'Bertsoeskol(b)a' antzezlana entseatzen ari dira egunotan Villabonan; kulturaren hainbat arlotako kideek parte hartuko dute, Andoni Egañaren gidoiari jarraituz.
Eskobaren garrantzia
Gorka Erostarbe.
VillabonaArbela atzean. Eskoba aurrean. Eta bertso-eskola tartean. Sei ikasle berezi eta bakar, bertsolari izateko asmotan, edo bertsozaletu nahian, behinik behin: Betini (Amaia Agirre), Segunda (Maialen Arzallus), Sin Txan (Txan Magoa), Joxekruz (Andoni Egaña), Potrotx (Porrotx pailazoa) eta Fredi (Eñaut Elorrieta). Kristina irakaslea (Aitziber Garmendia) eta eskolako bedela ere (Ramon Agirre) istorioaren gatz eta piperraren parte. Villabonako (Gipuzkoa) antzokia dute entsegu toki, Mintzola Bertsozale Elkartearen egoitzaren parean, hain zuzen ere. Eta apirilaren 26a begi-miran. Egun horretan emango baitute Bertsoeskol(b)a ikuskizuna, Azkoitian (Gipuzkoa), Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatzeko.
Andoni Egaña bera hasi zen gidoiari tiraka: «Bertso eskola bat irudikatzea zen ideia. Gertuko jendearengana, arlo guztietakoengana jo genuen ideia hezur-mamitzeko. Horren atzean badago asmo bat. Bertsolariak badu kantaritik. Bertsolariak badu magotik. Bertsolariak badu aktoretik. Eta bertsolariak badu pailazotik ere. Bertso eskola batean gauza horiek denak lantzen dira, neurri batean behintzat».
Ikasle guztiek igaro beharko dute aulkitik altxatu eta ikaskideen aurrean bertsoren bat botatzeko trantzetik. Nork bere modura egingo du bertsotan, eta eskoba izango dute bidelagun sarri. Bertso eskoletan ez ezik, zenbat eta zenbat kasutan ordezkatu ote duen eskobak mikrofonoa. Horratx eskobaren garrantzia.
Betini bertsozale amorratua da, eta erraztasun handiz bakarrik ez, aukera duenero egingo du bertsotan, Sin Txanen petralkeriari aurre eginez. Hark bertsoak magiaren bidez egitea nahiago izango du. Segunda lotsatiaren urtebetetze eguna izango da, eta ikaskideen bertsoak jasoko ditu ordainetan. Errealitateari izkin ironiko bat eginez, bertsotan ez ezik hizketan ere dorpeena Joxekruz izango da, Andoni Egañak antzeztuko duen pertsonaia. Umore ukitu handiena Potrotxek jarriko du, eta bertsoak gitarraren laguntzaz botako ditu Fredik, ikasleen artean rockzaleenak. Errima, neurri eta doinuen irakaspenak Kristinaren esku egongo dira, eta molde zaharreko bertsolariekiko miresmena -dela Basarri, dela Mañukorta, dela Lizaso...- erakutsiko du eskolazain marmartiak.
Bertso eskoletan lantzen diren alorrak dira antzezlaneko ikasle bakoitzak ordezkatzen dituenak: «Bertso eskoletan kantua lantzen da egiatan, ideiak nola bideratu lantzen da egiatan, gorputz adierazmoldea nola erabiltzen den lantzen da egiatan... Bertso eskoletan gertatzen diren gauzak dira horiek. Eta gure lagun direnez goi mailako kantari, mago, pailazo eta aktore hauek... aprobetxatu egin dugu», dio Egañak, neurri murritzeko kultura izateak bere abantailak ere badituela gogora ekarriz.
Elkarrengandik ikasi
Ramon Agirre aktorea da lagun horietako bat. Bertsolariek azken urteetan egindako lanari eredugarri deritzo hark: «Bertsolariak izan dira azken urteetan gehien asmatu dutenak, eta guk badugu zer ikasia, batez ere antolakuntzari dagokionez. Nahiz eta jarduerak desberdinak izan, elkarrengandik asko ikas genezake. Eta ikasitakotik akaso guk ere asmatuko dugu beste bide bat bertsolarientzat mesedegarri izango dena... baina, momentu honetan, hauengandik ikasi behar dugu...».
Arlo eta adierazpide guztien arteko lankidetzaren beharraz mintzo da Egaña: «Euskal kulturgintzan badago elkarren beharra, elkar babestekoa, elkar ezagutzekoa... Elkarrekin lan egitea ona da, bestela nahiko lan izango dugu aurrera egiten. Bertsolaritza bakarrik ondo joatea ez zaigu interesatzen guri. Beste kultur adierazpideak ez badoaz ondo, bertsolaritza ere ez da ondo joango. Besteak gabe ez gara ezer».
Bertsolarien bat-batekotasunak eta antzezleen metodoak bat egingo dute. Elkarrekin lan egingo dute Bertsoeskol(b)a-n ere arlo bateko eta besteko sortzaileek. Antzezlana, batez ere, baina bertsoaren inguruan. Eta elkarrekin kantatuz amaituko dute bertso eskola. Bertso zaharrak eta berriagoak. Doinu klasikoak eta modernoak. Eta ezein artistari ezinbestekoa zaion publiko horrek ere parte hartuko du.
Gipuzkoako bertso eskolen festa, 300 ikasle ingururentzako egun-pasa
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
