Ez zuen, baina, horren proiekzio sozial egokia ezagutu. Liburuak argitaratu zituen, baina liburu horiek gero ez zituzten eskoletan sartu. Hizkuntza estandarra batua sortu nahi zuen, baina hori ez zen garai hartan sozializatu. Euskaltzaindiaren arauak, haren garaian, ez ziren derrigorrean jarraitu beharrekoak. Gaur egun, bai.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia