Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:28

TARTEA;2009-05-13;Maratila. Jabier Ortiz

Maratila

Amaia Zubiria

Jabier Ortiz

Gauzatxo batek ernegatzen ninduen bere tertulietan. Beti edo gehienetan ados geundela. Horrela ez zen posible askotan ezadostasunak duen kontraste argibide sano hura lortzea.

Bere umorea nirearen tankerakoa da... zen. Gure ezkutuko pailazo beltza gutxien komeni zaigunean bere kasa ateratzen zaiguna. Konformismoaren antidotoa. Inkorrektoa. Asaldagarria. Desenpatikoa. Probokatzaile hutsa.

Berak ere horrela egiten zituen etsaiak. Bere kasuan denborarekin miresleak izango zirenak. Ikasleak eta entzule eta irakurle fidelak fidelitatean ez baina leialtasunean oinarritu ohi zenak.

Ezkerretan kokatzen zenuela? Ba, derrepente eskuinaldeko defentsa batekin aterako zitzaizun lasai aski eta hura sutsu defendituko akrazia ariketa eder eta ausart batean.

Demokrazia akuatiko hau onartu ezinik. Gehienetan bere buruaren aurka. Mugak joaz. Ez ginen ezagutzen pertsonalki.

Eta imajina dezaket, ni inoiz entzun banau, maruja-tik gora edo behera kalifikatuko ninduen gupidarik gabe. Balitz ezagutu izan bagina, lagunak izango ginen, prefosta. Balitz ez da existitzen, ordea.

Radio Euskadiko MQP ez da berdina izango. Jabier Ortizi ez nion inoiz esan zenbat maite nuen. Zenbat algara eginarazi zizkidan bere pailazo beltzak. Zenbat adostu nituen bere arrazoi sakon bermatuak. Arin esanak. Ukitu ninduen euskarari zor zion errespetua eta mina. Erdarari zion zainketa eta maisutasuna.

Beno, heldu da. Betirako gazte izango da gure memorian eta berriro horrekin bizitzen ikasi behar besteok. Berari ez nion esan, baina beste guziei esango dizuet jarraitzeko. Behar eta maite zaituztegula. Inor kendu gabe. Ahal dela.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia