Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:32

TARTEA;2009-05-01;JAIAK. SANTIKUTZAK LEGAZPIN. «Helburu nagusia 30 plaza egitea da». Gero eta indar gehiago hartzen ari dira gizon probak eskualdean. Jaien barruan, gaur arratsaldean jokatuko dira Legazpin. Manolo Agirre da Legazpiko taldeko botileroa. Manolo Agirre. Legazpiko botileroa

Manolo Agirre.

Legazpiko botileroa

Gero eta indar gehiago hartzen ari dira gizon probak eskualdean. Jaien barruan, gaur arratsaldean jokatuko dira Legazpin. Manolo Agirre da Legazpiko taldeko botileroa.

«Helburu nagusia 30 plaza egitea da»

Eskeine Legorburu

Urte askoan bat bera ikusteko aukerarik ez da egon; 2007an, ordea, Zumarragan egin zuten. Eskualdeko seigarrena egingo dute gaur Legazpin (Gipuzkoa) Santikutz jaien barruan arratsaldeko 19:00etan, eta herrian egiten duten lehena izango da. Manolo Agirre da Legazpiko taldeko botileroa.

Herritarren aurrean duzuen maila erakusteko prest al zaudete?

Bai, gogoz itxaron dugu eguna noiz helduko. Gogor lan egin dugu orain arte, eta daukagun guztia emango dugu irabazteko.

Zenbat denbora daramazue prestatzen?

Iazko irailean hasi ginen, 2008ko abenduan Zumarragan egin genuen saiorako, eta ordutik ez gara gelditu. Ordu asko pasatu ditugu entrenatzen, bai taldean bai bakoitza bere kabuz. Entrenatzeko tresna berezi bat egin dut, eta bestela lau taldeok erabiltzen dugun kaxa erabili izan dugu taldean entrenatzeko, eta horrekin ezin zenean harriarekin entrenatu dugu. Gero bakoitzak bere entrenamenduak ere egin ditu korrika, mendian, kiroldegian eta abar.

Eskualdean zuek izan zarete taldea sortzen azkenak. Nolatan animatu zineten?

Batek baino gehiagok esaten zuen legazpiarrok falta ginela taldea osatzeko, eta zirika hasi zitzaizkigun. Orduan herrian mutil batzuk animatu eta niri botilero izateko proposatu zidaten. Herriko mutil talde horrek erabaki zuen taldea sortzea.

Zumarragan ospatu zen lehen saio hartatik seigarrenera heldu dira gizon probak eskualdean.

Gaztetan Zumarragan eta Urretxun gizon probetan ibiltzen ziren batzuek herriko gazte talde bat animatu zuten, eta horrela hasi zen dena. Gero eta gehiago entzuten dira orain gizon probak, eta nik uste saio gehiago egiten jarraituko dugula.

Legazpira etortzekoak ziren bizkaitarrek huts egin dute azkenean.

Amorotoko eta Barakaldoko talde bana etorri behar zen, baina pisu arazoak direla-eta ezetz esan dute azkenean.

Zein dira pisu arazo horiek?

Arauen arabera, zazpi partaidek osatutako taldeak egin behar dio tira harriari, eta zazpi partaide horiek ezin dute 583 kilo baino gehiago pisatu. Esan zutenez, beraien kasuan ezinezkoa zen kilo horien barruan sartzea eta azkenean ez dira animatu. Hala ere, azkenean proban parte hartuko dugun lau taldeak ere nahiko estu ibili gara pisuarekin, eta proba aurretik pisatu egingo gara berriro, badaezpada.

Orain arte hamabi partaideko taldeak eta 1.700 kiloko harria erabili dituzue. Oraingoan ere bai?

Ez, kasu honetan zazpi lagun arituko dira harriari tiraka, eta harriak 925 kilo pisatzen du. Orain arte plaza bakoitzak 36 metroko luzera zuen, eta oraingoan 28 izango ditu. Zumarragako plazan zorua galtzada harria da, eta hemen brearen gainean egingo dugu. Ez dakigu nola irtengo den, denetariko iritziak baitaude, baina nik uste dut brea samurragoa dela.

Herrian egiten den lehen proba izango da. Zein da helburua?

Helburu nagusia da 30 plaza egitea eta irabaztea. Irabaztea ez da erraza izango, gainontzeko taldeak oso indartsu baitaude. Gu baino denbora gehiago daramate saltsa honetan sartuta, eta horrek badu garrantzia. Hala ere, seguru gaude herritarren animo oihuek ere helburu nagusi horretara heltzen lagunduko digutela.

Gizon probak mutilei eskatzen dien esfortzua kontuan hartuta, garrantzitsuak al dira herritarren eta gertukoen animoak?

Uste baino gehiago. Ordu asko ematen dituzte mutilek entrenatzen, eta horrek meritu handia du. Ez dute inolako ordainsaririk jasotzen, gogoko dutelako egiten dute, baina ingurukoak aspertu ere egin daitezkeela kontuan hartu behar da. Askok seme-alabak ere badituzte, eta emazteek eta neska-lagunek pazientzia handia izan behar dute. Eskertzekoak dira proban bertan jasotzen ditugun animoak eta aurretik jasotakoak, etxekoenak eta herritarrek kalean ematen dizkigutenak.

Animatzen asko ibiltzen dira; baina apusturik egiten al du jendeak?

Gure artean ez dugu egin, talderen batek-edo agian egin zuen, baina ezer ofizialik ez. Hala ere, inguruko herrietan, Urretxun, Legazpin eta Zumarragan badakigu apustuak egin dituztela, eta Goierrin ere bai, entzun dugunez Seguran eta Zegaman egin dituzte.

Extremadura eta Legazpi uztartuta

Extremadurako sustraiak ezagutzeko aukera egongo da; eta, estreinakoz, baita Andaluziako kultura ere

E. Legorburu



Euskal Herriko eta Extremadurako kulturak bat egiten dute Legazpiko Santikutzetan. Herriko festak heltzen direnean herria dantzan jartzen da Goiz Deia taldeko txistulariekin, herriko musika taldeekin, bandarekin eta trikiti doinuekin. Baina tartean etxetik haragoko ere soinuak entzun daitezke, esaterako La Bellota elkarteak gaur Extremaduratik ekarriko dituenak.

1995ean sortu zen La Bellota elkartea Legazpin, eta 1996tik urtero antolatzen dute festa Santikutzetan, euren jaioterriko sustraiak euren bizilekuko sustraiekin batuz.

Euskal Herria plazan jarriko dute postua. Eguerditik aurrera, besteak beste, aste guztian prestatutako gozokiak (erroskilak, rizo-ak, pestiñoak eta loreak), solomoa, urdaiazpikoa, txorizoa eta beste dastatzeko aukera egongo da.

La Bellota elkartekoek astebete baino gehiago daramate gaurko festa prestatzen. «Lan handia eskatzen du hain bazkide gutxiren artean egun bateko ospakizuna antolatzeak, beharrezko produktuak Extremaduratik bertatik ekartzen baititugu eta emakumeek gozokiak egiten ia aste guztia igarotzen baitute», adierazi du Bellotako lehendakari Antonio Sanchezek. 70 bazkide ditu egun La Bellota elkarteak, eta euren egoitzan egiten dituzte festarako prestakizunak.

Aurtengoan Zambra: Senblante Andaluz talde lasartearra gonbidatu dute, «Andaluziako musika eta dantza ere legazpiarrek ezagut ditzaten», esan du Sanchezek. La Bellota elkarteko kideek dantza egin ohi izan dute orain arte, baina aurten «ezinezkoa» izango dela uste dute, «bazkide asko kanpora baitoaz». Hala ere, badaezpada, prest dituzte Extremaduran ohikoak diren jantziak: «larunbatean elkartean ditugun jantziak probatzen ibili ginen, zerbait konpondu behar bazitzaien gaurko prest egon zitezen», gaineratu du lehendakariak.

Kolorez gainezka osatutako jantziak dira. «Emakumeen jantzia hainbat koloretako gonak, alkandorak, mantalak, beso gaineko zapi handiak eta zapatek osatzen dute. Buruan ispilua duen txanoa eramaten dute, emakume bakoitzaren egoera zibilaren arabera erditik zatituta, hirutan zatituta edo osorik. Gizonen jantziak belusezko prakak eta txaleko beltza ditu, alkandora zuria eta gerriko gorria». La Bellota elkarteko Sones de Extremadura taldeak Extremadurako abesti eta dantzarik tradizionalenak kaleratu ohi ditu urtero.

Meza, dantza eta antzezlana Mirandaola Egunean, maiatzaren 10ean



Badira hamabost urte Legazpiko Jai Batzordeak Mirandaola Egunari bultzada eman ziola. Aurten maiatzaren 10ean ospatuko da. Orain urte batzuk arte goizez bakarrik egiten ziren ospakizunak. Baina azken urte hauetan egun osoko festa egiten dute. Maiatzaren 3an Legazpiko elizara jaisten dute erlikia, eta bertan igarotzen ditu Santikutz festak. Santikutz Txikiren hurrengo igandean prozesioan eramaten dute Mirandaolara herritarrek, txistulariek, dantzariek eta udalbatzak lagunduta. Meza nagusiaren ondoren ezpata dantza dantzatzen dute, eta jarraian ola martxan ikusteko aukera egoten da. Mirandaolako Miraria antzezlana Domingo Agirre ikastetxeko laugarren mailako ikasleek antzezten dute urtero, eta herriko trikitilari eta txistulariek festa alaitzen dute. Herri bazkariaren ondorengo dantza saioa amaituta, herrira itzultzen dira.

Egitaraua



GAUR

14:00. Koadrilen bazkaria.

17:30. Haur danborrada.

19:00. Gizon probak.

22:00. Kontzertua: Koma eta The Bon Scott Band.

BIHAR

09:30. Ganadu eta baserriko produktuen azoka.

12:00. Erraldoien alardea.

13:00. Idi erakustaldia.

17:00. Haurren bizikleta festa.

23:00. Danborrada.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia