Orain aste pare bat abiatu zen Miguel Sanchez-Ostiz idazlea Boliviara. Ez da lehen aldia izango, gainera, aurreko bidaia baten kronika bildu baitzuen Cuaderno boliviano liburuan.
Bidaia Bolivian barrena
Aritz Galarraga.
Iragan martxoaren 29an abiatu zen Boliviara, hirugarrenez, Miguel Sanchez-Ostiz idazlea (Iruñea, 1950). Hala iragarri zuen Vivir de buena gana blogean: «Domi manere convenit felicibus. Zoriontsu direnei etxean geratzea komeni zaie (...) Ordu batzuen buruan aireratuko da Santa Cruz de la Sierra, Bolivia, helburu duen abioia (...) Nahiz eta goitik behera prestatu, ezin aurretik jakin nolakoak izango diren bidaiak. Eta horixe bera da bidaiek duten xarma. Ea zer eskaintzen didan oraingo honek». Hiru izan ziren, aipatu blogean irakurri dugunez, bidaiaren aurreneko egunean jasotako inpresioak: lehena, aireratu aurretik, eta Madrilen, etorkin boliviarrei ematen zaien tratua, fakturazio eta abarrekoetan. Bigarrena, Viru-Viru aireportuan dagoeneko, dozenaka haur, tropelean, urduri, txilioka, barrez, erdi negarrez, baina aireportu atarian beti, aita, ama, senideen esperoan. Eta hirugarrena, bikoitza, ilunabarra Amazonasen gain, eta, lurreratuta, zeru estalia, euri printzak, haize zaratatsua. Gauza estrainioa Bolivian.
Martxoaren 29tik hona, idazleak ia egunero eman digu (eta emango) Boliviako egonaldiaren berri, nahi duenak eskura duena ondorengo web helbidean: vivirdebuenagana.blogspot.com (idazlearen hitzetan, «esku kaiera, irakurketa oharrak, ikusitakoak, aurkikuntzak, bestelako lanen marjinetako notak, lan mahai nahasia... eszenaren atzeko ahotsak»). Baina, esan dugu, ez da lehen aldia Sanchez-Ostizek Bolivia bisitatzen duena, eta ez da lehen aldia izango herrialdea bisitatu ondorenean material literarioa publikatuko duena ere. Orain hilabete gutxi batzuk, iazko azaroan hain zuzen, Cuaderno boliviano argitaratu zuen Alberdania argitaletxearen Astiro sailean, 2007an egin bidaiaren kronika liburu kartsua. Ezinbestekoa Bolivia barru-barrutik eta bidaiari ipurterre baten eskutik ezagutu nahi duenarentzat.
Ezen, pentsatzen jarrita, ezer gutxi baitakigu Boliviaz, Evo Morales izeneko bat dagoela gobernuan (gose greban, artikulu hauxe idazteko unean), herrialdea gobernatu nahian, eta Argentinari irabazi berri diola zangopilota partida, sei eta bat. Sanchez-Ostizek gaztigatzen digu, bere kaiereko pasarte batean: «Zer dakigu Boliviako errealitate politiko, sozial eta humanoaz? Ezer ez, edo ezer gutxi. Eta, jakina, haien larruan jartzea, pentsatu ere ez. Kanpotik eta urrunetik ikusten dugu dena, geure palestra europarretik, geure aurreiritzi eta leku komun guztien babesean, geure ongizatearen eta bere ondorioen gerizan». Bada, ezjakintasun hori erantzi nahi duenak eskertuko du Cuaderno boliviano honen irakurketa, ikusi eta imajinatzen duenaren eta benetan errealitatean gertatzen denaren artean harrapatzen baitu idazleak Bolivia.
Idazkera aldaketa
Gizon artega izaki, hitzaldi bat eman zuen Miguel Sanchez-Ostizek iragan otsailaren 10ean, Vivir para escribir, Deustuko Unibertsitatean. Hantxe azaldu zuen bizitza eta, ondorioz, idazkeran bizi izan zuen aldaketa: «2003. urtean, Baztanen bizi nintzela, eta geure gertuko historiari buruz idazteko proiektu batean, Las armas del tiempo izenekoan, sartua nintzenean, urgentziaz sentitu nuen ez zela posible bizi nahi izan den eta bizi ez den bizitza hori gehiago atzeratzea, mugitzen ez den bidaiaren kalaka oso ondo zegoela beste bizitza batzuk elikatzeko, baina nireak uko eta errendizio usaina zuela». Eta horrexegatik bidaiatu zuen Juan Fernandez irlara, horrexegatik joan zen gero Magallanes itsasartera, horrexegatik itzuli zen hurrengo urtean Valparaiso hirira eta horrexegatik utzi zuen larrua ia La Pazen. Horrexegatik bueltatu da Boliviara, eta, berak esan bezala, bueltatuko da atzera.
Bidaia eta bidaiariaren ohiko kontzepzioen bila dabilen irakurlea ez dadila Sanchez-Ostizengana etorri. Beste zerbait aurkituko du bertan. Bidaiariak egin duena kontatzen du, eta egin ez duena egin balu bezala, ikusi duena eta imajinatu duena. Bidaia paperean osatzen da berriz, eta zalantza eta aspertze uneak erudizio arrastoekin betetzen dira. Bidaiariak ez du gezurrik esaten, kontatu egiten du. «Egia nahi duenak» dio idazleak, «hortxe ditu armadako zerbitzu geografikoaren planoak, berehala zaharkitzen direnak. Gainera, orain sateliteak eta GPSa daude, milioika argazkidun datu-bankuak, hizkuntza guztietan idatzitako eta sarean zintzilikatutako milaka kontakizunak... bidaiaria, hondar-espeziea, arkeologiakoa, bere kontakizunek ez dute interesik ez baditu imajinazioz bustitzen eta ez badute beste inork ikus ezin dezakeena edo ikusten dutena, baina bestela, esaten».
Lehen liburua orain ia hogeita hamar urte argitaratu zuen Miguel Sanchez-Ostizek, eta ordutik ez dio idazteari utzi, ez eta argitaratzeari ere, zorionez. Orain hogeita bost urte bazterrera utzi zuen bere lanbidea, probetxugarriagoa eta materialki etekin handiagokoa zena (abokatua baitzen), eta bere buruaren itzal ez izateko apustua egin zuen, egiazko bokazioari heltzea, idazle izatea, alegia. «Nobela nobeleskoak» idazten hasi zen, oso dotoreak, 80ko hamarkada zoriontsu hartako nobelak, eta horien atzean gordetzen omen zen bera. «Baina gaur bizi naizen mundua beste bat da, oso bestelakoa» aitortu du Sanchez-Ostizek, «pikareskaren trauskilkerian bukatu dut, bere lotsagabekerian, bere borondate barre eragilean, aurrean dudanaz, eta injustua begitantzen zaidanaz, hitz eginez. Asaldurak hartzen nau injustua iruditzen zaidan zerbait ikusten badut». Batzuek apokaliptikoa dela diote, baina berak nahiago du hitz egin, isildu eta pasatzen utzi baino. Eskerrak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
