Berria.info

Asteazkena, 2012ko maiatzak 30 - 10:53

KULTURA;2009-06-14;Auzoaren zilbor-heste Esperimentazioa eta tradizioa, dantza eta txalaparta, artistak eta auzoa batu egin dira Mikel Laboari Donostiako Antiguak egin dion omenaldi bero eta hunkigarrian. Txiki gelditu da frontoia

Auzoaren zilbor-heste

Esperimentazioa eta tradizioa, dantza eta txalaparta, artistak eta auzoa batu egin dira Mikel Laboari Donostiako Antiguak egin dion omenaldi bero eta hunkigarrian. Txiki gelditu da frontoia.

Ainara Gorostitzu.

Donostia

Baina horrela, ez zen gehiago txoria izango. Eta nik, txoria nuen maite...». Oholtza gainean, ekitaldian parte hartu zuten berrogeitik gora musikari, bertsolari eta dantzarien ahotsek eta behean zazpiehundik gora auzokide, lagun eta jarraitzailek egin zioten kantu, egin zioten omen, Mikel Laboari, herenegun gauean Donostiako Antigua auzoko frontoian. Txoria txori goizaldeko ordu bata eta erdietan iritsi zen. Antiguotarrak Elkarteak eta Antiguotarrak Dantza Taldeak 40 urtez auzokide izandakoari haren 75. urtemugaren kari -bihar beteko lituzke urteak Laboak- zorionak eta eskerrak emateko ekitaldi bero, goxo eta maitekorra biribildu zuen momentua izan zen.

Une hunkigarriz beteriko gaua izan zen Antiguan ostiralekoa. Luberri abesbatzarekin hasi, eta Maialen Lujanbio eta Andoni Egañaren bertsoetatik Iker Goenagaren Azken trikiti piezara, edo Kukairen fandangotik Xabi Strubell eta Nerea Olaxaren bossa novara, nahiz Erramun Martikorenaren bertsoetatik Eneko Abregoren (Inoren Ero Ni) flamenkora. Guztiek zerbait berezia eskaini nahi izan zioten Laboari, eta haren auzoari.

Txoria txori batuaren aurretik, Anarik itxi zuen gaua, bere kontzertuetan jo izan duen Antzinako bihotza hunkigarriarekin. «Belaunaldi berriek ere ulertu dugu haren alde arriskutsuena», esan zuen Anarik Laboaren heriotzan. Eta agerikoa izan zen Laboaren eta hurrengo belaunaldien arteko lotura hori herenegun. Mikel Abrego baterian, Borja Iglesias gitarran eta Drake baxuan izan zituen lagun Anarik, aurretik Gorka Urbizuk izan zituen bezala. Berri Txarrak-ekoak Lilurarik ez modu zirraragarrian eman zuen.

Indarra ere izan zuen gauak. Xabier Montoiak dena eman zuen Ama hil zaigu berebizikoan. Laboaren omenez Txerokee diskoa bultzatu zuen kantariak, koadrozko jaka deigarriarekin jantzita, In crescendo joan zen kantua eskaini zuen, Anariren taldea, Urbizu baterian Abregorekin eta Karlos Osinaga gitarran zituela.

Oholtzan eta publikoan, hainbat belaunaldik egin zuten bat Laboaren gauean. Gogoz zegoen jendea, txalo egiteko gogoz, kantatzeko gogoz. Bero, hunkiturik. Hori guztiori transmititu nahi izan zien Laboaren auzoak Marisol Bastida alargunari eta Izaro eta Agurtzane seme-alabei. Eta zutik jarri zen frontoia jaiaren antolatzaileek familiari oroigarria eman ziotenean, amaieran, txalo zaparrada itzelaren erdian.

Gaueko hamarretan ospakizuna hasi aurretik, kantariaren omenezko plaka desestali zuten plazan, artistari eta auzo-lagunari bere izatea eskertuz. 40 urte egin zituen Laboak Antiguan bizitzen. Bere janzkeraren ezaugarri zen urdin ilun kolorea auzoko paisaiaren parte bihurtua zen, musika saioen aurretik eskainitako bideoan auzotar batek esan zuen moduan.

Txiki gelditu zen frontoia. Oso txiki halako jai handiarentzat. Aspaldi zeuden sarrerak agortuak, eta kanpotik jarraitu zuen jendeak festa ederra, udakoak baino gau epelagoan.

Bideoan zioten, halaber, lotsatia zela Laboa oso. «Bera tabernan zela bere kanturen bat jartzen bazuten, atera egiten zen». Herenegun haren hamaika kantu entzun ahal izan ziren, batzuk berak kantatuak bideoan, beste gehienak gaztetuak. Baina Laboak ez zukeen ziur asko tabernatik bezala frontoitik hanka egingo ostiralean. Eroso eta umoreko sentiarazteko moduko ikuskizuna izan baitzen. Eta seguruenik barre ere egingo zuen, ikusleek behin eta berriz egin zuten bezala, Ramon Agirreren antzezpenarekin. Urdin ilunez eta beltzez jantzirik, zapatila zuriak eta txapela beltza soinean, egurrezko aulki bat eskuetan, hau da, Laboaren beraren rolean, «desordena» haren arduradun izan zen Agirre, aurkezle. Langile baten galderak moldatuz, Antiguotar baten galderak bota zituen, despistatuki, oholtza gainetik: «Zenbat krokodilo zituen Mikelek?» «Non erosten zituen biserak?» «Where is the Niko?. The Niko is on the table».

Eta Niko Etxart agertu zen. Beste instituzio bat. «Jendea bero-bero sentitzen dut», zioen. Txinaurria abestu zuen. Laboarentzat Ximun Haranek grabaturiko Club de disque basque bilduma zeinen garrantzitsua izan zen gogora ekarri zuen zuberotarrak. Gitarrarekin eta «txuletarekin» igo zen oholtzara, umoretsu, aspaldian abestia kantatu gabe zegoela-eta, badaezpada ere: «Laboaren teknikarekin erraza da», esan eta ingelesez ariko balitz bezala inprobisatu zuen abestia, gero jatorrizko eran amaitzeko. «Antiguako sinfoniarekin» Baga Biga Klick josi zuen. Zuberoatik Nafarroa Beherera eta rocketik Otsalderen XIX. mendeko bertsoetara, Erramun Martikorenak hartu zuen oholtza. Gaztetasuna eta zahartasuna abestu zuen, bere aitatxiri kantua lehenengoz entzun zionekoa eta Laboari aditu zion lehen kantaldia gogoan.

Gorriti, Llach, Atxaga...

Oholtzak dardar egin zuen, literalki Kukai dantza taldeak hartu zuenean. Oreka Tx-ko Harkaitz Martinez, Igor Otxoa eta Mikel Ugarte txalapartarien doinura Martxa baten lehen notak eta Ezpata dantza eskaini zituzten. Jon Maia buru duen seikotea ohitua dago Laboaren doinuak dantzatzera, Hnuy ila ikuskizunean egin zuten bezala. Iker Goenaga soinu txikian lagun zutela belarrientzat ez ezik begientzat edertasun itzela eskaini zuten.

Laboaren lagunak oholtzan, eserlekuetan eta pantailan ikusi ahal izan ziren, hiru ordu eta erdian. Juan Gorriti azaldu zen bideoan eta Lluis Llach segidan. Hunkiturik zirudien katalanak beren arteko topaketa labur eta sakonak oroitzean. Laboa pertsona bezala eta artista bezala miresten zuela argi utzi zuen, «bere kuraia, emateko gogoa eta balentria miresgarriak ziren».

Bideoan ikusi ahal izan zen Bernardo Atxaga ere, Imanol Uribek zuzenduriko Haika mutil dokumentalean. «Kaskagogorra eta azkarra» zen kantaria idazlearentzat. Eta garraiolaria, bere abestiekin hamalaugarren edo hamabosgarren mendera eraman zaitzakeen garraiolaria.

Ordorikaren sorpresa

Poeta garaikideen eskutik batetik, eta tradizioaren eta esperimentazioaren bidetik eginiko ibilbidearen isla ere izan zen auzotarrek eskainiriko festa. Une harrigarriena Eneko Abregoren Dilistak proiektu berrikoek eskaini zuten, Anarik, Urbizuk eta Montoiak itxiko zuten jaiaren bigarren zati gogorragoari hasiera emanaz. Mugak lekeitiotik abiaturik beste lekeitio bat sortu zuten, abestiaren hitzak atzekoz aurrera abestuz, Mariano Hurtado andaluzaren artearekin flamenkotik pasatuz esperimentazio puruan amaitzeko Abrego sakelakotik hizketan, Peru Basanabasa ordenagailuarekin eta Hedoi Etxarte biolinarekin zirela.

Tradizioaren bidetik Ruper Ordorika etorri zen. Gaua gidoitik atera zuen, ez baitzegoen iragarria bere emanaldia. Urtsuako kanta eta Oies errondan dabil abestu zituen, Laboari ikasiak. Aurretik, Xabi Strubellek eta Nerea Olaxak Haize Hegoa eder eta dantzagarri bat ekarri zuten, bossanova erara.

Mikel Laboaren zilbor-hesteak hainbat belaunaldi eta estilotako musikari eta artistak lotu zituen, eta auzokideak eta publikoa. Etenda ere, lotuta izan ziren guztiak, Antiguan.

 

Bertsoak



Andoni Egaña

Hau gauaren ederra,

hain larri hain ilun,

hain beltzik hain urdinik

ba ote inun?

Beltzeko ta urdineko

maisu bat bagendun,

Mikel gogoratzean

ze suertea degun!

Hain goxo hain legun

bildu gera egun,

auzotar ezagun,

miresle ta lagun,

oroimina oroipoz

bihur dezagun.



Maialen Lujanbio

Baga biga ta higa,

sorginak kantari,

maite gure bazterrak

lanbroan kabi.

Ta Baztango bazterrak

lekeitioei adi.

Zure diskak bat, bi, hiru,

hamaika, hamabi.

Haika, jeiki hadi

mutxurdin ilargi,

zerura kantari,

zu asmatzen ari,

mundu berri bat gure

herri zaharrari.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia