Inguruari loturik
Luis Peña Gantxegi arkitektoa hil da, Donostiako Arkitektura Eskolaren sortzailea eta arkitektura berriaren abiarazlea
Arkitektura urbanista lehenetsi zuen, eta Euskal Herrian lan egin zuen oroz gain
Irune Berro-Ekaitz Goienetxea.
Inguruari erreparatu izanak eraman zuen Luis Peña Gantxegi inguruari erreparatzen dion arkitektura sortzera, inguruari loturiko pertsona eta profesionala izatera. Oñatin bertan, Luis Peña Gantxegiren sorterrian, arkitekto bat bizi zen Gantxegi ume bat besterik ez zenean. «Eta hori oso bitxia zen, orduan arkitektoak hirietan bizi zirelako». Hura gertu izateak arkitekturarekiko interesa pizten lagundu ziola pentsatu du beti. Eta inoiz aitortu du Burgosko katedrala (Espainia) gazterik ikusteak atzera egin ziola, «Madrilera lehen aldiz joan nintzenean bezala». Neurrigabekoa iruditu zitzaion Madril, «herri handia, baina itsusia».
1926an, Oñatin jaioa (Gipuzkoa), Mutrikun eta Markinan eman zuen umezaroa, Gipuzkoa eta Bizkaia artean. Oñatiko unibertsitateak, elizak eta plazak liluratzen zuten. Baita Markinako Munibe parkeak eta Xemeingo eliza neogotikoak ere. «Eta Mutriku dotorea...». Toki eta bizipen horiek guztiek arkitektura ikasteko bidean jarri zutela azaldu zien Gantxegik, samurki, harekin tarte bat partekatzerik izan zutenei.
Euskal Herriaren luze-zabalean obrak utzita joan da Luis Peña Gantxegi arkitektoa, Donostiako Arkitektura Eskolaren sortzailea, Euskal Herrian eginiko arkitektura berriaren abiarazlea. Donostiako Ulia mendian zuen etxean hil zen herenegun, gaixotasun luze baten ondorioz, 83 urterekin. Atzo arratsaldean egin zuten haren aldeko hileta elizkizuna, Mutrikuko Jasokunde Ama Birjinaren elizan.
Arkitektura eskola
Euskal Herrian lan egin zuen oroz gaindi Gantxegik. Donostiako Haizearen Orrazia eta Trinitate plazak, Gasteizko Foruen enparantza, Mutrikuko Imanolenea etxea, Andoaingo Bastero kultur etxea... Gantxegirenak dira guztiak, ata askoz gehiago izan zitezkeen harenak, agintarien artean atzerriko arkitektoei obrak eskatzeko joera nagusitu izan ez balitz. «New Yorken ez dute proiekturik lortzen, eta hemen daude [Frank] Gehry eta horiek, ea zer eskuratu, ea non hartzen duten lurra. Abandoibarrarekin hori gertatzen ari da, oso ondo antolatuta daude. Alondegia ere hala eman diete». Bilboko Guggenheim museoaren arrakastaz geroztik, agintariek Euskal Herriaz kanpoko arkitektoekin baino ez dutela lan egin nahi kritikatu zuen, umiltasunez. «Hemengoak kanpoan geldituko gara horrela!».Ordurako, alabaina, arkitekto gisa sortzen eta hazten ikusi zuen herriaren miresmena irabazia zuen Gantxegik. Bazuen horretarako merezimendurik.
Madrilen egin zituen arkitektura ikasketak, eta bukatu orduko hasi zen Donostiako Udalean lanean, 1959an. Oriol Bohigas arkitekto katalanarekin, 1977an zabaldu zuen Donostiako Arkitektura Eskola, Bartzelonako Arkitektura Eskolan irakasle aritu ondoren. Irakaskuntzarako bokazio handirik ez zuela zioen Gantxegik, «baina arkitektura ikasketak Donostiara ekarri nahi genituen; horregatik sortu genuen Donostiako Arkitektura Eskola». Hasiera batean, Bartzelonako eskolaren mende aritu zen; gero pasatu zen EHUko fakultate izatera. 1991z geroztik, EHUko Arkitektura irakasle emeritua zen Gantxegi.
Sari ugari pilatu zituen ibilbide luzean. Espainiako Arkitektoen Eskolak Urrezko Domina eman zion 2004an. Madrilen egin zuten ekitaldia azaroaren erdialdean, eta Mutrikuko alkatea, Estanis Osinalde zena sari banaketan izan zen, Gantxegik herriarekiko zuen harreman estuaren lekuko gisa. Gipuzkoako kostako herrian egin zuen Gantxegik aurreneko lana, Iberriaga etxebizitzak. Sektoreko profesionalek, orobat, «arkitektura Arte Ederretako beste diziplina batzuekin lotu izana eta sortutako diseinuen maila handia» goraipatu zituzten ekitaldian.
Arkitektura urbanista lehenetsi zuen Gantxegik nekaezin. Arkitektura espazioaren artetzat estuki ulertzea arazo izan zitekeela ohartarazi zuen, pertsonentzako arkitekturaren aldeko azalduz. Naturari eta inguruari loturik garatu zuen bere jarduna, hala egitea «oinarrizkoa» zela iritzita. «Gaudi, Frank Lloyd Wright eta Ludwig Mies van der Roherentzat ere ezinbestekoa izan zen. Gaudik ez zukeen Guell parkea inoiz egingo, naturarekiko ikuspegirik izan ez balu». Ezta Frank Lloyd Wrightek ur jauzien etxea ere.
Gaurko arkitekturarekin, kritiko
Arkitektura berriaren aitatzat dute askok Gantxegi. Nolanahi ere, haren obrak helduleku ezaguna duela onartu zuen. Hots, eraginak aitortu zituen. «Beti egon da eraginen bat». Alvar Aalto finlandiarra «XX. mendeko arkitektorik onena» zela uste zuen Peña Gantxegik, eta haren eraginpean sortu zituen, besteren artean, Donostiako Trinitate plazako harmailak. «Arkitekturan oso zaila da nork bere estiloa izatea; ia arkitekto guztiak hasten dira lanean aurreko estilo baten arabera, eta pixkanaka badoaz beren bidea egiten».
Egungo arkitekturarekin kritiko samar azaldu zen Gantxegi azken urteetan. Abiadura gailentzen ari zela uste zuen, eta lasaiago joan behar zela zioen. «Gauzak hitz egin eta eztabaidatu behar dira. Hemen gehien aprobetxatzen direnak lurjabeak dira, baina politikariek badute beren agenda ideologikoa betetzeko beharra. Hau da, eraikuntza enpresek negozioa egin behar dute».
Bizitzaren ia azkeneraino izan zen lanean, alabaren eta honen bikotekidearekin. Haien esku utziak zituen hainbat ardura eta lan. Baina arkitekturak lapurtzen zizkion pentsamenduak Gantxegiri, eta luzaz eztabaidatzen zuen proiektuez senitartekoekin. Arkitekturari eman dio bizitza, inguruari loturik.
Lan aipagarriak
Peña Gantxegiri buruz idatziak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
