Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:40

tartea;2009-05-28;Argi Aldian. Hobbit

Argi Aldian

Mikel Iriondo. - EHUko Antropologia irakaslea

Hobbit

Gizakien eboluzioaren inguruan, azken urte hauetan izandako aurkikuntzarik garrantzitsuena Indonesiako Floreseko uhartean gertatu zen 2003. urtean. Urtebete beranduago argitaratuta, Floreseko gizakiaren aurkikuntza ezuste itzela izan zen. Metro bateko altuerarekin, bere burmuinak 417 zm3-tako bolumena zuen, gaur egungo gizakiaren bolumenaren tartetik kanpo (1.000-2.000 zm3), txinpantzeen bolumen-tartean eroso egokitzen zelarik (320-480 zm3). Aldi berean harrizko tresnak egiteko eta erabiltzeko gai omen zen berarekin batera aurkituriko tresneriak adierazten duen moduan. Azken urte hauetan ohitura denez fosilei izen arruntak ematea, bere altueran oinarrituta, Homo floresiensis-ari hobbit ezizena eman zioten. 2005. urtean, beste 8 indibiduoen aztarnak plazaratu zituzten, aztarnarik zaharrenek 94.000 urte eta berrienek 13.000 urte zituztelarik. Kranio berririk ez zegoen, baina aurkituriko hezurrek altuera baxuko indibiduoak zirela ere iradokitzen zuten.

Ikerlari askok ezin zuten onartu txinpantze baten bezalako zerebro txikiarekin posible zenik harrizko teknologia edukitzea. Ikerlari horientzat ezinezkoa zen espezien berria izatea eta, hortaz, gure espezieko indibiduo gaixoak zirela esan zuten. Proposaturiko gaixotasunen artean, mikrozefalia, Laron sindromea (hazkuntzaren hormonarekiko sentikortasun eza) edo hipotiroidismoa (glandula tiroidearen urritasuna) zeuden. Gaixotasun horien ondorioz, indibiduo helduek altuera eta pisu gutxi lortzen dute eta zenbait kasutan (mikrozefaliaren kasuan batez ere) zerebroak ere tamaina txikia lortzen du.

Hala ere, animalien txikitze prozesuei buruzko adibide ugari bildu dira, bereziki uharteetan gertatutako prozesuak izan ohi direlarik. Tamainak, harrapakarien aurkako babesa eskaintzen duenez eta irla txikietan harrapakari gutxi egon ohi denez, harrapakarien presiorik gabe animaliak ez dira zertan handiak izan. Aldi berean, irla txikietan baliabide naturalak mugatuak izan ohi dira, eta animali txikiek elikagai gutxiago behar dutenez, eboluzioak txikitzearen alde egin dezake. Orokorrean, irla txikietako ugaztunak untxiak baino handiagoak direnean txikitzera jotzen dute, ugaztun txikiek aldiz aurkako joera izaten dutelarik. Horrelako adibide ugari daude, eta zehazki Floreseko uhartean, Stegodon generoko elefante nanoak eta Papagomys generoko arratoi erraldoiak bizi ziren, Floreseko gizakiarekin batera. Horiekin batera, garai hartako uharteko harrapakaririk handienak Komodoko dragoia eta beste barano erraldoi bat baino ez ziren.

Poliki-poliki, 2003. urtean egindako aurkikuntzak analizatuz eta argitaratuz doaz. Horrela, 2007. urtean Homo floresiensis eskumuturraren egitura argitaratu zuten eta aurtengo maiatzean oinaren egituraren analisia plazaratu dute. Bai eskua bai oina aztertu ondoren ezberdintasun nabariak aurkitu dituzte Floreseko gizakia eta gure espeziearen artean. Eskumuturreko eta orkatilako hezurtxoek ezaugarri primitiboak dituzte. Bereziki, aurten plazaratu dituzten datuek, orain dela 2 milioi urteko Afrikako Homo habilis edo zaharragoak diren Australopithecus-ekin lotzen dute Homo floresiensis-a.

Aurten argitaraturiko Floreseko gizakiaren oinak behin betiko frogatzen du Floreseko uhartean isolatuta bizi izan zela, jatorri zaharrekoa zelarik, agian 2 milioi urte baino gehiagokoa. Garai hartako gizakiak, Afrikako Homo habilis-a adibidez, tamainaz txikiak ziren, harrizko tresnak erabiltzen zituzten eta bolumen kranial txikia zuten (500-600 zm3). Floreseko gizakia, garai hartako Homo generoko espezieren baten ondorengo litzateke. Gu, hemen, Santimamiñe edo Ekaingo irudiak marrazten geundela, oraindik genituen gizaki hauek Floreseko uharte urrun horretan. Badirudi, orain dela 12.000 urte Floreseko irlan gertaturiko sumendi baten eztandak katastrofikoak akabatu zituela. Edo egongo al da oraindik talderen bat Floreseko ohian sakonetan galdurik?

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia