Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:28

KULTURA;2009-05-16;Ostrakak, epaileen esku orain. Iruņa-Veleiako aztarnategian agertutako idazkunen ustezko faltsutasuna baino gehiago, egiletza norena den argitzen ari da Gasteizko Lurralde Auzitegiko lehen aretoko epailea. Susmagarrien artean, Eliseo Gil bera dago.

Iruña-Veleiako aztarnategian agertutako idazkunen ustezko faltsutasuna baino gehiago, egiletza norena den argitzen ari da Gasteizko Lurralde Auzitegiko lehen aretoko epailea. Susmagarrien artean, Eliseo Gil bera dago.

Ostrakak, epaileen esku orain

Alberto Barandiaran.

Veleiako idazkunen inguruko afera amaigabea fase berrian sartu da. Orain, ia 5.000 orriko informazio sorta ez dago zientzialarien mahaietan aztergai. Orain, epaile batek dauzka eskura ehunka argazki eta hamaika txosten tekniko, erabakitzeko inork, Iruña-Okako aztarnategian, Arabako kultura ondareari kalte edo administrazioari iruzur egin dion. Orain, errudunik ba ote dagoen bilatzen ari dira. Idazkunak, irudiak edo zeramikak ez dituzte, orain, aztertuko. Eskua bilatuko dute orain.

Arabako Foru Diputazioak duela bi hilabete erabaki zuen aurrerako urratsa egitea. Ordura arteko prozedura administratiboa nahikoa ez zela eta, zigor aretora pasatu behar zuela sinetsita zegoen Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuaren aholkularitza taldea. Zergatik? Une delikatua da, epaileak oraindik erabaki behar du zer frogak eskatuko dituen, eta azkenean ahozko epaiketa zabalduko duen, eta zuhurtasuna da nagusi, baina Diputazioaren zerbitzu juridikoek uste dute unea iritsi zela. «Nahikoa aztarna» zituzten pentsatzeko iruzurraren atzean erantzuleak bazirela.

«Ez zuen zentzurik gehiago itxaroteak», diote Diputazioan. «Gainera, kereila aurkezten bagenuen, gu ere prozesuaren parte bilakatzen ginen». Hau da, epaileak erabakitzen zuena ezagutzeko aukera izango zuten. «Baikorrak gara», azpimarratu du Lopez de Lacallek. «Kasuari buruzko argibide andana justiziaren esku jarri dugu, eta epaileak zer gertatu den argitu ahal izango duela espero dugu».

Zer gertatu zen horrek, nork egin zuen esan nahi du.

Fiskalarekin ika-mika

Iaz, Diputazioak berak osatutako adituen batzordeak idazkunen faltsutasuna erabaki zuenean, Foru Diputazioaren zerbitzu juridikoek frogak fiskalaren esku uztea erabaki zuten. Ordurako bide administratiboa hasia zegoen, balizko irregulartasunak eta arduragabekeriak argitzeko. Prozeduraren amaieran, isun administratiboak zeuden. Baina abenduaren 5ean, Diputazioak salaketa jarri zuen Lurralde Auzitegian, fiskalak azter zezan ondare kulturalaren aurkako atentatuaren zantzuak ote zeuden.

Bide horrek ez zuen askorako eman. Josu Izagirre fiskal nagusiak Diputazioaren lana kritikatu zuen, «eskas landutako salaketa» eramateagatik, eta «presaz jokatzea» leporatu zion. Xabier Agirre diputatu nagusiak berak erantzun zuen, «bakoitzak bere lana» egiten zuela eta arduraz jokatzen ari zirela.

Diputazioko barne iturriek garbi dute, ordea, fiskalaren jarrera ez zela onena horren afera korapilatsua aurrera eramateko. «Ez zuen ezer egin. Ez zituen agiriak edo paperak eskatu. Ekimena hartzeko eskatu genion eta erantzun zigun guk jarraitzeko, ez egoteko geldirik». Prozedura ez aurrera ez atzera geratzeko arriskua zegoela eta, epailearengana zuzenean jotzeko erabaki zuen Diputazioak. Horixe egin zuen joan den martxoaren 24an.

Salaketa kriminala izanda, izenak behar dira. Hiru eman zituen Diputazioak: Eliseo Gil Veleiako aztarnategiko zuzendaria, Ruben Cerdan taldeko fisikaria eta Oscar Escribano geologoa. Aurreko biei iruzurra leporatzen die, uste baitu frogatutzat eman daitekeela Veleian analitika faltsuak erabili zirela, eta horiek diru publikoarekin ordaindu zirela. Halaber, Gil eta Escribanori kultura ondarearen aurkako erasoa egotzi die Diputazioak.

Kereila aurkeztu eta hilabetea joan zen, hala ere, epailea lanean hasi baino lehen, epaitegien arteko liskar teknikoa sortu baitzen kasuaren ardura nork hartuko erabakitzeko. Azkenean, epaile dekanoak agindu behar izan zuen. Berez, epaiketa mediatiko horren ardura ez hartzeko uzkurtasun hori, hain zuzen ere, presio mediatikoa omen da. Dekanoaren erabakiarekin batera, kereila tramiterako onartu zen. Eta auzia sekretupean geratu zen. Epaileak Diputazioak aurkeztuko frogak aztertuko ditu orain, ikusteko aski zantzuak ote dauden norbait akusatu eta epaiketa hasteko.

Hori jakin bezain pronto, aztarnategiko indusketa zeraman Lurmen enpresako akusatuek Diputazioaren aurkako salaketa jarri zuten. Lehendabizi, egoitza bortxatzeagatik. Hau da, aztarnategian zeuden etxoletan baimenik gabe sartzeagatik. Ondoren, irainengatik; hau da, ustez haien aurkako adierazpen onartezinak jaurtitzeagatik. Azkenik, koakzioengatik eta prebarikazioagatik. Akusatuak, Lorena Lopez de Lacalle diputatua, Agustin Otxoa Kultura zuzendaria, Felix Lopez de Ullibarri ondare historikoko burua, eta EHUko bi Arkeologia irakasle: Julio Nuñez eta Juan Antonio Quiros.

Aste honetan bertan, epaileak kereila ez onartzea erabaki du.

Diputatua, «lasai»

BERRIA Lurmen enpresako eledunekin harremanetan jartzen ahalegindu da, baina ez du erantzunik jaso. Arabako Foru Aldundian, ordea, atzo artean ez zuten baieztapen ofizialik, baina bai salaketa jarri izana, bai artxibatzea bera, «normal- normal» hartu dutela ziurtatu zuen Kultura diputatuak. «Izan ere, argi eta garbi daukat legealdiari ekin genionetik unean uneko erabaki zuzenak hartu ditugula, kasu honetan erakunde bati eska dakiokeen guztia egin dugula. Beraz, ez naiz sekula salaketen beldur izan». Datorren astean, salaketaren inguruan azalpenak ematera deitua dago diputatua, Arabako Batzar Nagusietan.

Lurmen enpresak, ondorioz, hiru salaketa ditu, une honetan, lurraldeko auzitegian: Diputazioak jarritakoa, batetik; eta EuskoTren eta Euskal Trenbide Sarea enpresek jarritakoak, bestetik. Azken bi horiek, iruzurragatik.

«Barruraino joan behar da». Arabako Kultura sailekoek ez dute dudarik. Garrantzitsuena, une honetan, Iruña-Okako indusketetan agertutako idazkun faltsuak nork egin dituen aurkitzea da. Egilea egon zela frogatzea eta identifikatzea. Izenak lortu ezean, zigor administratiboan geratuko litzatekeelako dena. Eta Arabako erakunde gorenak badaki hainbestetan azpimarratutako iruzurraren egilea ez aurkitzea kolpe latza litzatekeela. Batez ere Diputazioarentzat.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia