Esther Ferrer - Artista
Denboraren, espazioaren eta presentziaren artea egiten du. 60ko hamarkadatik. Erantzun gisa. Horrek Espainiako Sari Nazionala ekarri zion iaz. Egun hauetan 'performance'-az mintegia ematen ari da Artelekun.
«Pobre lan egitea erabaki dut»
Ainara Gorostitzu.
DonostiaBehin, gau batez Parisen, Esther Ferrer etxera zihoala Pont Neuf gurutzatzen hasi zenean, oina espaloian jartzearekin batera, bestaldean, zubiaren beste muturrean, gizonezko batek une ber-berean oina zubian jarri zuen. Euria eta hotza egiten zuen. «Pont Neufen erdi-erdian gurutzatu ginen». Hortik performance serie bat egin zuen, ibiltzea oinarri hartuta.
Ez du besterik behar. Ia gehienetan, bere gorputza aski du Esther Ferrerrek (Donostia, 1937) performance-a egiteko. «Pobre lan egitea erabaki nuen. Pobre eta minimal materialki, ez kontzeptualki». Donostian dago egun hauetan. Artelekun hilaren 19a bitartean performance-ari buruzko mintegi bat ematen ari da. «Nik ez dut performance-a irakasten. Lan giro bat sortzea interesatzen zait. Dagoeneko ekintzak egiten dituztenek mintegian hortaz hausnar dezaten nahi dut, eta mundu honetan sartu nahi dutenek ea bitarteko baliagarria zaien erabakitzea». Estilo ariketak egiten dituzte ikastaroetan, praktika. «Performance-aren historia ikasi nahi duenarentzat dagoeneko bibliografia eta dokumentazio ugari dago, baina dokumentazio horrek ez du benetan performance-an garrantzitsua dena jasotzen. Ekintzan garrantzitsuena momentu zehatz batean sortzen den egoera da. Ez kamerek, ez argazkiek ezin dute jaso performance-a gertatzen ari denean bertan presente dauden pertsona guztien artean gertatzen dena, modua, klima». Teoriarik ere ez du lantzen ikastaroetan: «Performance-ak adina definizio eta teoria daude».
Nola definituko zenuke zeuk?
Denboraren, presentziaren eta espazioaren artea da performance-a. Baina hori beste gauza asko ere izan liteke. Leku komun bat da. Performance-a izatez, obra ireki bat da, inprobisaziotik asko daukana, baina baita gerta litezkeen «akzidenteetatik» ere. Performer-ak gertatzen den guztiari irekita egon behar du, guztia da performance-a.
Hiru bat mintegi ematen ditu urtean, «nire lan dinamikan zerbait berezia izan dadin nahi dut, ez dadin errutina bihurtu, mintegi bakoitzari indartsu eta gogotsu heldu nahi diot eta bakoitza berezia balitz bezala landu».
60ko hamarkadan hasi zen honetan. Zaj taldearekin. Walter Marchettik eta Juan Hildalgok Donostiako San Telmo museoan performance bat egin behar zuten eta Jose Antonio Sistiagari ea beraiekin lan egingo zuen emakume bat ezagutzen ote zuen galdetu zioten. Performance hura egin eta gero ere elkarrekin jarraitu zuten lanean, 1996a arte. «Ikaragarri aldatu eta eraldatu da ordutik performance-a. Garai batean, oso mugatua zegoen espazioan eta denboran, eta oso jende gutxik egiten zuen. Baina dantzatik, musikatik, literaturatik, eskulturatik, antzerkitik etorri da jendea performance-ra. Bakoitzak bere bizipena eta ikuspegia ekarri ditu, eta horrek guztiak eraldatzea dakar. Ergela litzateke gaur egungo jende gazteak 60ko hamarkadan egiten zen performance-a egitea». Frankismo garaiak ziren, eta performance-a ezarritakoa haustea zen. «Zerbait desberdina izan zedin nahi zen. Egoera sozial-politiko-ekonomiko eta artistikoa guztiz desberdina zen, eta absurdoa litzateke gaur orduan bezala bizitzea, orduan bezalako ekintza egitea. Arteak gaur dugun giro politiko-sozial-ekonomikoari paraleloki jarraitzen dio».
Hastapenetan performance-a antzerkitik urruntzeko ahalegin bizia egin zuten. «Gaur egun, berriz, antzerki itxura ematen zaio. Zergatik? Muturrak elkartu egiten direlako». Antzerkira jotzen duen performance-a ekintza honen moldetarik bat dela dio. «Performance-a gaur polimorfoa da, niri ez zaizkit forma guztiak interesatzen, noski. Badaude beste eredu batzuk politikoki askoz erradikalagoak direnak... eusteen zailagoak diren jarrerak dira horiek». Haren lana ildo horretan kokatu behar da. «Gaur egun ihardespen politikoa askoz zailagoa da gure garaietan izan zena baino. Artista gazteek gaur egun art engagé [arte konprometitua] egin nahi badute, benetan zaila dute. Baina performer asko daude performance-aren bidez kausa askoren alde borroka egin nahi dutenak».
Feminismoak, adibidez, oso gertuko du performance-a, ezta?
Zorionez, bai! Ez soilik eduki feminista lantzen dutelako. Izan liteke feminista eguneroko bizimoduan, baina ez egin arte feminista. Noski, artistak beti utziko du beretik zerbait obran. Baina feminista askok erabiltzen dute performance-a emakumeen kausaren alde borroka egiteko arma gisa.
Teorizatu duzu sekula zergatik hainbeste emakumek jotzen duten performance-ra?
Ez dut gehiegi hausnartu gaiaz. Emakumeak bere gorputzarekin duen harremana eta gizonak bere gorputzarekin duena desberdinak dira. Performance-ak presente egotea eskatzen du. Emakumeak aurkezten diren problematikei erantzuteko gaitasun handiagoa duela uste dut, oro har, emakumea polimorfikoagoa da. Gizonezkoa dimentsiobakarra da gauza askotan, emakumea moldagarriagoa da, askotarikoagoa da, soluzioak azkar aurkitzeko gaitasun mental handiagoa eta azkarragoa du. Gizonezkoak baino praktikoagoak dira arazoak konpontzeko garaian, eta hori dena oso baliagarria da performance-an. Dena den, hau guztia berria da. 70eko eta 80ko hamarkadetan oso emakume gutxi ziren performer-ak.
Garai horietarako, 70eko eta 80ko hamarkadetarako, Parisen bizi zen Ferrer. Hego Euskal Herrian zegoen frankismo hertsitik ihesi joan zen Parisera. Emigrante. «Emigrantea naiz. Emigrante moduan joan nintzen Frantziara, eta badakit jendeak ez duela emigratzen plazerez». Horregatik, iaz Madrilgo Reina Sofia museoan egin zuen performance-an Europako mugetan sartzen ahalegindu ziren hildakoen omenez egin zuen ekintza. «Erakusketa egin aurreko egunetan egunkarian irakurri nuen 1.863 emigrante hil zirelako albistea. Mindu egin ninduen. Gauza hauek desegin egiten naute, benetan, desegin egiten naute. Beharrezko ikusi nuen emigranteei buruzko performance-a egitea. Guztiz garrantzigabea, hutsala eta friboloa iruditzen zitzaidan beste ezer egitea, ez nuen ezertarako gogorik». Bi egun lehenago erabaki zuen performance-a aldatuko zuela. 20 lagun jarri zituen 1.863 arte zenbatzen. Ondoren, minutu batez isilik gelditu ziren guztiak.
Emigratu zueneko lehen urte haietan, lan ugari egin behar izan zituen bere artelanak burutu ahal izateko. «Bakoitzak bere bizimodua aukeratzen du, nik neure gain hartzen ditut ondorioak. Ni ez naiz soilik performance-tik bizi, oso diru gutxi ematen du. Baina gonbidatzen nauena erakunde bat baldin bada, edo diru laguntzak baldin baditu, nik kobratu egiten dut. Noski. Nire lana da. Iturgin bati ordaintzen badiote, niri zergatik ez didate ordaindu behar?». Zajen hastapenetatik ordain ziezaieten egin zuten. «Doan egiten badut, nik hala nahi dudalako izango da». Egun bai, egun bere artetik bizi da. «Erakusketak egiten ditudalako, ikastaroak ematen ditudalako, hitzaldiak...»
Egun hauetan Parisen du erakusketa bat. 2008ko Espainiako Sari Nazionalari esker irabazi zuen diruarekin zabaldu du erakusketa. «Neuk ordaindu dut, nik irabazi dudan diruarekin. Saltzen badut, berreskuratuko dut jarri dudan dirua, bestela ez». Baina gutxirekin bizi dela dio, ez duela gauza handirik behar. «Pobre lan egiten dut, gustukoa dut. Hori da aukeratu dudana. Ez lanean ez egunerokoan, ez zait gustatzen kontsumitzea, erostera joatea gorroto dut, arropa erosi eta etxera ekarriko lidakeen norbait izango banu, zoriontsu egingo ninduke. Izorratu egiten nau erosteak!».
Egungo artista gazteen errealitatea beste bat dela ikusten du. «Nik egiten eta ulertzen dudan performance-a egiteko ez dut ezer behar, neure burua soilik. Batzuetan ezta mahai bat ere ez dut behar izaten. Baina gaur egun bestelako bitartekoekin lan egiten duten artistak daude, ordenagailuekin, sintetizadoreekin... argi eta soinu sistema garestiak behar dituzte...
Dirua.
Eta hori nola lortu? Erakundeetatik, edo mezenasarekin, edo enpresa batetik. Teknologiaren garaia da gaur egungoa, eta oso normala da horrekin artea egitea gaur egun... baina horrek erakundeen mendeko egiten ditu artista gazteak. Horrek performance ikusgarriak egitea dakar, erakundeek nahi dutena, ekintza bat espektakulu bilakatzea. Lan egiteko sistema ere aldatzen da: ordenagailuak ezin dituzu utzi kalean, gordeko dizkizun norbait behar duzu... Nik ez dut guardia bat behar erabili ditudan edalontziak zaintzeko, apurtzen badizkidate, berehala lor dezaket beste bat. Nik ez dut sistema horretan sartu nahi. Batzuetan onartzen duzu sisteman sartzea: Veneziako biurtekoan parte hartu nuenean adibidez, oso kontzienteki onartu nuen sisteman sartzea».
Ez du esan nahi teknologiei bizkarra emanda bizi denik. «Teknologiak hor daude, baliatzeko». Baina berak ez du teknologiak «estudiatzen» hasteko denborarik: «Egiten dudana gehiegi interesatzen zait, alboratu eta teknologiak ikasten jartzeko, eta, gainera, ez dut denbora hori ordaintzeko dirurik. Ezerezarekin lan egitea gustatzen zait. Hori da nire gustukoa. Ezerezarekin lan egitea, eta birziklatzea».
Azken batean Esther Ferrer da Esther Ferrerren obra. Objektua. «Nik nire performance guztiak neuk egiten ditut. Emakumea naizenez, emakumearen gainean lan egitea erabaki nuen. Ez nintzen bakarra garai hartan gorputza lantzen zuena, body art-a zegoen, noski». Bere sexua erretratatzen hasi zen. «Bizitza intimoan eta harremanetan garrantzi handiko urteak izan ziren 70eko eta 80ko hamarkadakoak. Asko aurreratu genuen. Emakumearen, homosexualen, lesbianen, transexualen eta trabestien borrokan urrats handiak egin ziren, beren izateko modua errespeta zedin».
Ekonomikoagoa ere izango zen zeure buruarekin lan egitea.
Noski! Nik ez nuen sekula modelorik erabiltzen. Nire lagunei eskatzen nien modelo lanak egiteko. Eta beti eskura nuen neure burua. Argazkiak hautsi, josi, margotu egin nahi nituen...eta ezin nizkion jendeari bere argazkiak eskatu gero hausteko eta pintatzeko. Superstiziosoa da jendea horrekiko. Eta ezin nien gezurra esan, eta neuk egitea erabaki nuen. Horrela egin ahal izan nuen autoerretratuen seriea. Bestela, pertsona bera bilatu behar nuen bost urtean behin...
Zeu agertzea ez ote da artistaren banitate kontua?
Ez dut uste. Agian inkontzienteki bai, baina ez dut uste. Gainera, ez naiz edertzen argazkietarako.
Serio jarri da elkarrizketarako argazkiak egitean. «Ez zait gustatzen argazkietan nola ateratzen naizen». Bitxia da, denboraren iragaiteaz hausnartzeko eginiko autoerretratu seriean bere burua erretratatu baitu hamaika urtetan, ehunka argazkitan. «Denborak asko lantzen nau». Zimurrak ditu eskuak eta aurpegia. Guztiarekin mintzo da. Bizi eta indartsu.
Performance bat lantzean pentsatzen duzu ikusleengan?
Ez. Inoiz ez. Ez dut sekula ikusleengan pentsatzen. Ez zait batere inporta ikusleen erantzuna eta erreakzioa. Nahi badu parte har dezake, baina nik, ahal badut, egin nahi dudana egingo dut. Ezin badut, gorabehera bat badago, zerbait gertatzen bada, modu askotara erreakziona dezaket: norbait zalapartaka hasten bada eta interesatzen bazait beste pertsonarekin kolabora dezaket, edo berari begira pasibo gera ninteke... baina horrek guztiak performance-a osatzen du. Une horretan gertatzen dena garrantzitsuagoa da nik egin nahi nuen performance-a bera egitea baino. Etortzen diren guztiek nik adina askatasun dute parte hartzeko, eskua sartzeko... Ez badute nahi, eskubide guztia dute ez esku hartzeko. Ez dut ez bilatzen ez ukatzen ikusleen parte-hartzea. Bost axola zaizkit ikusleak.
Ez instituzioei eta ez ikusleei ez die, beraz, begiratzen performance bat lantzean. «Interesatzen zaidanaz egiten dut lan. Esaldi bat, irudi bat edo albiste bat izan liteke performance bat fabrikatzen hasteko abiapuntua».
Denboraren iragaiteaz egin zuen lehenperformance-a irudi batetik abiatu zen: «Estudio oso txiki batean bizi nintzen, eta atearen parean mahai bat zegoen. Atea irekitzean, mahai gainean bi edalontzi ekidistante zeuden, mahaian perfektuki zentraturik. Irudi horretatik performance bat egitea erabaki nuen. Etxetik irten aurretik nire bila etorri zen lagun bat, eta biok ura edan genuen, eta nahita ere ezingo genituzke hain neurtuta utzi basoak. Irudi horrek performance bat merezi zuela erabaki nuen».
Esther Ferrerren ibilbidea ezin da gainbegiratu John Cageren izena aipatu gabe. «Cageren pertsonalitate artistikoa eta artearen aurrean zuen jarrera niretzat ikaragarriak izan dira. Cagerekin ikasi dut entzuten eta aditzen. Nik lehenago munduaren hotsak beste modu batean entzuten nituen, orain entzumen aukera zabala dut, eta tik eginarazi zidana Cage izan zen». Zorionekoa dela dio. «Kalean, fabriketan, tren geltokietan beste modu batean entzuten ditut soinuak, eta jakin-mina pizten zait». Gaur egun, guztiak eragin diezaion uzten du. «Baina nire erreferentzia handiak Cage, futurismoa eta Dada izan dira, eta Henry David Thoreau. Ekialdeko munduak eta budismoak ere asko eragin didate. Ezin da ahaztu 60ko eta 70eko hamarkadetan ekintzaren munduko izen handiak Ekialdekoak zirela, Japoniakoak edo korearrak».
Absurdoaren eta minimoaren performer-ak, astronomoa edo linguista izan nahi luke hurrengo bizian.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
