Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:32

kultura;2009-05-28;A cappella. Nork bere arrazoi (Nacha Pop, 1985)

Nork bere arrazoi (Nacha Pop, 1985)

A cappella

Fermin Etxegoien

Kaletik nindoala aurreko batean topo egin nuen Edu Ranedo adiskidearekin. Ruta 66 aldizkarian asko idatzitakoa da, baita Radio Euskadin kolaboratzaile oparoa izandakoa ere. Zera esan nion:

Edu, emazte ohiak deitu zidan esateko asko gustatu zitzaiola Tom Pettyri buruz egin zenuen monografikoa.

Eman zidan erantzunak erabat harritu ninduen.

Kontxo, niri ere deitu zidan...

Nola zuri ere deitu zizula -printzipioz emazte ohiak eta Eduk ez baitute elkar ezagutzen-. Esaten ari zara nire emazte ohiak deitu zizula monografikoagatik zoriontzeko?

Ez, ez, nireak!

Laburbilduz; nire emazte ohiak deitu zidan Eduk eginiko Tom Pettyren monografikoa oso gustura entzun zuela esateko, baina era berean Eduren emazte ohiak ere berari deitu zion gauza beragatik zoriontzeko.

Aspaldiko partez izan dugun elkarrizketarik goxoena, esan zidan Eduk, itxuraz motiborik gabe emazte ohiak deitzen ziola ikustean kontrakoa pentsatu baitzuen lagunak.

Ui, ui, ui... marroia habemus.

Pasadizoarekin oroitu nintzen Antonio Vega hil zitzaigun egunetan. Zenbat negar-malko duela bi aste! Ez denak Antoniogatik, aitor dezagun, gehienak gure bizitzagatik baizik.

Antonioren melodia garbiak eta metafora argitsuak entzunda, nork bere bizitzan pentsatzen du, Antoniori zehatz-mehatz ezer ulertzen ez bazitzaion ere. Hala eta guztiz, gure bizimodu pribatu-modernoaz argibide handiak eman zizkigulakoan nago, zortzi-hamar bat kanturen bidez.

Produkzio urria ematen du, gainera esan liteke zortzi-hamar kantu horiek beti ematen dutela kantu bera, baina beste hainbeste esan liteke gu gehienon bizitza indeszifrableaz ere.

Antonio Vega madrildar-espainola. Euskaraz ez da pop musikarik egon, noski, pop-a modernista delako eta euskaldunok, ordea, erresistentzia egoeran bizi gara. Ez modu pribatuan, gainera, baizik eta herri gisa. Ondorioz tradizioari eutsi behar diogu, jasotakoa gorde eta zaindu, horrela ez dago moderno izaterik.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia