Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:33

KULTURA;2009-05-12;Iragan mendearen lekuko. Juan Garmendia antropologoaren obra osoaren bildumari lan argitaragabe batzuk erantsi dizkio Eusko Ikaskuntzak argitalpen berrian. Paperean ez ezik, Interneten eman du argitara liburua.

Juan Garmendia antropologoaren obra osoaren bildumari lan argitaragabe batzuk erantsi dizkio Eusko Ikaskuntzak argitalpen berrian. Paperean ez ezik, Interneten eman du argitara liburua.

Iragan mendearen lekuko

Ainhoa Oiartzabal.

Donostia

Lehen Aste Santuan karakolak jaten ziren Tolosan. Orain, ni eta karakolak bakarrik gelditzen gara egun horietan». Garaiak asko aldatu dira. Juan Garmendia Larrañaga antropologo eta historialariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1926) berresten du hori. Halaxe erakusten dute XIX. eta XX. mendeko langintza, usadio eta lexikoari buruz orain artean idatzi dituen 6.000tik gora orrialdeek (60 lan monografiko eta 400 artikulu inguru). Baina hori da bizi legea. «Gizona bere garaikoa baita». Argi mintzo da Garmendia, bizi eta umoretsu. Urteek eta bizi esperientziek eman dioten eskarmentuarekin. Ironiatik ere badute bere adinari buruz egiten dituen komentarioek: « 80 urtekoak gazteak iruditzen zaizkit!».

Ez du, ordea, pasatako garaiaren mirarik, «atzera begira gelditzen denak pareta jotzen du», dio. Baina ez du horregatik historia gutxiesten eta ahazten. Eta batik bat, historiak hizki larriz jaso ez dituen istorio txiki horiek bilatu eta jaso ditu bere idatzietan. Duela ia mende erdi ekin zion Euskal Herriko, bereziki Gipuzkoako eta batik bat Tolosa eta inguruko historia hurbila biltzeko lanari. Hurbil-hurbiletik, jendearengana joz. Horrela osatu ditu orain bere obra osoaren 10. eta azken tomoan berriro argitara eman dituen hainbat lan eta artikulu. Euskal Herria. Etnografia, Historia. Juan Garmendia Larrañaga. Obras completas, Tomo 10 izenburupean, Eusko Ikaskuntzak eman du argitara euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako liburua. Interneten ere paratu dute: www.euskomedia.org/garmendia helbidean.

Duela zortzi urte bezala, Jesus Altuna antropologoak egin dio lan osoen bildumari hitzaurrea. Oraingoan, ordea, «barruan gelditu zitzaidan harra» atera eta artikulu berriak kaleratzeko baliatu du lana. Esaterako, Segurako (Gipuzkoa) lekaime etxeari buruzkoa. Gizon batek deitu zion 1974an gai horren harira, «eta ez nion behar bezala erantzun. Zor bat sentitzen nuen». Hango lekaimeen eguneroko bizitza jaso du Garmendiak, «inoiz idatzi gabeko kontuak».

Hiztegi etnografikoa

Herri medikuntza, artisautza, jokoak, mitoak eta legendak, burdinolak, jaiak eta batik bat, inauteriak. Garmendiaren ikerketa eta dibulgazio lanen ardatza izan dira. Hein handi batean, bera ere izan da jaso dituen historia zati horien protagonista. Batik bat, Tolosako inauteriena. Urteak igaro arren ondoen gorde den usadioa inauteria delakoan dago. Beste ohitura asko, aldiz, galbidean direla badaki. «Progresoaren gurpilak gauza on batzuk azpian harrapatu eta txikitu egin baititu».

Gal daitekeen hori guztia atxikitzeko modua izan da idaztea. Eta lan guztietan ekarpenik handiena bere doktore tesia izan dela dio Garmendiak berak: Hiztegi Etnografikoa. 2003an eman zuen argitara, Xabier Mendiguren Bereziarturekin elkarlanean.

Tesi horrekin egin zen antropologian doktore, Julio Caro Barojak animatuta. «Etxera etortzen zen askotan, eta hark animatuta egin nuen tesia: 'Egina daukazu', esan zidan lexikoari buruzko lanari buruz». Eta egin zen doktore, unibertsitatean 55 urteak bete ondoren hasi zen arren.

Argitaratu duen liburu berria azkena izango delakoan dago, baina hala ere, jarraitzen du lanean. «Bidali ditut artikulu berriak Euskal Herriko Adiskideen Elkartera. Baina adin honetan ezin da jakin. Nire adinarekin ez dago plan quinquenal-ik egiterik».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia