Iristea baino zailagoa omen da eustea. Ez beti. Sei urte igaro ziren taldea sortu zenetik lehen diskoa atera arte; tarte berean beste lau kaleratu ditu. '4' disko berrian lelo zuzenetara itzuli da Seiurte.
Pop melodien munizioa
Jon Eskisabel.
Disko bat argitaratzeko diskoetxeen arreta bereganatzea ia beste biderik ez zegoen garaikoa da Seiurte; hortaz, kostatu zitzaion lehen diskora iristea, baina Bapatean (Metak, 2003) kaleratuz geroztik, ia ez da gelditu taldea. Iokin Elortzak (ahotsa eta gitarra) ez du uste hain azkar joan denik taldearen ibilbidea. «Lehen bi diskoak etorri ziren oso segidan, baina hirugarrenaren [Jauzia, 2006] eta laugarrenaren artean tartea egon da». Durangoko Plateruena kafe antzokian grabaturiko zuzeneko diskoa kanpoan utzi du Elortzak. «Disko hura ez zegoen aurrez pentsatuta, kontzertua grabatu zen eta entzun ondoren erabaki genuen argitaratzea». Jauzia bezala, Estoldetan zigiluan argitaratu zuen taldeak berak. Orain Baga Bigaren babesean kaleratu dute 4, estudioko laugarren diskoa. «Oraindik beharrezkoak dira diskoetxeak, ez bakarrik lan handia kentzen diotelako taldeari diskoaren promozio eta banaketan, baita norbaitek egin behar duelako iragazki lana taldeen artean ere».
Hamabi urte pasatu dira Iokin, Iñaki (gitarra) eta Ekain (bateria) anaiek eta Julen Oarbeaskoak (baxua) Seiurte osatu zutenetik, eta iaz taldearen geroa birplanteatzeko beharra sentitu zuten, Ekain Elortza Madrilen bizi dela eta han bere proiektuak (Dinero) dituela kontuan hartuta. Geldialdi bat egiteko aukera aztertu zuten, baina aurrera segitzeko gogoak irabazi zuen. Jauzia-n «bai konposizioen aldetik bai soinuaren aldetik» aurrerapauso handia eman ostean, jatorrizko soinura itzuli da Seiurte lan berrian, pop melodietara eta kantu zuzenetara. «Jauzia rockzalea zen, eta gu oso gustura geratu ginen. Kritika onenak disko horrekin jaso ditugu, nahiz eta gehien saldu dena Ekizu den (Metak, 2004). Oraindik ez dugu perspektibarik lan berria epaitzeko». Rafa Aceves pianistak (Txuma Murugarren, Mamba Beat) egindako ekarpena eta gitarra akustikoen erabilera dira lan berriak, moldaketei dagokienez, ekartzen dituen berrikuntza nagusiak.
«Hemen gaude, boxeatzaileen antzera, zure aurpegiaren bila, esku artean gure munizio guztia gastatzeko prest, beldurrik gabe», diote diskoa irekitzen duen kantuan, Hemen gaude-n. Melodia kutsakorrak, lelo zuzenak eta energiarik galdu gabe zaindutako soinu lan ona dira Seiurtek 11 kantuetan jaurtitzen duen munizioa. Pop britainiarrari begira egon da beti Berrizko laukotea (Bizkaia), baina azkenaldian Espainiako talde independenteetan ere arreta jarri dute. The Unfinished Simpathy eta Standstill aipatu ditu Iokin Elortzak, baina Bakoitien errepidean-en hasiera akustikoak eta sitarraren erabilerak (Karmasutra) Pereza ekartzen dute gogora. «Ez naiz horretaz konturatu zuk esan arte, baina egia da. Beharbada kantu horrek [Estrella Polar] uste baino arrasto sakonagoa utzi du nire inkontzientean».
Arrastoa uztea merezi duten kantu bat baino gehiago dago 4-n (Bakoitien errepidean, Hey DJ!!...), baina guztietatik Superlenda nabarmentzen da. «Lehendakaria salgai, polita eta merkea. Eskuratu ezazu, zure esku daukazu (...) Super-heroien artean berriena», dio kantuak. «Azken hauteskunde kanpainan idatzi nituen hitzak. Obamarena eta gero, ematen du gaur egungo superheroi bihurtu direla politikariak. Kantua ez da oso serio hartu behar. Niretzat badu esanahi zehatza, baina ez dut azaldu nahi. Nahiago dut bakoitzak nahi duen bezala ulertzea».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
