Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:26

KULTURA;2009-04-17;Mur Rekaldeko zuzendaritzatik egotzita, komisario izateari utziko dio Bergarak. Ariztondok konfiantza galdu duelako kendu du kargutik Mur; hala, aretoko komisario postura bueltatuko da

Mur Rekaldeko zuzendaritzatik egotzita, komisario izateari utziko dio Bergarak

Ariztondok konfiantza galdu duelako kendu du kargutik Mur; hala, aretoko komisario postura bueltatuko da

Irune Berro.

Bilbo

Rekalde aretoko jardunaren emaitzak kaskarrak direlakoan egotzi du Pilar Mur zuzendari kargutik Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak. Mur, ordea, ez da geratuko Bilboko salatik kanpo; zuzendari kargua hartu aurretik zeukan postura itzuliko da -alegia, komisario lanera-, eta, ondorioz, kalean geratuko da Leire Bergara, orain arteko komisarioa. 2006tik, Txus Martinezek lana utzi zuenetik, Rekaldeko erakusketak antolatzeko ardura izan du Bergarak. Zer esana duten artistak ekarri ditu Bilbora, eta proiektu interesgarri ugari gidatu ditu Kabinete Abstraktua deritzon gunean. Artearen munduko eragileek, artista, komisario eta kritikariek, estimu handitan dute Bergara, eta hura Rekaldetik kanporatzea bidegabea izateaz gainera galera handia ere badela pentsatzen dute.

Gaiak zalaparta sortu duen arren, Ariztondok uko egin dio hedabideekin hitz egiteari. Batzar Nagusietan agerraldia egiteko eskaera egina du, eta orduan emango ditu azalpenak, Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek esan dutenez. Nolanahi ere, eguna zehaztu barik dago oraindik.

Joan den urtean 15.000 bisitari baino ez zituen izan Rekalde aretoak. Gutxiegi, Bilboko erdigunean, Guggenheim eta Arte Eder museoen artean kokaturik dagoela kontuan hartuta. Arte Eder museoak 223.000 bisitari izan zituen iaz, eta Guggenheimek ia milioi bat bisitari. Gainera, Rekalde aretora sartzea doakoa da, bi museo horietara ez bezala.

Aretoaren norabide ezari egozten dizkiote askok emaitza txarrak, Murren gidaritza makurrari. 2001. urtean izendatu zuten Rekalde aretoko zuzendari. Javier Gonzalez de Duranak utzitako postua bete zuen Murrek -Duranak Gasteizko Artium museoa zuzentzeko utzi zuen Rekalde-.

Egunotan kanpoan da Mur. Astelehenean itzuliko da Rekaldera, komisario lanera. Artearen Historian doktorea da, eta aretoaren sortzetik beretik lan egin du Rekalden.

Zuzendari berria nor izango den ez dakite oraindik Bilboko aretoko langileek. Eta ziur asko ez dute oraingoz jakingo, sala beheralditik ateratzeko eta norabide berria hartuta martxan jartzeko konfiantzazko profesionala aurkitzea ez baita lan erraza.

Jaurlaritza, Rekaldetik kanpo

1992an zabaldu zuten Rekalde aretoa. Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen zuen salaren kudeaketan eta finantzaketan, baina Guggenheim egitean Jaurlaritzak aretoa babesteari eta kudeatzeari utzi zion. Aurrekontuaren erdiarekin egin behar izan zuen aurrera Rekalde aretoak, eta hasierako urteetan nahiko ondo lortu zuen mailari eustea, baina Murren aroan nabarmen egin du behera. Komisarioen ahalegin sutsuei eskerrak erakusketa eta jarduera erakargarriak antolatu arren, aretoak ez du lortu jendearen interesa piztea. Horrenbestez, 90eko hamarkadan hiriko erreferente kultural nabarmenetakoa izandakoa itzaliz joan da emeki-emeki.

2003. urtearen amaieran geldialdi bat egin zuen Rekaldek. Sala moldatzeko lanak egin zituzten. Eta, besteak beste, Kabinete Abstraktua izeneko gunea ireki zuten, «bestelako arte egitasmoei lekua egiteko». Ordurako hamar urteko bidea egina zuen Rekaldek, eta Murrek hasierako helburuak berretsi zituen. «Proposamen berritzaileak ekarrita, Guggenheimen eta Arte Eder museoaren eskaintza osatzea». Alabaina, asmo onak ez dira nahiko izan aretoa suspertzeko.

Hala, Arte Eder museoak Rekalde irents zezakeela zabaldu zen joan den irailean. Baina Javier Biar Bilboko pinakotekako zuzendariak gai horren inguruan «ideia zipitzik» ez zuela adierazi zuen. «Jaurlaritzari galdetu beharko zaio ea berriro hartu nahi duen ardurarik. Baita Bilboko Udalari ere, ea aretoaren kudeaketan parte hartu nahi duen. Instituzioei dagokie azaltzea zer egin nahi duten, aretoa suspertu nahi duten edo zer asmo dituzten», azaldu zuen Biarrek. Arte Eder museoak Rekalderen ardura hartzearen inguruan ez zuen jarrera argirik agertu: «Ez zait ez txarto ez ondo iruditzen, instituzioek dute hitza eta erabakia», esan zuen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia