Arabako Aldundiak kereila jarri die Iruña-Veleia auziko erantzuleei
Auzibidean nor jarri duten ez dute zehaztu, baina orain arte Eliseo Gilen taldea eta Amelia Baldeon jo dituzte erantzuletzat
Zigor espedientea abiarazi du, halaber, aztarnategia ustiatu duen enpresaren aurka
Irune Berro-Ainara Gorostitzu.
Arabako Foru Aldundiak auzibidean jarri ditu Iruña-Veleiako ustezko iruzurraren erantzuleak. Gasteizko Guardiako epaitegian kereila jarri zuten atzo, «Arabako kultur ondarearen aurkako delitu zantzuak» daudela iritzita. Aldundiaren aginduz, zenbait adituk iragan azaroan osatu zuten txostenak berretsi zuen aztarnategiko aurkikuntzak faltsuak zirela. Alegia, III., IV. eta V. mendeetako zeramiketan aurkituriko euskarazko idazkunak garai hartakoak ez zirela azaldu zuten adituek, geroagokoak baizik. Iruzur horren erantzuleen aurka bide penaletik egingo du bada, orain, Aldundiak.
2005. eta 2006. urteetan egin zituzten ustezko aurkikuntzak orduan Iruña-Veleia aztarnategia ustiatzen zuen Lurmen SM enpresako arkeologoek. Eliseo Gilek zuzentzen zuen taldeak ustez aurkituriko aztarnek III. mendera aurreratu zuten euskararen agerpena. III. mendeko zeramika horietan euskarazko hitzak aurkitu zituztela esan zuten. Ordura arte topaturiko euskarazko hitzik zaharrenak ziren, horrenbestez. Eta aurkikuntzak «historikotzat» jo zituzten denek, hasieran: filologoek, arkeologoek eta arduradun politikoek.
Lorena Lopez de Lacalle Arabako Kultura ahaldunak azaldu zuen, Diputatuen Kontseiluaren ondoren, Iruña-Veleiako ustezko iruzurraren erantzuleen kontrako auzibidea abiarazi dutela. Iruña-Okako aztarnategian jazotakoak Aldundia zuzenean kaltetzen duela ebatzita erabaki du Diputatuen Kontseiluak ustezko iruzurgileen aurkako kereila jartzea.
Lopez de Lacallek ez du argitu zeinen aurka abiarazi duten auzibidea, auzia sekretupean dagoela arrazoituta. Baina pertsona baten baino gehiagoren kontra egin dutela iradoki du. Nolanahi ere, prozedura kriminala iruzurra eta kultur ondarearen aurkako erasoa egotzita abiatu dutela azaldu du. Orain arteko agerraldietan, aztarnategia ustiatzeko ardura zuen Eliseo Gilen taldea eta Arabako Arkeologia Museoko zuzendari Amelia Baldeon jo ditu Arabako Aldundiak gertatutakoaren erantzule. Areago, biak egotzi ditu kargutik. Aurrena Gil, eta ondoren, Baldeon. Iazko azaroaren 19an kendu zioten Gilen taldeari aztarnategia ustiatzeko baimena. Baldeon, berriz, hil honen hasieran kendu zuten kargutik.
Iruña-Veleia aztarnategiko zuzendari berria nor izango den ez du esan Lopez de Lacallek. Baina zenbait adituk osatutako taldea eratzeko lanean ari direla aurreratu du. Nahiago dute talde baten esku laga aztarnategiko zuzendaritza, pertsona bakar baten ardurapean baino. Baldeon Armen Museoko teknikari arduraduna izango da aurrerantzean, eta bihar inauguratuko duten Arkeologia Museoko zuzendari Iratxe Ruiz de Erentxun ezarri zuten Baldeon kendu eta biharamunean, foru dekretu bidez.
Lurmeni espedientea
Ustezko iruzurraren arduradunak auzibidean jartzearekin batera, aztarnategia ustiatzeko ardura zuen Lurmen SM enpresaren aurkako zigor espedientea abiarazi du Aldundiak, guztira, 150.000 euro arteko isunak eskatuz. Horren ondorioz, Eliseo Gilen enpresak bere ondasun guztiak atera beharko ditu aztarnategitik, eta, horretarako, zortzi eguneko epea izango du. Dena dela, auzibidea ebatzi bitartean epaitegiak zigor espedientea eten egin duela jakinarazi du Lopez de Lacallek. Auzibidean gertatutakoen arabera egingo ditu epaitegiak urratsak zigor espedienteari dagokionez.
«Indusketa metodoetan irregulartasunak» izan zirela argudiatuta erabaki du Arabako Batzar Nagusietako Diputatuen Kontseiluak Lurmen SM enpresaren kontrako espedientea martxan jartzea, Lopez de Lacallek azaldu duenez. «Aurkikuntzak faltsutzea eta aztarnen inguruko txostenak desitxuratzea eta moldatzea» egozten dio, orobat, Aldundiak Gilen taldeari. Horrez gain, «Lurmen enpresako aholkulari zientifikoak sinestamendu profesional falta» duela uste du Aldundiak. Eta «Frantziako laborategiek eginiko ustezko analitikaren txostenak aurkezteko eskaerari uko egin izana» ere «larria» dela dio Lopez de Lacallek. Kultura diputatuak ezin onartuzkotzat jo du, halaber, «Lurmeneko langile batek zenbait aurkikuntzaren data faltsutzea». Baita ere «enpresako zuzendaritzak erakutsitako kontrol falta eta axolagabekeria».
Atzo epaitegian jarritako kereila kriminalaren eta Lurmen SM enpresaren kontrako espedientearen aurretik, joan den otsailaren 18an barne ikerketa jarri zuen abian Aldundiak, indusketetan administrazioaren ardurarik egon ote zen argitzeko. Barne ikerketa iragan abenduan fiskaltzaren esku utzi zuten prozeduratik aparte doa. Baita oraintsu abiarazitako auzibidetik ere. Ondare eta funtzio publikoari dagokion arau-hausterik edo kalterik egon ba ote den argitzea da barruko ikerketaren helburua.
Iruña-Oka herriko aztarnategian jazotakoa argitzeko hogei hilabete daramatza lanean Arabako Aldundiak. Eta auzibideari ekiteko delitu zantzuak badaudela ziurtatu du, eta, era berean, fiskaltzak kolaboratzeko erakutsi duen nahia nabarmendu.
Altxorra iruzur bihurtu zenekoa
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
