Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:32

tartea;2009-06-16;Medikuntza. Uda honetan onddoei aurre egiteko aholkuak. Onddoengatiko infekzioa, dermatomikosia, gaitz arina izan ohi da, eguneroko bizimoduan molestia ugari eragin ditzakeen arren. Onddoei aurrea hartzeko, prebentzio-neurri sinpleak aholkatzen dira.

Onddoengatiko infekzioa, dermatomikosia, gaitz arina izan ohi da, eguneroko bizimoduan molestia ugari eragin ditzakeen arren. Onddoei aurrea hartzeko, prebentzio-neurri sinpleak aholkatzen dira.

Uda honetan onddoei aurre egiteko aholkuak

Medikuntza

Jabier Agirre.

Onddoak eta horiek eragiten dituzten mikosiak hilabete hotzetan ere gertatzen dira, baina ez dago zalantzarik uda partean erasaten dietela pertsona gehienei, eta indar handiagoarekin, gainera. Urte sasoi honetan esan daiteke lau pertsonatik batek onddoengatiko infekzioak izango dituela .

Baina onddo guztiak ez dira berdinak, eta ez dira modu berean kutsatzen. Gaixotasunik usuenak atleta oina, ezkabia, intertrigoa eta baginako kandidiasia dira (azkazaletako onddoak, pixoihalaren dermatitisa eta uzki inguruko kandidiasiak ahaztu gabe). Gimnasioak, igerilekuak eta dutxa kolektiboak dira onddoek ugaltzeko gehien baliatzen dituzten lekuak, horietan izaten den mugimenduaz gain, giro hezeetan gure azala beratu eta bigundu egiten delako, babesa galduz eta gisa horretako infekzioak harrapatzeko sentiberagoa bihurtuz.

Atleta oina

Hauxe da uda partean gehien agertzen den onddoen infekzioa. Ume txikietan oso gutxitan ikusten da, baina pertsona helduetan eta batez ere adineko pertsonetan, berriz, oso arrunta da.

Sintomak

Azkura da zeinu nagusia, oineko tolesetan edo oin zolan batez ere. Azala ezkatatu egiten da, kolore gorrixka hartuz, min handia eman dezaketen arrakala edo pitzadurak ere agertzeraino.

Nola kutsatzen da?

Leku hezeetan, jende ugari dabilen lekuetan gertatzen da batez ere (igerileku edo gimnasioetan, adibidez). Ordu luzetan kirol zapatilak eramatea ere, oso erabiliak edo higatuak baldin badaude bereziki, onddoak harrapatzeko arrisku faktorea izan daiteke.

Prebentzio neurriak.

- Alda itzazu oinetakoak maiz udan, baita egun berean ere. Eta batez ere oinak izerdituta edo bustita nabaritu bezain pronto.

- Saia zaitez oinetako eroso eta aireztatuak erabiltzen.

- Baztertu zapata itxiak, eta erabili sandaliak edo txankletak.

- Zuntz naturaleko galtzerdiak erabili (hari edo kotoizkoak) eta saihestu zuntz sintetikozkoak.

- Ez ibili oinutsik igerileku eta dutxa publikoetan. Ezta hoteletako moketa gainean ere.

- Garbitu sarri samar oinak, eta jarri arreta berezia lehortzean, behatz arteko tarteetan batez ere.

- Ez partekatu toallarik, are gutxiago bustita badaude.

- Ez ukitu bizkarrarekin edo besoekin dutxa kolektiboetako pareta hezeak, bertan onddo ugari egon daitezke-eta.

- Krema hidratatzaileak erabiltzen badituzu, egizu oin osoan, behatzen artean izan ezik. Kremak bertan luzaro iraungo luke, eta giro hezea sortuko litzateke, onddoen ugalketarako aproposa.

Tratamendua

Azaleko mikosia ez badago oso zabaldua, aski izango da egunean bizpahiru aldiz ematen diren kremekin egindako tratamendu topikoa. Krema medikuak aginduko dizu, ez auzokoak edo lankideren batek. Tratamendua zenbait astez luzatuko da, baita sintomak itxuraz desagertu ondoren ere. Eta, noski, garrantzitsua da tratamenduarekin batera prebentzio-neurriak zorrotz jarraitzea.

Ezkabia

Teorian edozein gorputz ataletan ager daitekeen arren, buruko ile-larruan agertu ohi da normalean, eta ume txikietan gehienbat. Zergatik hori? Pertsona helduok izerdian eta sebo-jariakinean botatzen ditugun eta dermatofitosietatik babesten gaituzten substantzia bigun batzuk ez dituztelako jariatzen haurrek.

Sintomak

Plaka biribil eta gorrituak, azkura eta ezkatatzea. Zenbait kasutan inflamazioa ere ager daiteke, baita kozkorrak eta zorne puntuak ere, eta ilea erori egin daiteke buruko zona batzuetan.

Nola kutsatzen da?

Etxeko animaliekin, batez ere katuekin, edukitako zuzeneko kontaktua izaten da kutsatzeko modua, baina pertsona batetik bestera ere gerta daiteke. Ez da beharrezkoa kontaktu luze edo etengabea, sarri aski baita hamster bat edo katu bat behin laztandu edo ukitzea infekzioa gertatzeko.

Prebentzio neurriak

- Saihestu aipatutako moduko animaliekin harreman estuak edo luzeak edukitzea.

- Oinetan ezkabia izateko joera baduzu, bota onddoen kontrako hautsen bat, dutxatu ostean, baina ondo lehortu oinak aurretik.

Tratamendua

Onddoen kontrako botika bat (antifungikoa) pare bat astean aski izango da. Sintomak desagertuta ere, egun batzuetan tratamenduarekin jarraitzea komeni da.

Intertrigoa

Besapeetan, izterretan, bularren inguruan, ipurmasailen artean eta azalean tolesak egon daitezkeen edozein lekutan agertzen da intertrigo izeneko mikosia, pertsona gizen eta obesoetan batez ere.

Sintomak

Azkura, azala ezkatatu eta erori egiten da, inflamazioa eta erresumina. Erasandako inguru heze sentituko dugu, eta arrakalak agertuko dira larruazalean.

Nola kutsatzen da?

Izerdia da arrisku faktore nagusia. Baita urarekin nahiz xaboi edo detergenteekin etengabeko harremana edukitzea ere.

Prebentzio neurriak

- Erabili eskularruak edo guanteak, eskuak garbiketa produktuetatik eta uretik babesteko.

- Jaitsi zure pisua, maila normalera ekartzen saiatuz.

- Jarraitu higieneko neurri normalak, modu erregularrean.

- Ez erabili arropa esturik, azpiko arropei dagokienez batez ere.

Tratamendua

Medikuak onddoen kontrako botika bat aginduko dizu (hauts moduan), azala lehor edukitzeko.

Baginako kandidiasia

Emakumeen %10-40k Candida izeneko onddoak dauzkate baginan, baina horrek ez die normalean arazorik sortzen. Aldaketa hormonalekin, baina, onddo saprofito horiek aldrebestu egiten dira, eta infekzioak ager daitezke. Haurdunaldian edo diabetesa bezalako patologien eraginez ere errazago ugalduko dira.

Sintomak

Azkura eta inflamazioa baginan eta aluan eta baginako jario anormalak edo ezohikoak.

Nola kutsatzen da?

Badira bagina ingurua aldatzen duten botikak (antibiotikoak, ahotiko antisorgailuak...); horien erabilerak gora egitean onddoen ugalketa errazten da. Karbohidratoetan aberatsa den jan neurria edo azpiko arropa sintetiko eta estua erabiltzea, edo gehiegizko higienea (xaboi oso erasokorrak) ere arrisku faktoreak dira.

Prebentzio neurriak

-Saihestu zuntz artifizialeko azpiko arropak.

-Bainuaren ondotik, lehortu arreta handiz genitalen aldea toalla garbi eta lehor batekin.

-Erabili xaboi suabe eta neutroak, gehigarri edo perfume gabe.

Tratamendua

Antifungiko bereziak erabiltzen dira (ahotik edo krema moduan).

 

Higienea ere, neurrian



Urte sasoi honetan beroaren eta izerditzearen eraginez, sarritan garbitzeko joera daukagu. Eta horrela izan behar du, bai, baina gehiegikeriarik gabe. Gehiegizko higieneak onddoen agerpena erraztu baitezake.

Bestetik, garbitzerakoan, larruazala behin eta berriz igurzteak infekzioetatik babesten gaituzten geruza azidoa eta koipea suntsitu eta desagerrarazteko arriskua daukagu.

Horregatik, bainuek ez lukete sekula ere hamar minutu baino luzeagoak izan behar.

Eta zure higiene pertsonalerako, aukera itzazu xaboi neutro eta suabeak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia