TARTEA;2009-05-09;EZARIAN. FLYSCH-EAN ERRODATZEN. Haitzen xuxurla etengabea. Mundu osoko zientzialariak bildu dira egunotan Zumaiako flysch-ean 'Haitzen hitza' dokumentala grabatzeko. Iraganeko ezagutzan oinarrituz, egungo ingurumen arazoen inguruan hausnartu dute lan honetan. ELKARRIZKETA: Miguel Delibes de Castro. Biologoa.
Mundu osoko zientzialariak bildu dira egunotan Zumaiako flysch-ean 'Haitzen hitza' dokumentala grabatzeko. Iraganeko ezagutzan oinarrituz, egungo ingurumen arazoen inguruan hausnartu dute lan honetan.
Haitzen xuxurla etengabea
Elixabet Epelde.
Zumaia
Marearen joan etorrien eta eguraldiaren gurarien arabera ari dira filmatzen egunotan Zumaiako flysch-ean (Gipuzkoa) Haitzen hitza dokumentala. Alberto J. Gorritiberea eta Asier Hilariok idatzi eta zuzendu dute, klimaren, bizitzaren eta gure espeziearen historia aztertzen duen ikus-entzunezko lan hau. Geologian, astronomian, biologian, klimatologian, antropologian eta ekonomian adituak diren ikerlariak etorri dira Zumaiara, iraganeko ezagutzan oinarriturik, egungo ingurumen arazoak aztertzeko.
Apenas dabilen jenderik Itzurungo hondartzan. Eguraldiak ez du laguntzen, eta, piper egin duen ikasle talde batez eta itsaslabarretan zerbait arrantzatu nahian edo pasieran dabilen jende urriaz gain, traba gutxi dute Haitzen hitza dokumentala filmatzeko.
Guztiak isildu, klaketa astindu eta filmatzeari ekin diote. Bat-batean espontaneo batzuk agertu dira pantailaren ezkerraldean. Horiek uxatu eta berriro ekin diote grabatzeari. Miguel Delibes biologoak berriz hartu du hitza, eta filmaketa taldea, kamera, soinu teknikari eta zuzendarien ingurura bildu da elkarrizketa entzutera.
Adolfo Eraso lizarratarra hidrogeologian aditua da; ez du elkarrizketarik grabatu behar gaurkoan, baina gainontzeko zientzialarien esanak entzutera hurbildu da. Zuzendariaren pantailan begiratzen du, Delibesek biodibertsitatearen, klima aldaketaren, edota espezieen eboluzioaren inguruan hausnartzen duen bitartean.
Astelehenetik gelditu gabe dabiltza flysch-aren inguruan filmatzen. Lehen egunean euriak ez zien atsedenik eman, eta Thierry Juteau geologoak euripean egin behar izan zuen elkarrizketa, baina ez zuen eragozpenik izan, ohitua baitago uretan egotera. Nautile itsaspekoan itsas hondoa ikertzen aritu izan da geologoa urte askoan.
Zientzialari sonatuak bildu dituztela aprobetxatuz, hitzaldi ziklo bat antolatu dute Donostian, beraz, goizetan bakarrik aritzen dira zientzialariekin elkarrizketak filmatzen. Arratsaldeetan Asier Hilariorekin plano batzuk grabatzen dituzte, dokumentalaren haria berak baitarama, baina azken horrek ere hitzaldietan parte hartzen duenez, goizak aprobetxatzea beste erremediorik ez dute. Guztiak isilarazi eta klaketa enegarrenez astindu ostean Delibesek azken galderak erantzun ditu.
Asteartean amaituko dituzte Zumaia inguruan egin beharrekoak, asteazkenean Islandia, Mexiko eta AEBetarantz abiatuko baitira. Bertan, dokumentalean jorratzen diren hainbat teoria zientifiko in situ frogatzen saiatuko dira.
Adituei hitza emanez eta Zumaiako haitzek kontatzen dutena entzunez, klimaren, bizitzaren eta gure espeziearen historiari argitzen saiatuko da Haitzen hitza.
Biblia tektonikoa
ZER DA FLYSCH-A?
Zumaia eta Deba arteko kostaldean, hamabi kilometrotan zehar, munduko geologia santutegirik garrantzitsuenetakoa dago: flysch formazioa. Duela 50 milioi urte inguru, Pirinioak altxatu zituzten plaka tektonikoen mugimendu berak azaleratu zuen. Ordutik, Lurreko historiaren 50 milioi urte laburbiltzen dituen hiztegi hori lurrazalean dago ikusgai.
Bertikalean kokatutako harrizko geruza gogor eta geruza bigunen segidek osatzen dute flysch-a. Ez da inguruan dagoen antzeko formazio bakarra, baina 50 milioi urte biltzen dituen bakarrenetakoa bai.
Mundu osoko geologo eta zientzialariak hurbiltzen dira Zumaiako flysch-era, urte horietan guztietan gertatutako aldaketa klimatiko, geologiko nahiz biologikoak idatzita baitaude hango geruzetan. Horrela, klimaren zikloak, dinosauroak desagerrarazi zituen meteoritoa, edota azken berotze globala azter daitezke han.
Duela 65 milioi urte meteorito batek lurra jo zuen, eta orduko espezieen %70 desagerrarazi zuela uste da, tartean dinosauroak. Egungo Yucatan (Mexiko) inguruan gertatu zela diote hainbat zientzialarik, eta Zumaiako flysch-ean bada teoria hori baieztatzeko arrazoi bat. Geruza guztien artean, iridioz osatuta dagoen estratu ilunago bat dago, eta meteorito erraldoiaren hondakinek osatzen dutela uste da. Bertan, fosilak desagertu egiten dira, garaiko espezie gehienen galeraren lekuko gisa.
Iragan otsailean biotopo izaera eman zion Jaurlaritzak inguruari, aberastasun geologikoa babesteko asmoz. Esther Larrañaga ingurumen sailburuak, «biblia tektoniko» gisa definitu zuen Zumaiako flysch-a, eta azaldu zuen ondare geologikoa babestea eta degradazioa saihestea zela biotopo izaera ematearen helburua.
Miguel Delibes de Castro.
Biologoa, 'Haitzen hitza'-n parte hartzen du
«Gizakiaren erruz, 1.000 bider bizkortu da espezieen desagertzea»
E. Epelde.
Zumaia
Geologiaz ezer gutxi dakiela dio Miguel Delibes de Castro (Espainia, 1947) biologoak eta Zumaiara, irakastera ez, ikastera etorri dela dio. Haizen hitza dokumentalaren grabaketan parte hartu du, eta, grabaketaren harira emandako hitzaldi zikloan, Gizarte modernoa ingurune krisi globalaren aurrean izeneko hitzaldia egin du.
Zein da Zumaiako flysch-aren balio zientifikoa?
Ni ez naiz geologian aditua, baina 50 milioi urteko historia biltzen duen formazioa izanik, Lurraren historiako galdera askoren erantzuna biltzen du. Epe horretan, gainera, aldaketa sakonak gertatu dira Lurrean, eta aldaketa horien aztarnak daude hemen. Yucatanen talka egin zuen meteoritoaren hondakinak daude, lurraren polaritate aldaketaren aztarnak ere badaude, beroketa global nabarmen bat ere nabari da hemengo geruzetan... Aldaketa horiek, gainera, egun bizi dugun aldaketa globalaren aurreko gertakariak izan daitezke.
Zer iradokitzen dizu paisaia honek?
Estetikoki hunkigarria dela esango nuke, oso txikia sentitzen zara hainbat milioi urteko historia kontatzen duten arroka hauen azpian. Askok esan dute sedimentuok liburu baten orrialdeak direla, eta zientzialari gisa ikaragarria iruditzen zait giza adimenak hori ikusi izana, orri horien esanahia ulertu izana.
Ba al zenekien duela gutxi biotopo izaera ezarri diotela flysch-ari?
Egia esateko, ez dut hemengo kasua gertutik ezagutzen, baina historia eta kultura geologikorako horren garrantzitsua den azaleratze bati babesa jarri izana aurrerapauso handia da, inolako zalantzarik gabe. Babesa ongi egiten ari diren, ordea, ez dakit. Lehenik babestu egin behar da, eta ondoren babes hori ondo kudeatu.
Gizartean gai zientifikoekiko interesa handitzen ari da. Moda kontua al da?
Badu moda kontutik zerbait, baina ez da hori bakarrik. Naturalistek eta komunikabideek sustatu duten interesa hor dago, baina horrez gain, arazo zientifikoekiko ezagutza maila handitu egin da, eta, horrek, gai horiekiko ardura handitzea ekarri du.
Ados zaude komunikabideek ingurumenaren arazoari buruz egiten duten zabalkundearekin?
Zabalkundea ona da; horri esker, ezagutza maila handitu egin da eta guztiek dakite arazo global bat existitzen dela. Kontua da gai hauek jorratzean bide emozionala erabili izan dutela bai naturalistek bai komunikabideek, eta hori ez da guztiz egokia. Galtzeko arriskuan dagoen balea baten irudia ikusirik, batek baino gehiagok lagundu nahi izango du, asko dirua emateko prest ere egongo dira, baina ez dute arazoa ezagutuko. Finean, heziketa arazo bat dago, eta hori konpondu beharko litzateke. Baina pentsatzen irakastea hunkitzea baino zailagoa denez, bigarren bidea hautatzen da sarritan, horrela arazoaren muinera iristen ez garen arren.
Nola baloratzen duzu erakunde publikoen lana ingurumenaren alorrean?
Ez litzateke bidezkoa erakunde publikoei buruz oro har hitz egitea... Erakunde publikoen aldekotzat hartu izan naute beti, eta, egia esateko, nik nahiago dut jendea zirikatu erakunde publikoei exijitu diezaien. Halere, nahiago izango nuke gehiago egingo balute.
Krisi ekonomikoak izan al du eraginik ingurumen politikan?
Atzerapauso nabarmenak eman dira krisiaren eraginez, eta niretzat oso etsigarria izan da. Hainbat eta hainbat proiektu bertan bera utzi dira; beraz, ingurumen arazoekiko kontzientzia sakon bat zirudiena hain sakona ez dela ikusi dugu. Duela gutxi martxan jarritako babes legeak ere aldatu nahian dabiltza, eta hori ikaragarria da. Hain zuzen ere, orain etengabe entzun behar dugu ekimen ekonomikorik ezin dela eragotzi ingurumen arrazoiengatik, gutxi daudelako.
Espezieen galtzea etengabeko prozesua da, baina egun azkartu egin da. Prozesu horren bizkortzearen errua zein neurritan da gizakiarena?
Espezieen ohiko galera, egungo baino 100 eta 10.000 aldiz txikiagoa dela jotzen da. Ziur aski, gizakia da diferentzia horren arduradun bakarra; beraz, gure erruz, 1.000 bider bizkortu da espezieen galera, eta tasa hori galera masibo baten mailan egongo litzateke.
Giza espeziea desagertze zorian al dago?
Etorkizun hurbilean, nire ustez, ez da gure iraupena jokoan dagoena, inolaz ere, baina bai gure egonkortasun politiko eta soziala. Arazo gehienen muinean ingurumen arazoak daude, baliabideak amaigabeak balira bezala erabiltzen ditugulako, eta hori ez da horrela. Desoreka hori gerta liteke, bai.
Etorkizunera begira, zer espero duzu?
Ikuspegi baikorra izan behar dugu. Antonio Gramsci, politikariak zioen bezala, adimenaren ezkortasunaren aurka, borondatearen baikortasuna inposatu behar da. Alegia, gauzak aldatzeko gogoa eduki behar dugu, eta alda daitezkeela pentsatzeko gogoa izan behar dugu, bestela ez gara saiatu ere egingo.
Gizakia etengabe ari da hazten, eta hori gure animalia senarekin lotuta dago. Edozein animalia saiatzen da hedatzen, ahal den gehiena jaten, ahal den gehiena ugaltzen. Horregatik, leku batean baliabide asko eta etsai gutxi topatzen dituztenean, animalia horiek izurrite bilakatzen dira. Gurekin antzekoa zerbait gertatu da. Gure animalia senak bultzatuta hedatu egin gara, baliabide asko erabiltzen ditugu, asko ugaldu gara... baina nik uste dut gure giza adimenari esker ohartuko garela bide okerretik goazela, guztiarekin amaitzen badugu galtzen aterako garela. Beraz, nik uste dut gure kontsumoa mugatzen jakingo dugula.