Orain lau urte eta erdi hil zen Miquel Bauça mallorcarra. Abel Cutillas idazle gazteak bere azken liburuan berpiztu du orain, 'La mort de Miquel Bauçà' izenekoan (Miquel Bauçaren heriotza).
Idazlearen heriotza anitzak
Aritz Galarraga.
Jaiotzea hiltzen hastea bada, 1940ko otsailaren 7an hasi zen hiltzen Miquel Bauça idazlea, Mallorcako Felanitx herrian (Herrialde Katalanak). Eta azkena orain lau urte eta erdi eman zuen Bartzelonako bere etxean, Les Corts auzoan. 2004aren amaieran, edo 2005aren hasieran, ezin zehatz jakin. Egunak eman zituen han zerraldo, ohean, bizilagunek kiratsa igarri zuten arte. Egunak eman zituen Bauçaren gorpuak usteltzen. Berriki, ordea, idazle gazte batek, Abel Cutillasek (Vinaixa, Lleida, Herrialde Katalanak, 1976), Bauça berpiztu du bere azken liburuan, La mort de Miquel Bauçà izenburu duen lan berezian. Mallorcako idazlearen bizitza eta obrari egin zaion lehen gerturatze literarioa da, bide batez.
Ideia argigarri batekin ematen zaio hasiera liburuari: heriotzak, heriotza izugarriak ekarri zion sona Miquel Bauçari. Horrexegatik esaten da Bauçaren kasuan hasteak eta bukatzeak ez dutela ohiko ordena gordetzen. Sari bakanak jaso zituen bizitzan, errespetatua zen gremioko lagunen artean eta bere liburuek irakurle fidelak izan zituzten. Baina hil ondorenean, eta telebista publikoaren eskutik, indarberritu zen benetan Bauça, eta liburu dendetako erakusleihoak betetzen hasi zen, eta literatur munduko jendearen ahoa betetzen. Bizitza osoan zehar izan zuen atentzio falta, mirespen bilakatu zen, gizona hiltzearekin bat. Bauça hilda, denok haren zale. Ironia ez gutxirekin, katalanena kultura klasikoa dela dio Cutillasek: «Ez dugu askorik sinesten bizitzan izandako arrakastan. Hiltzeko gogoa sartzen zaio bati!».
Ehorzlea eta ehortzia
Autoreak berak, biografia bainoago, mortografia gisa aurkeztu duen liburua autoehorzketa batekin hasten da. Idazlearen biografiako gertaerarik ezagunenetakoa da: Felanitx kanpoaldeko olibondo zelai batean rulota zuen Bauçak, eta egunero ordu batzuk ematen zituen inguruko lurra ateratzen, pixkanaka rulota lur azpian utziz. Ehorzlea eta ehortzia, biak bat eginda. Bukatu, berriz, El canvi. Des de l'Eixample liburuan azaltzen den ehorzte literarioarekin bukatzen da mortografia hau. Tartean, baina, izan ziren ehorzketa gehiago, letra katalanetako gizon-emakumeen aurrean Bauçak egindako ehorzketa soziala, Eixample auzoan antzeztu zuen ehorzketa literarioa edo bere gorpu identifikatu gabea, nahi gabe, fosa komun munizipalean ehortzi zutenean ia. Bizitza osoa bere burua ehorzten eta desehorzten pasatu izan balu bezala.
Lagun batek bilakatu zuen Cutillas Bauçaren irakurle obsesibo: «Carrer Marsala irakurtzen hasi ginen, El vellard. L'escarcellera etorri zen gero eta, beranduago, El canvi. Des de l'Eixample, noski. Carrer Marsala eta El vellard. L'escarcellera liburuak biziki maite izan genituen. El canvi lana ez dut esango maite izan genuenik. Dardara konplexuago bat eragin zigun liburu horrek. Liburu bat bainoago, koordenada mapa bat izan zen guretzat. Eta ez dut metafora hegoamerikar bat egin, literalki diot: liburua Miquel Bauça, poeta ikusezina, aurkitzen saiatzeko erabili genuen». Zalantza egin gabe irakurtzen den autorea da Bauça, Cutillasen hitzetan: «Irakurtzen duzu eta barru-barruraino sartzen zara, leporaino. Carrer Marsala dastatzearekin batera, edo El crepuscle encén estels bildumako poemekin, Bauça zale porrokatua bilakatu nintzen».
Carrer Marsala da, hain zuzen, itzulia dagoen Bauçaren lan bakarra. Frantsesera: Rue Marsala. Kontua da, segurtasun klausula bat utzi omen zuela idatzita, zeinean debekatzen zuen bere liburuak gaztelaniara edo frantsesera itzultzea. Hori dela eta, erabat ezezaguna da Bauça katalanez mintzo diren herrialdeetatik kanpo. «Prestigioak usteldu du poesia», aitortzen du liburuko pasarte batean Cutillasek. Eta antzeko zerbait pentsatuko zuen Bauçak, bere bizitzako azken urteetan poesia abandonatu baitzuen. Liburuan irakur daitekeen bezala, Els estats de connivència, Els somnis, Rudiments de saviesa eta Certituds immediates, Bauçaren azken liburuak, ez dira jada poesia liburuak, ez dira liburuak ere: otoitzerako testu bildumak dira, misalak, zutabe bikoitzean ordenatuak, autorearen desioari jarraiki. «Genero hori besarkatu zuen Bauçak poesia utzi zuenean: otoitzerako testuak», dio Cutillasek, Mallorcak inoiz eman duen poeta handienetako baten bizitza (eta heriotzak) biltzen dituen lanean.
Idatzia
Autobiografia
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
