Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:31

KULTURA;2009-04-26;Palestinatik kantari. Palestinako musikarien bizipenekin 'Checkpoint rock. Canciones desde Palestina' dokumental musikala zuzendu du Fermin Muguruzak. Datorren ostegunean estreinatuko du filma.

Palestinako musikarien bizipenekin 'Checkpoint rock. Canciones desde Palestina' dokumental musikala zuzendu du Fermin Muguruzak. Datorren ostegunean estreinatuko du filma.

Palestinatik kantari

Ainhoa Oiartzabal.

Irun

Zergatik ez dut askatasunik? Preso bizi nahi ez dudalako, abesten dute Tel Aviveko aireportuaren ondoko Lod herriko haur palestinarrek Checkpoint rock. Canciones desde Palestina filmaren hasieran. Galdera mingotsa haur irribarretsuek kantatua. Garraztasuna goxotasunez kontatua, eta batik bat, kantatua. Horixe da Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak Palestinan hango musikariekin filmatu duten dokumental musikala. Ostegunean estreinatuko dute, Donostiako Giza Eskubideen Zinema jaialdiaren klausuran.

«Tragediari aurpegia jarri diogu». Fermin Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1963) pozik gelditu da 2008ko irailean Palestinan filmatu duten road movie musikalarekin. Etxeko egongelan dokumentalaren musika jaso duten diskoen kaxak atontzen ari da, asteazkenerako dendetan salgai egon daitezen. Talka zigilupean kaleratu du, autoedizioaren bidean beste urrats bat.

2002ko apirila, Ramalan. Han sortu zen dokumentalaren ernamuina. Israelgo Armadak Jasser Arafat setiaturik atxiki zuen egun haien lekuko zuzena izan zen Muguruza: PANeko buruarekin setioan iraun zuten nazioarteko 80 lagunetako bat izan baizen. «Izugarria zen ikustea gure kontra apuntatuz zetozen tankeek kotxeak nola zanpatzen, birrintzen zituzten». Edota buru gainetik igarotzen zitzaizkien balen soinua entzutea. Esperientzia hura bizi eta gero Palestinako herriari nola lagundu galdera ezin izan du burutik kendu. «Gure posiziotik, eta betiere musikaren lubakitik, zer ekarpen egin».

«Jota» etorri zen Palestinatik, kanturik sortzeko gai ez zela. Yalah yalah Ramallah (Goazen, goazen Ramalara!) kantu alaia izan zen sormen desertu haren amaierako oasia. Eta sei urte geroago, joan da berriro Ramalara. «Isiltasuna hausteko eta zubiak eraikitzeko, hango musikariei ahotsa emanez».

Orain hiru urte hasi zen gidoia prestatzen. Eta zirriborroa zuenean deitu zion Anton Reixa Filmanova ekoiztetxeko ekoizle, lagun handi «eta militante zaharra»ri. Reixak ez ezik, Javier Corcuera dokumentalgile sonatuak ere bat egin zuen proiektuarekin. «Lan serio bat egin nahi baikenuen, lan profesional bat». Irudien ardura izan du Corcuerak, Jordi Abusada argazki zuzendariarekin batera. Aspaldiko lagunak ditu biak Muguruzak, Chiapasen elkar ezagutu zutenetik.

2008ko apirilean Muguruzak eta Abusadak filma prestatzeko Palestinan zehar egin zuten ibilbidea errepikatu zuten irailean. Herriz herri joan ziren hango egunerokoa filmatzen, toki bakoitzean musikari edo kantari jakin batzuei elkarrizketak eginez eta haien emanaldiak grabatuz.

Musikaren elkartasuna

Dokumental musikala dela nabarmendu du Muguruzak: «Musikariek kantuen bidez esaten dituzte gauzak. Mundu osoan, gatazkapean bizi diren herrialde guztietan, baina Palestinan bereziki». Horregatik, kantuari eman diote garrantzia. Okupazioaren ondorioz samina sufritzen duten musikari horien doinu eta hitzetatik, asko Mahmoud Darwishenak dira, «Palestinako poeta nazionalarenak».

Bidaiaren bide orria oso zehazturik eduki arren, egin diote inprobisazioari lekua. Esaterako, Ramalako kontrol postuan edo delako checkpoint-ean. «Palestinarrak nola umiliatzen dituzten ikusteko. Oso irudi gogorrak dira». NBEko ordezkarien artean kamuflaturik filmatu zituzten.

Filmari izenburua eman dioten kontrol postu horiek ageri diren kantu anitz badira dokumentalean. Hori baita hango egunerokoa. «Izugarrizko zailtasunak dituzte euren artean elkartzeko». Kantu berri batekin hautsi du Muguruzak inkomunikazio hori: Manu Chaok eginiko musikan oinarrituta, bisitatu dituzten musikari guztien ahotsak elkartu baititu Checkpoint rock azken kantuan. Aurrenekoa, aldiz, arabieraz abesten hasi zen lehen hip-hop taldea, DAM, lagun dutela abesten dute Lodeko haurrek. Han hasi zuten bidaia; Israelek okupaturiko lurraldean. 48ko palestinarrak deitzen diete euren buruei 1948an okupazioan bertan gelditu ziren arabiar horiek. Baina ez dira horregatik orduko garaian kateaturik gelditu. Esaterako, Haifan rocka egiten duen araberiazko talde baten kontzertua filmatu dute: Khalas-en zuzenekoa. «Hasieran ingelesez abesten zuten. Baina gero konturatu ziren ingelesak aldendu egiten zituela euren izatetik». Metallica edo Rage Against the Machineren eragina du taldeak, besteak beste.

Khalas taldearen herri berekoa da, Akkakoa, Safaa Arapiyat rap abeslaria. Lur okupatuetan arabiarra izatea nahikoa zaila ez eta gainera, emakumea da arabiarren munduan. «Eta are gehiago: rap abeslaria da!». Bere kantuetan argi mintzo da: Larritu egiten dira, arabiar emakume bat ikusten dutelako barruan dutena ateratzen, dio.

Tel Aviv ondoko palestinarren auzoak eta Haifa, Akka, Nazaret igaro ostean, Zisjordaniara egiten du jauzi filmak. Han daude Janin, Nabulus, Betleem, Ramala eta Jerusalem. Eta hiri bakoitzean beste hainbeste musikari eta abesti.

Janinera sartzeko kontrol postuan, lehendabiziko arazoei aurre egin zieten. Ez baitzizkieten furgonetak pasatzen utzi, eta haiek hustu eta bertako materiala altzoan hartuta pasa behar izan zuten checkpoint-a. Horretan ari zirela, Israelgo Armadaren bonba bat lehertu zitzaien nahiko gertu. «Hori zen ongietorria». Zisjordaniako bizilagunak beldurtuta edukitzeko modua erasoaldien mehatxua buru gainean dutela gogoraraztea dela ikusi zuten lehen lerrotik.

Estereotipoak hautsiz

Behin Janinen Amets Arzallus bertsolariak emandako kontaktu bat zuten esperoan: Muthana Shaban inprobisatzailea. «Hark eta DAM taldeko abeslari Suhell Nafarrek hemen duela hogei urte egin genuen bertso hop haren antzeko ekitaldia egin ziguten». Hango ezkontzetan kantatu ohi duten oinarri instrumentala jarrita; lehenak era tradizionalean eta bigarrenak rapean abesturik, Txoria abestia entzun daiteke filmean, haien keinuak eta Janin hiria ikusten direlarik irudietan.

Nabulusekoak dira hurrengo irudiak. Hiriarekin maiteminduta itzuli dira. «Magikoa da». Bizitza kultural handiko hiria eta batik bat, unibertsitate oparoa topatu zituzten han -2002an birrindu eta berregin zuten unibertsitatea-. Eta han, Habib Al-Deek oud, lauta arabiarraren irakaslea. «Ni beti saiatzen naiz aurreiritziak albo batetara uzten. Baina filmean estereotipoak goitik behera jausten dira». Hau da, gatazkari buruzko komunikabideen berriek estaltzen duten eguneroko bizimodu «bizia» ageri da aurrez aurre. Sortzailea, modernoa, grinatsua, konprometitua, indartsua. Esaterako, musikalki izugarrizko kalitatea aurkitu du Muguruzak. «Eta oso originala. Harritzerainokoa». Edozein unetan berriro ere birrinduak izan daitezkeela jakin eta sufritu arren, edo igual horregatik, izugarrizko energia baitute musikariek: «Eusteko grina itzela dute. Bizitzak bestela zertarako balio du!».

Ramalan bukatzen da filma. Gazara sartzen ez baitzieten utzi: «Jada ari ziren abenduko ofentsiba prestatzen». Utzi zioten, ordea, hango Ayman PR rap abeslariari Ramalara joaten, filmerako grabaketa egiteko, eta gero, Gazara itzuli zen. «Abenduko bonbardaketan han zegoen. Hitz egiten genuen telefonoz, harik eta komunikazioa eten zen arte». Ofentsiban bere etxea suntsitua izan zen, eta bere aita, hila. «Filmaren muntaian buru-belarri sartuta, oso gaizki bizi izan dugu Gazako bonbardaketa. Dokumentalari ere erasoa egin ziotela sentitu genuen». Eta tragediari emandako erantzuna bihurtu zen filma.

aoiartzabal@berria.info



«Isiltasuna hautsi eta zubiak eraikitzeko, Ramalako musikariei ahotsa eman diegu»

«Musikariek kantuekin esaten dituzte gauzak. Mundu osoan, baina Palestinan bereziki»

«Filmean goitik behera jausten dira aurrez eduki ditzakegun estereotipoak»

«Gazako bonbardaketan dokumentalari ere eraso egin ziotela sentitu genuen»

FERMIN MUGURUZA

Musikaria



Estreinaldiaren ondotik Madrilen eta gero Saharan emango dute filma. Jaialdietan ez ezik, aretoetan erakusteko ahaleginean ari dira ekoiztetxeak.

Ikusi egiten den musika

A. Oiartzabal.

Irun



Jamaikako bidaian grabatu zuen Euskal Herria Jamaika Clash (2006) dokumentalaren ondotik, musika eta aldi berean herri baten bizitza zeinen ongi jaso zitekeen ikusita, dokumentalak egiteko grina piztu zitzaion Fermin Muguruzari. Berak argi dauka musika geroz eta gehiago «ikusi» egingo dela: «Geroz eta dokumental musikal gehiago ari dira egiten».

Fatih Akinen Crossing the Bridge: The Sound of Istanbul filma, adibidez. Hura ikustea -Turkiako hiriburuko musikari buruzko «film bikaina»-, erabakigarria izan zen ostegunean estreinatuko duten Palestinari buruzko dokumental musikala egiten hasteko. Hain justu, lan hori egiteko erabilitako estudio eramangarri arin bat nola antolatu ari zen pentsatzen Muguruza Angel G. Katarainekin batera. «Ez estudio batean; dela kalean, dela areto batean, musika grabatzeko moduaren bila ari ginen». Dela irudia dela soinua, baina kalitatearekin. 2007an, Asthmatic Lion biran, probatu egin zuten ekipoa. Helburua, dokumentala egiteko adinako kalitatea ematen ote zuen ikustea. Eta eman zuen: hala grabatu baitzuen diskoa.

Oraingoan filma eta diskoa biak grabatu dituzte estudio eramangarriari esker. Irudiak, kamera digitalarekin betikotu dituzte. Eta horren guztiaren aurrekontua 120.000 eurokoa izan da. Aurrekontu horrekin eta 12 laguneko ekipoarekin filmatu dute dokumentala, hilabetean.

Maiatzean «agian» aretoetan

Eginiko inbertsioak emaitza eman du: estreinaldiaren ondotik, filma batean eta bestean erakusteko saioak lotuta dituzte jada. Maiatzaren 8an Madrilen aurkeztuko dute, Documentan. Eta gero Saharara joango dira, Fisahara zinema jaialdira. Aurrera begira, munduko hainbat jaialditara bidaliko dituzte dokumentalaren kopiak: Granadara eta Tarifara (Espainia), Perura, Mexikora, Argentinara... Japoniatik deitu diote Muguruzari dokumentalari buruz galdezka, eta baita Danimarkatik ere.

Filma jatorrizko hizkuntzan -arabieraz eta euskaraz- emango dute, eta euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta arabiera klasikozko azpidatziak prestatu dituzte, han-hemenho herrialdeetan ulertu ahal izateko. «Igual maiatzean», areto komertzialetan emango dute filma, eta areto sare hori lotu nahian ari dira Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian filmaren ekoizle Filmanova eta K2000. Verdi zinema aretoek erakutsi dute interesa. «Hamabost egun irauten badu ikusgai, nahikoa da».

Baina Palestinara itzultzea du amets Muguruzak, eta han erakustea bertan jaso duten guztia. Saiatuko dira.





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia