Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:33

KULTURA;2009-05-14;Mikel Laboa oroituko dute Donostian, haren 75. urteurrenean. Antiguako auzokideek jaialdia antolatu dute ekainaren 12an iaz hildako musikariari Ťopariať egin nahian

Mikel Laboa oroituko dute Donostian, haren 75. urteurrenean

Antiguako auzokideek jaialdia antolatu dute ekainaren 12an iaz hildako musikariari «oparia» egin nahian

Xabier Martin.

Donostia

Donostiako Alde Zaharrean jaio arren, azken 40 urteetan Antigua auzoan bizi izan zen Mikel Laboa, eta auzokideen artean ere bere marka utzi zuen. Antiguatarrak Dantza Taldea aspaldian zebilen hari opari bat egin nahian, eta 75. urtebetetzea aitzakia polita izango zela otu zitzaien. Laboa ez zen iritsi, ordea. Hala ere, auzokideek jaialdia antolatzeko ekimenean jarraitu dute familiaren baimenez. «Urrian Izaro semearekin hitz egin genuen, eta hark aitari esan zion. Mikelek berak oniritzia emana zuen. Gero heriotza etorri zen, baina garbi genuen hau ez zela omenaldi bat, opari bat baizik, eta familiari ongi iruditu zaio aurrera egitea», dio Jon Martinez antolatzaileetako batek. «Gure ideia jakinarazi genion familiari eta haiek Mikelek azken urteotan gertu izandako egileen izenak esan zizkiguten».

Azkenean, hainbat belaunalditako musikariak eta bertsolariak eta dantzariak elkartuko dira ekainaren 12an Antiguako pilotalekuan egingo duten jaialdian. 22:00etan hasiko da Haika mutil Imanol Uriberen dokumentalaren emanaldiarekin. Gero Laboaren hainbat lagun eta auzokideen agurrak izango dira pantailan. «Hura egunero ibiltzen zen Matia kalean, eta testigantza batzuk jaso ditugu jaialdian emateko». Izan ere, Laboa artista handia izateaz gain, «edonorekin hitz egitea gustuko zuen auzokidea ere» bazela erakutsi nahi du ekitaldiak.

Dantza, bertsoak eta musika

Proiekzioen ondotik iritsiko dira zuzeneko emanaldiak. Iker Goenaga trikitilariaren taldeak zabalduko ditu agerraldiak. Goenaga Laboarekin aritu zen bost-sei urtez. «Pentsa, 21 urte nituen deitu zidanean; musikari gaztetxoa nintzen artean. Izugarri ikasi nuen harekin. Jaialdian parte hartzea proposatu zidatenean ez nuen pentsatu beharrik ere izan», dio Goenagak. Andoni Egañak eta Maddalen Lujanbiok hartuko dute trikitilariaren lekukoa. Laboaren alargun Marisol Bastidak dioenez, «Mikelek asko estimatzen zituen». Dantzak ere izango du bere tartea. Kukai taldea ariko da jaialdian. «Emanaldi labur bat egingo dugu, baina oso gustura», dio Jon Maia Kukai taldeko zuzendariak. «Ez dugu askorik pentsatu behar izan parte hartzeko». Oreka TX txalapartari taldeko kideek ere «oso pozik» hartu dute jaialdian egoteko proposamena. «Harreman pixka bat ere izan genuen harekin, eta gustura ariko gara», dio Harkaitz Martinez de San Vicentek.

Niko Etxartek ere harreman handia izan zuen Laboarekin garai batean, eta Donostiako jaialdian egongo da. Ezaguna da, bestalde, Laboak euskal musikaren abangoardian izandako eragina, eta beste belaunaldietako musikariak ere Antiguako jaialdian izango dira. Esaterako, Anari oholtzara igoko da, baita Xabi Strubell, Xabier Montoia, Eneko Abrego eta Karlos Osinaga ere.

Guztira bi ordu pasatxoko jaialdia izango da. «Euria egingo balu Pio Baroja kiroldegian egingo genuke», dio Jon Martinezek. 12 euroren truke eskura ahal da sarrera, 14ren truke han bertan. «Hiruna kantu joko ditu talde bakoitzak. Musikariek aukeratuko dute zer egin. Mikelen bertsioak izan daitezke edo ez. Horrez gain, bi ezuste handi egongo dira: bi egile oso ezagunek partehartuko dute».

 

Parte-hartzaileak



Iker Goenaga

Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio

Kukai Dantza Taldea

Niko Etxart

Oreka TX

Anari

Xabi Strubell (Dut, Zura)

Xabier Montoia

Eneko Abrego (Inoren Ero Ni)

Karlos Osinaga (Lisabo)

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia