Bizitzari egindako kantua
Palestinako musika «iluntasunetik» ateratzeko Fermin Muguruzak filmaturiko lana estreinatuko dute gaur: 'Checkpoint Rock'
«Zoriontsuak gara kanpoko batek gugan sinesten duenean», dio Murkus kantariak
Jon Eskisabel.
DonostiaMahmud Darwish poetak hil bezperan idatzitako hitzek ematen diote azkena Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina filmari: «Palestinarrak normal bizi dira, normal barre egin, baita normal hil ere. Akabatuak izatea ez da haien zera bakarra». Kantuan ere aritzen dira palestinarrak, eta musika jotzen dute, tradizionala eta gaur egungoa, baina ezer gutxi ezagutzen da horri buruz, Palestinako kulturaren inguruan «iluntasuna» nagusitzen baita, zentsura ez denean. «Inork ez du ikusi nahi Palestinako kulturan eta musikan gertatzen ari dena. Ez dugu babes mediatikorik. Horregatik da hain garrantzitsua dokumental hau: pertsona bat etorri delako Euskal Herritik eta Palestinan kulturaren arloan sortzen ari dena ezagutzera eman duelako», adierazi du Amal Murkus kantariak.
Murkus irrati esataria da Nazareten (Israel), eta Fermin Muguruzak zuzendutako filmean parte hartu duten abeslarietako bat da. Muguruzarena ez da Palestinako musikari buruz egin den lehen dokumentala, ezta Murkusek parte hartu duen lehenengoa ere, baina bere kantuetan Libano, Grezia, Turkia edota Armeniako musikaren eraginak batzen dituen abeslari honentzat, Checkpoint Rock ezberdina da berak ezagutu dituen aurreko lan guztien aldean. Muguruza ezagutzeak, haren asmoarekin bat etortzeak eta proiektuan aritu diren guztien artean sortutako adiskidetasunak ekarri du esperientzia «bakana» izatea. «Gehienetan ez dut lortu zuzendariek zer pentsatzen duten jakitea. Lana bukatu ondoren joan egiten dira, desagertu, eta gutaz profitatu diren sentsazioak hartzen nau». Muguruza, ordea, «artista bat da, eta agenda kultural eta politiko bat du. Hori oso garrantzitsua da. Hitz egin gabe elkar ulertzen dugu».
Murkusekin batera, beste bost abeslari eta musikari palestinar etorri dira Euskal Herrira, Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina dokumentala aurkezteko. Filmak Donostiako Giza Eskubideen Zinema Jaialdia itxiko du, gaur iluntzean (19:30ean, Viktoria Eugenia antzokian), eta ondoren musikari palestinarrek eta Muguruzak kontzertu bat emango dute Gazteszena aretoan.
Gazatik atera ezinik
Beste abeslari bat ere etortzekoa zen, zazpigarrena, baina Palestinian Rapperz taldeko Aiman kantariari eragotzi egin zioten Gazatik ateratzea, behar zituen agiri guztiak izan arren. «Palestinako musikariok elkartzeko ditugun zailtasunen beste adibide bat da», adierazi du Suhell Nafar DAM rap taldeko kide eta Tel-Aviv eta Ramala arteko road movie honetan Fermin Muguruza, Javier Corcuera (filmaren errealizadorea) eta talde osoaren gidari lanak egin dituen kantaria. «Irteerarik gabeko kartzela da Gaza». Gazaren aurkako azken erasoaldian aita hil zioten Aimani, dokumentala jada filmatuta zegoela.
Beraz, Aiman gogoan izateko, eserleku bat hutsik geratu da filmaren aurkezpeneko prentsaurrekoan. Murkus eta Nafarrez gain, Safaa Arapiyat rap abeslariak, Habib Al Deek oud jotzaileak, Walla'at taldeko Kher Fody poeta, abeslari eta perkusio jotzaileak eta Fidaa Hammod itzultzaileak lagundu diete Muguruzari (kefia zapi palestinarra jantzita) eta Corcuerari. Haien aurpegietan erraz antzematen zaie pozik daudela, ezohiko zerbait ezagutzen, bizitzen ari direla. Amal Murkusek, denen artean hiztunenak, azaldu du zergatia: «Zauri handi bat dugu, miseriez beterikoa, baina bizitza maite dugu. Eta kanpoko batek gugan sinesten duenean, barre egiten dugu, zoriontsuak garelako».
Gaurko emanaldian ikusiko dute denek filma estreinako aldiz, «emozioak elkarrekin partekatzeko», baina aurretik azpimarratu dute Palestinako musika ezagutzera emateko Muguruzak egindako ahalegina. «Emakume gisa, ez dut nire ahotsa zabaltzeko aukera askorik izaten, baina proiektu honek erakutsi dit badagoela nire egoeraz, emakume eta kantari gisa, interesa duen jendea», adierazi du Safaa Arapiyatek. Palestinako lehen emakumezko rap abeslaria Akkan (Israel ) bizi da. Emakumea izateaz gain, musulmana da, eta palestinarra izateaz gain, Israelen bizi da. Hip hoparen bidez, emakumearen aldeko mezua zabaldu nahi du, eta emakume musulmanaren inguruko aurreiritziak gainditu. «Emakume musulmanen artean denetarik dago, denek ez dute beloa janzten, emakume musulmana ez da bat eta bakarra, eta Palestinako emakumeok ditugun arazoak eta munduko beste emaku- meenak berdinak dira».
Kantua, borroka ekintza
Palestinako musika ezagutzen ari den loraldiaren adibide bat da Safaa Arapiyat, baita Khalas rock taldea, Palestinian Rapperz, DAM edota Le Trio Joubran ere, Mahmud Darwish laguntzen zuen taldea. «1948ko okupazioaren aurretik, kultura arabiarraren gune nagusietako bat zen Palestina», gogoratu du Murkusek, «okupazioak eta ondorengo gerrek hori dena suntsitu zuten, baina orain birsortzen ari da Palestinako giro kulturala». Alde horretatik, Checkpoint Rock «une historiko baten dokumentua» dela nabarmendu du Habib Al Deek Nabuluseko unibertsitateko oud irakasleak.
Musika asko eta interesgarria egin arren, palestinarrek zaila dute entzunak izateko. Israelen bi milioi palestinar bizi arren, hango irrati eta telebistetan ez da arabieraz abesturiko musika jartzen, ez bada juduek abestutakoa. Horiek, Ofra Hazak kasu, ez dute arazorik izaten urrutira iristeko. Aitzitik, arabieraz abesten duten musulmanek mehatxuak ere jasan behar izaten dituzte. «Batzuek diote guk kantatzen ditugun gaiei buruz kantatzea intifadaren atariko urratsa dela, borroka ekintza bat, eta horretaz kantatzeko ideia burutik kentzeko esaten digute, gelditzeko», azaldu du Kher Fodyk.
Kantari israeldar batekin elkartzea da hedabideetan agertzeko bide bakarra, baina Murkus ez dago horretarako prest. Gaitzetsi egin du jokaera hori. Ez du aipatu, baina erraza da Noa kantari israeldarraren eta Mira Awad palestinarraren kasuarekin lotzea. Biek Israel ordezkatuko dute Eurovision jaialdian. «Ustezko bakearen aldeko ekitaldietara gonbidatzen gaituztenean maskotak bezala sentitzen gara. Bakea dagoen itxura eman nahi dute, bakerik ez egon arren. Guk ez dugu edozein bake nahi, guk benetako bakea nahi dugu, bidezkoa».
Palestinan dokumental bat grabatzeak dakarren zailtasuna azpimarratu du Suhell Nafarrek. Euskal Herria ezagutzen du DAMeko kideak, 18/98 sumarioan auzipetutakoen alde BECen egindako kontzertuan parte hartu baitzuen 2006an. Proiektu honek «sendotu egin du Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko elkartasunezko harremana», adierazi du. Filmaketa «polita baina gogorra» izan zela ekarri du gogora Nafarrek, eta Corcuerak berretsi du. «Zaila izan zen, kalean egin genuelako, baimenik gabe, eta azkar egin behar genuen. Baina kantuan hasten zirenean, ezer ulertu gabe ere, emozioak gainezka egiten zidan». Kantu guztiak zuzenean grabatu ziren. Zaila izan zen filmatzea, arriskua sentitzeraino. «Checkpoint batean bonba bat lehertu zen gure ondoan, eta beste batean ia-ia tiro egin ziguten, oharkabean debekaturiko leku batean sartzeagatik», Muguruzak azaldu duenez.
Muguruzak Palestinara bidaiatu zuen lehen aldian, 2002an, etxeratze agindua ezarri zuten eta hango musikariekin elkartu gabe gelditu zen. Horrek sorturiko frustrazioa sendatzen saiatu da Checkpoint Rock-ekin. «Musikariok kode zehatz batzuk izaten ditugu gure artean komunikatzeko. Film hau hori da, musikaren inguruko topaketaren ospakizuna, bizitzari egindako kantua».
«Politika eta kultura bereiztea ezinezkoa da Palestinan, dena bizitza delako»
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
