Berria.info

Osteguna, 2010ko martxoak 18 -

2009-06-18

Zarauzko Udalak txosnetan hainbat azpiegitura jartzea onartu du azkenean

Gurekin Jai batzordeak eta Udalak tirabirak izan ostean, hainbat baldintza leundu ditu Udalak

Elixabet Epelde.

Donostia

Duela bost urte Gurekin Jai batzordea sortu zenetik, udalarekin harremanak ez dira errazak izan. Zarautzen, sanpelaioetan eta Euskal Jaietan txosnen gunea antolatzeaz arduratzen da batzordea, baina aurten, hori egiteko, aurrez negoziatu gabeko baimen «zorrotza» sinatzea jarri zien Udalak baldintza gisa. Negoziazio prozesu eztabaidatsu baten ostean akordio batera heldu dira eta Udalak zenbait azpiegitura jartzea onartu du.

Gurekin Jai batzordeko kideen eskaerei men egin ez badie ere Udalak hasierako baldintza «gogorrak» leundu ditu, eta oholtza, ura, argindarra eta komunak jarriko ditu. Nahiz eta hasiera batean ez ziren Udalaren baimenean sartzen.

Ordutegi eta dezibelioen mugak, gainera, kasik ezinezkoa egiten zuten aurreko urteetako ekimenak errepikatzea.

Iaz, turismo sailak eman ohi zien diru laguntza kendu zieten eta festaz festa Udalaren eta Gurekin Jairen arteko harremana okertu egin da, erabateko desadostasunera heldu arte. «Ez dugu diru laguntzarik eskatzen, baina minimo batzuk bai, gure lana ez oztopatzea gutxienez», dio Edurne Epelde Gurekin Jai batzordeko kideak.

Udalaren aburuz, txosnen gunearen barruan politika egiten da eta Arantxa Iturria kultur zinegotziaren esanetan, «Udalak ez du talde politikorik finantzatuko». EA, EAJ, PSE-EE, EB eta Aralarrek osatzen dute koalizio gobernua. «Gobernua osatzen dugun taldeen artean badira txosnen aurka daudenak», dio Iturriak, «iraingarriak diren elementuak jartzen baitituzte txosnetan». Adibide gisa presoen aldeko kartelak edota zinegotzien aurka eginiko salaketak aipatu ditu.

Negoziazio eske

Gurekin Jaik, aldiz, talde irekia dela defendatzen du eta elkarte gisa inoiz ez duela jarrera baten alde edo aurka ezer sinatu. Hala ere, batzordekoek egin nahi dituzten aldarrikapenak mugatzeko asmorik ez dute, eta festetan horiek tokia izan dezaten nahi dute.

Txosnak jarri nahi dituzten herriko hainbat taldek Gurekin Jairekin batera egin nahi ez dutela dio Iturriak. Azken horiek, ordea, taldeekin hitz egiten hasi direla diote eta udatik aurrera zabaltzeko esfortzu berezia egingo dutela.

Baimena heldu aurretik giroa berotuta zegoen. Aurten festetarako diru partidarik ez zutela prentsaren bidez jakin zuten batzordekoek. Gainera, Udal Batzarrean urteko aurrekontua jorratu zenean, Patxi Elola (PSE-EE) herritarren partaidetza saileko arduradunak «bortxatzaile, lapur eta terroristen gune» gisa definitu zituen txosnak, ezker abertzaleko hautetsien arabera.

Udalak hasieran negoziaketarik onartu ez zuenez, Gurekin Jaik txosnak aurrera ateratzeko kanpaina jarri zuen abian. «Udalaren erruz txosnak kinka larrian» zeudela salatzeko prentsaurrekoak, atxikimendu bilketa eta kale ekimenak martxan jarri zituzten. Azkenik, eta aurretik ukatua bazien ere, biltzeko aukera eman zieten Udalak, eta negoziazioa hasi zuten.

Hondartza alboan dagoen Munoa plaza txosnen kokagune izan da urteotan sanpelaioetan, baina aurten, ez dute bertan egoteko baimenik. Udalaren aburuz, urte osoan ekitaldi asko antolatzen dira bertan, eta bizilagunak nazkatuta daude. «Munoan baino bizilagun gutxiago molestatuko dugun lekurik nekez topatuko dugu, eta, gainera, Udalaren ekitaldiak han ospatzen jarraitu dute. Tabernak ere bertan daude eta horiek molestatzen jarraituko dute, agian hobe da beste bizilagun batzuei ez molestatzea...», kexatu da Epelde. Besteak beste, soinu gutxiago hedatzeko, agertokia itsasora begira jartzea proposatu zuten, baina ezezko erantzuna jaso zuten.

Munoan gelditzeko eskaerari muzin egin ostean, Udalak herriko erdigunetik urruti eraman nahi izan zituen, baina azkenik Iturribide kalearen hasieran (Herrikobarra kalearekin gurutzatzen den tokian) bilduko dira txosnak aurtengo sanpelaioetan.

Fidantzaren kontua ere galdutako gudua izan da Gurekin Jairentzat. Urtero bezala, txosnako 400 euroko bermea jartzea eskatzen die Udalak, baina aurretik bi fidantza itzuli ez dizkietela ikusita, honakoa murriztea eskatzen dute. Ordutegiak ez betetzea edota aldarrikapen politikoak egitea izan ziren fidantza ez itzultzeko emandako arrazoiak.

Txosnen gunean sanpelaioetan egingo diren ekintzak, http://gurekinjai.mundua.com-en daude ikusgai.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia