Hilberria
KOKO TAYLOR
BLUESAREN ERREGINA
Bluesa nire bizitza da. Bihotzetik sortzen den egiazko sentimendu bat da, ez nire ahotik ateratzen den zerbait. Bluesa maite dut, eta beti egingo dut bluesa». Koko Taylor -jatorrizko izena Cora Walton zen- Tennesseen (AEB) jaio zen, 1928ko irailaren 28an. Txokolatea jateko zaletasunarengatik jarri zioten Koko goitizena, eta Robert Taylor Pops senarrarengandik hartu zuen abizen artistikoa. 18 urte zituela, B.B. Kingek egunero aurkezten zuen irratsaio laburra entzuten zuen, eta horrela ezagutu zituen Muddy Waters, Bessie Smith, Memphis Minnie, Sonnyboy Williams... Gurasoek gospel musika abestera bideratu nahi izan zuten, baina bi anaien laguntzaz eta etxean egindako instrumentuekin bluesaren bidea jorratzen hasi zen.
1952an, Chicagora aldatu zen senarrarekin, lan baten bila. Familia aberats baten etxean aurkitu zuen, garbitzaile gisa; gauean eta asteburuetan Chicago blues aretoetara joaten zen senarrarekin. «Denek ezagutu nahi gintuzten. Gizonek berekin eseritzera gonbidatzen ninduten, eta, gero, zerbait kantatzeko eskatzen zidaten». 1962an Willie Dixonek kontratu bat lortu zion Chess diskoetxearekin. Hark idatzitako Wang Dang Doodle kantuak ekarri zion ibilbideko arrakastarik handiena, 1966an, eta areto handietan eta jazz jaialdietan kantatzen hasi zen, baita Europan ere. Chess diskoetxeak erreka jo ondoren, 1975ean Alligator Recordsekin sinatu zuen Taylorrek, baina ez zuen hasierako arrakasta hura inoiz berdindu.
Bederatzi disko grabatu zituen Alligatorrentzat, eta zazpi alditan izendatu zuten Grammy sarietarako. Behin bakarrik lortu zuen, 1985ean, Queen of the Blues lanarengatik, blues tradizionaleko diskoen atalean.
Koko Taylor herenegun hil zen, hesteetako odol jario baten ondorioz ebakuntza egin ostean.
JON ESKISABEL
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
