Bibat museo multzoa, Arkeologia museoa eta Fournier karta museoa batzen dituena, inauguratu dute Gasteizen; 1.500 arkeologia pieza baino gehiago ditu museoak.
Altxorren kutxa, zabalik
Anakoz Amenabar.
GasteizHasi du, azkenik, Bibatek ibilaldia. Bost urtetako lanen ostean, Gasteizko Arkeologia museoa inauguratu zuten atzo. Patxi Mangado arkitektoak sortutako kutxa deigarriak Fournier Naipe Museoarekin bat egiten du Alde Zaharreko eraikin multzoan. Antzinatea eta modernitatea uztartuta, erdiguneko «erreferente» izateko jaio da.
Hirurehun bat gonbidatu bildu ziren atzo Bibaten aurkezpenera. Han izan ziren, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe EAEko jarduneko lehendakaria, Izaskun Bilbao Legebiltzarreko lehendakaria, Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea eta Xabier Agirre ahaldun nagusia. «Iragana eta etorkizuna batzen dituen proiektua da; iraganaz harro egon eta etorkizuna eraiki dezakegula erakusten digu horrek», adierazi zuen Ibarretxek.
Ametsa betetzeko, 10,7 milioiko inbertsioa izan da beharrezkoa. Hala, hitzaldietarako aretoa, erakusketetarako aretoa eta liburutegi berria ditu Alde Zaharrak. Eta, noski, eraikin multzoko altxorra museo bietako bilduma iraunkorrak dira. Bisitaldi gidatuan ondarea ezagutzeko aukera izan zuten atzo gonbidatuek. Aurresku, musika eta hitzaldiak izan ziren.
Arazoen atzetik arazoak
Bost urtez, polemika iturri izan da Arkeologia museoa. Besteak beste, atzerapenak izan dituzte, lapurretak, itoginak, eta eraikuntza enpresa batekin ere gatazka izan dute. Arazoak arazo, atzean geratu da gobeotarren jauregia eta etxe berria du jada.
Lau solairu eta 4.200 metro koadro ditu arkeologia museo berriak, 1.500 pieza baino gehiagorekin. Arabako historia Paleolito garaitik Erdi Arora bitartera kontatzea du helburu, arkeologiak izan duen bilakaera erakustearekin batera. Horretarako, testu txikiekin eta ikus-entzunezko materialarekin piezen testuingurua osatu dute.
Veleian aurkitutako ondareak leku garrantzitsua izan behar zuen museoan. Azken ustiaketan aurkitutako piezak, baina, kanpoan geratu dira zalapartaren ostean eta lehenagoko ustiaketetan aurkitutakoak daude bakarrik.
Brontzezko xaflak erabili dira 5.000 metro koadrotik gorako azaleran. «Nire asmoa denbora geldiaraziko zuen eraikina egitea izan da, arkeologiaren esentzia alegia», azaldu du Mangadok. Horretarako, materialik egokiena brontzea dela uste du, «denborarik ez duena».
Eta museo berritik Bendaña jauregi ederrera pasabidea. Karta museoak bederatzi areto ditu, 1.500 metro koadro guztira. Kontinente guztietako karta sortak daude hor; besteak beste, Gasteizen egindakoak. Erakusketa iraunkorrean 250 sorta inguru dago, eta, horretaz gain, kartak fabrikatzean erabilitako makinak eta bestelako objektuak ikus daitezke. Bitxikerien artean, Erdi Aroko karta sortak biltzen ditu, eskuz egin ziren lehenengo sortak eta baita teknika berritzaileen bidez egindakoak ere. Toki berezia du bertan Heraclio Fournierrek.
Laster, bisita eta tailer didaktikoak izango dira, Arabako ondarea ezagutarazteko. Doakoak izango dira bisitak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
