Bloga
Teknopataren txokoa
Gmail euskaraz: globalak gara!
Gmail euskaraz jarri dutela jakin dugu gaur, eta lehenengo erreakzioa, nola ez, poza izan da. Azkenean, urte mordoa eskean pasatu ostean, Googlek erabiltzaileok aspaldi egindako euskaraketa erabiltzen uzteko mesedea egin digu. Eskerrik asko, bada!
Baina, Gmail bezalako zerbitzu bat euskaraz erabiltzeko aukera izateak sortutako poza ukatu gabe, badira hari lotutako hausnarketa kolateralak, albistearen gainean argi-ilunak zabaltzen dituztenak:
Globalak gara! Googlek bere zerbitzuak euskaraz eskaintzeko erabakia hartu izana pozgarria da euskaldunontzat: euskaldunok munduan jartzen gaitu horrek. Gustatu ala ez, bizi garen merkatu globalizatuan horrelako multinazionalek kontuan hartu behar gaituzte aurrera egin nahi badugu, eta badirudi egiten hasiak direla. Baina, ai! Goiko bideo horretan Picarden eskifaiakoek sentitzen ziren bezalaxe sentitzen naiz neu ere neurri handi batean. Zerbitzuaren truke, Googlek asimilatu egingo gaitu: gure informazioa bereganatu, prozesatu eta bere onerako erabiliko du. Akabo 'gure territorio libre bakarra', behin G handiak euskararekiko interesa garatu eta analizatzeko sistemak sortzen hasiz gero.
Batzuek lana eta besteek fama. Merkatuak elkarrizketak dira eta Ez dago sekreturik. Elkar-konektatutako merkatuek enpresek baino gehiago dakite hauen produktuez. Albistea ona edo txarra izan, jende guztiari kontatzen diote. Baten bati ahaztu egin zaio Cluetrain manifestua (haietako zein? Lehendakariak esango lukeen moduan) eta euskaraketaren meritua berea ez beste inorena dela hasi da zabaltzen lau haizetara. Benetako euskaraketa lanak erabiltzaileek aspaldi egin zituztela, eta erabiltzaile horiek elkarrekin konektatuta daudela ahaztuta. Eta noski, produktuari berari egileak baino gehiago dakien merkatu hori biziki haserretu da, arrazoiz gainera.
Enfin... pozteko moduko albistea, bai, baina argilun nabarmenak ere badituena...
Ah! Bide batez, hona zer egin behar duzun Gmail euskaraz erabiltzeko:
Lehenik eta behin, izena eta pasahitza sartuta bere Gmaileko kontura sartu behar da erabiltzailea. Ondoren, Hegoaldekoentzat, orrialdearen goialdeko eskuinaldean azaltzen den Configuracion delakoan klikatu behar du eta behin hor sartuta, Idioma de visualización de Gmail hautatu behar du. Nola hautatu hizkuntza? Oso erraza da. Automatikoki español agertzen den zerrenda horretan euskara aukeratu besterik ez da egin behar. Horretarako, bertan agertzen den gezi alderantzikatua zanpatu eta español aukeraren ostean dagoen euskara hautatu behar da.
Iparraldeko euskaldunontzat, hauek argibideak: Paramèmtres delakoan klikatu eta hor Langue d'affichage de Gmail hautatu behar da. Automatikoki français agertzen den zerrenda horretan euskara aukeratu besterik ez da egin behar.
Poztu gaitezen, beraz, baina esajeratu gabe!
@Joxe Rojasek maiatzaren 25ean Teknopataren txokoa izeneko blogean idatziriko artikulua. Testu honek jatorrikoak dituen lizentziak gorde eta mantendu egiten ditu.
http://www.teknopata.net/
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
