Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:27

KULTURA;2009-04-19;LIBURU AURRERAPENA. Ez obeditu inori

Ez obeditu inori

Igandea. Atotxako frontoiaren kanpo aldean nengoen ordubete lehenagotik, goizeko bederatziak eman aurretik. Ezin izan nuen loa errenditu gau osoan. Lurrerainokoak neuzkan begi zuloak. Bost egun eta akabo, horrela behar zuen, akabo dena. Frantsesak esan bezala.

Hamarrak jo eta esandako orduan ikusi nuen Estudiantea oinez hurbiltzen. Harengana jo nuen zuzenean, dena kontatu nion, zer pasa zen asteazkenean, nola berandutu zitzaidan ostegunean, non ibili nintzen ostiralean, zein lekutan bilatu nituen larunbatean, zer ezinegon pasa nuen bezperako gauean.

- Ez da etorriko -esan zidan Estudianteak, tabakoaren kea sudurretik isurtzen zitzaiola-. Ez nau harritzen batere. Acta est fabula.

- In dubio, pro reo -erantzun nion azkar arraio.

Harriturik begiratu zidan.

- On Kaxildoren kontuak -argitu nion, petrilean eseriz-. Asteasuko apaiza, buruhandi bat.

Petrilean eseri zen Estudiantea ere. Zigarroak piztu genituen.

Ordubete luzez itxaron genuen, iganderik gabeko astea baino luzeago egin zitzaigun ordubete luze batez itxaron genuen. Pilotariek, nork gehiago, frontisaren kontra astintzen zuten pilotaren hots lehor zehatza heldu zitzaigun, ohola zulatzeko mailuarekin astintzen den iltzearen pare, frontoitik. Mailu eta iltze hots haiek baino ez genituen entzuten, isilik zegoen gainontzeko mundua.

- Itxoingo diagu, badaezpada ere? -galdetu nuen.

Ez zuen biotako inork erantzun. Zigarro gehiago piztu, eta iganderik gabeko hilabetea baino luzeago egin zitzaigun beste ordubete luze batez itxaron genuen. Eta handik aurrera itxaroten jarraitu genuen, zigarroak erretzen, eta ja ezer itxaron gabe.

Partida amaitu zen, ez genuen jakin egun hartako galtzailea nor izan zen. Estudianteari galdetu nion, ea ez ote zegoen konpontzeko modurik.

- Saldu egin gaitu, Sotero, saldu... Bihar polizia eta guardiaz betea egongo da Gaztelurako bide guztia, puzkerrik ere ezingo da bota ehun metrora inor ohartu gabe.

Ez zuen haserrerik, ezta apenas tristurarik edo etsipenik ere. Zen bezala esan zuen, lasaitua hartu balu bezala. Bai. Lasaitua hartu zuen. Estudianteak.

Pilotak horma higatu zuen gisa berean, iltzeak ere gero eta barrurago egin zuen zuraren barrurako bidea, gero eta sakonagoa zen petril hartako ezinegona. Petrilera iltzatuak eta petrilean zulatuak, han geunden, umezurtz. Partida amaitua zen, Frantsesa ez zen ageri, ez genuen petrilean eserita jarraitzeko aitzakiarik. Jaiki behar genuen, lekutu, ospa egin, ezkutatu, Argentinara joan, larreratu, eskapo joan, Frantziara hanka egin, sasiratu; azkar gainera; baina biotako inor ez zen altxatzera ausartzen. Derrota onartzea zatekeen, une hartan, petriletik altxatzea. Ez genuen altxa nahi. Ez genuen ohartu nahi bosgarren eguna iritsi aurretik amaitu zela dena. Dena amaitu aurretik amaitu zela dena.

Bi urte kare bizitan erreak, alferrik.

Han geunden, petrilera iltzatuak eta petrilean zulatuak, umezurtz. Gerruntzean labana laztandu nuen, baina berriro kontu harekin erretolikan hastea debalde zela etsita, gordeta neuzkan hiru puruak atereaz, bat eskaini nion Estudianteari.

- Kubatik nolabait ekarri nitian, hezetu gabe eta... Gordeta nitian gaurkoa bezalako egunen baterako, baina...

- Bai, gaurkoa bezalako egunen baterako, ezta? -moztu zidan Estudianteak, puruetako bat onartuz-. C'est fini. Frantsesak esango zuen moduan.

- Esan nian -ekin nion orduan, imurtxi egin zidalako azken «C'est fini» hark-. Esan nian hobe zela dinamita nik gordetzea.

Haserrerik gabe esan nion, apenas tristurarik edo etsipenik ere gabe. Zen bezala esan nion, nik aspaldi nekien bezala. Bai. Nik banekien. Aspalditik.

Itzaletik eguzki aldera mugitzen ari zen jendea. Altxatzeko garaia zela erabaki genuen. Zerbait erabaki behar genuen. Ezin genuen ezer erabaki. Mozkortu egin ginen, erabaki gabe, nahi gabe, ezinbestean, kontua galtzeraino, hitzik egin gabe. Bistatik galdu nuen Estudiantea. Ni bultzaka atera ninduten Ramirorenetik. Arrastaka heldu nintzen etxera.

Bezperako ekaitzari eusten zion zeruak. Orduak besterik ez ziren falta, orduak, eta ontzia hutsik zegoen; urak handi.

Astelehenean ajearekin eta dena hezetzen zuen, hezurretaraino sartzen zen euri zirin batekin esnatu nintzen goizean goizetik. Astigarragara abiatu nintzen astoarekin. Donostiarako bidean nintzela atertu zuen, eguerdian.

Etsi nuen Federazioak ez zuela ezer egingo, nik ere ez nuela ezer egin, eta ezin zidatela esan ezer egin nuenik, ez nuelako ezer egin. Asteartean ontziaren beira kraskatu zen eta ez genuen ezer egin. Garbi geneuzkan eskuak. Baina zikin sentitzen nintzen.

Asteazkenean La Voz de Guipúzcoak ekarri zuen Maria Cristina erregina anderea eta Alfonso XIII. errege umea Gaztelu mendira igo zirela astelehenean, Sicilia erregimentuaren garnizioari bisita egitera. Bost egunetik, zazpira igaroak ginen.

Ostegunean ontziaren beira kraskatua txirtxilatu egin zen, ezabatu, deuseztatu; joan ziren egunak, inor ez zen gure bila etorri. Ez ziren, akaso, etorriko. Frantsesak ez gintuen saldu, akaso.

Arin sentitzen nintzen, larrua salbatzeko aukera ikusten nuelako. Astun sentitzen nintzen, betiko itzaltzen utzi nuelako Angiolilloren sua.

Ostiralean Estudianteak aurkitu ninduen ni, San Martinetik Loiolarako bidean. Madrilerako trena hartu behar zuen gauean. Buruan erabili nituenak kontatu nizkion. Akaso zigorretik libratuko ginela esan nion.

Gehiago ez pentsatzeko horri buruz, esan zidan. Izan zenak eta izan behar zuenak ez zutela axolarik gehiago. Aurrera begiratu behar zela.

Txapela erantzi nuen Estudiantearen aurrean. Inoiz ez nuen haren mundua ulertzeko abilidaderik izango. Ginbaila erantzi zuen Estudianteak. Hark ere ez ninduen ni erabat ulertzen. Besarkada batez despeditu ginen. Lehen aldia zen elkar besarkatzen genuela. Azkena ere izango zen, akaso.

- Esan nian hobe zela dinamita nik gordetzea.

Aurrera begiratuko zuen gerorako zerbait zuenak. Besteok atzera begiratu behar.

 

Mikel Peruarena



Mikel Peruarenaren (Ereñotzu, Hernani, 1978) lehenengo nobela da 'Ez obeditu inori' (Susa). Liburu honetako gertakariak, Donostian 1897ko martxoan hasi eta 1900eko azaroan buka, Sotero Mujika bertsolariaren ahotik jaulkiak dira. Emile tipografo frantsesa eta Alberto estudiantea dira beste bi protagonistak. Hiru pertsonaia horiek dinamitaz atentatu bat egiteko asmoa izango dute.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia