Silveira, garaiezina
Julio Sotori gailendu zaio Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, kitarakoan, eta seigarren txapela jantzi du
Inoiz ikusi gabeko giro eta maila izan da Elizondoko Lur dantzatokian
Alberto Barandiaran.
ElizondoXabier Silveirak historia egin du bertsolari txapelketan, eta gaur arte inork lortu ez eta aurrerantzean ere zaila izango den marka jarri zuen atzo Elizondoko Lur dantzatokian: seigarren txapela janztea. Hura zen faborito nagusia, baina iazko atsedenaren ondoren, eta ikusita aurten Julio Sotok egin dituen saio txukunak, ikusmina zegoen finala nola joango zen. Eta azken urteotako eta, beharbada, inoizko Nafarroako bertsolari final onena eskaini zuten bi bertsolarien artean, batez ere desenpatea jokatu behar izan zutenean. Izan ere, bost puntu baino gutxiagoren aldearekin iritsi ziren bi bertsolariak behin kartzelakoa kantatu eta gero.
Orduan, Lur aretoa txaloz eta animoz bete zen, aspaldi ikusi gabeko jai giroan. Orduan, Silveirak esperientzia handiagoa erakutsi zuen, eta Sotok hortxe, kartzelako gaian, poto egin zuen. Beharbada hor jokatu zen finala. Amaieran, baina, dena barkatu zioten Gorritiko gazteari, eta agurreko bertso bi kantatzera behartu zuten entzuleek. Silveirak beti buruan eramaten ohi duen txanoa jantzi zion Sotori.
Agurrean, Silveirak onartu zuen «Julio kabroiak» urduri jarri zuela. Eta jendeak hura ere bigarren bertsoa kantatzera behartu zuen. Eta orduan, jendeak txapela merezi zuela eta, jende artera bota zuen merezimenduko saria.
Giro berezia
Giroak, egia esanda, zerbait berezia zuen. Lehen aldiz, jendea sartu ezinean geratu zen Lur dantzalekuan, nahiz eta antolatzaileek mila sarrera inguru jarri zuten salgai. Horrenbeste, zaletu askok kanpotik entzun behar izan zuten saio osoa.
Eragina izan zuten, nola ez, aurreikuspenek. Silveira ez zen, azken urteetan bezala, faborito argia, eta Julio Soto gaztearekin zeukan lehiak bertsozale asko erakarri zuen. Eta, ohiko lanak bete eta gero, azkenean desenpatea egongo zela iragarri zutenean, txalo zaparrada beroa eskaini zioten entzuleek bi bertsolari handiei. Eta, beharbada onenak ez, baina bai bertso beroenak kantatu zituzten biek ala biek.
Gaia jarrita, kiniela egiten ari diren bi lagunak ziren Silveira eta Soto. Sotok nahiago zuen dirua jaso, talde kuttuna bigarren mailara jaitsi behar bazen ere. Silveira kirol sentimenduaren alde egin zuen. Horrela kantatu zuten: «Dirua da gehien bat/ jokoan duguna/baina irabaztea da/ komeni zaiguna/ diruaren gainetik/dago Osasuna». Sotok erantzun zion berari bost axola ziola taldeak. Eta Silveirak bota zuen:
Irteera hoiekin
nahiz zutaz kupida
dirua besterikan
ez duzu desira
bi miloi terdi bizi
hontan ez da aunitz ba
bertsotan hori lortu
genezake di da
Lizaso ta Egaña
hola bizi dira
Julio Sotok horrela arrapostu zion orduan:
Aze etorkizuna
dudan alajaina
gora osasuna betis
erregea españa
gaur Real Madrilek eman
diezaiola kaña
nahiz ateratzen duten
bizitzeko aina
zu ez zera Sebastian
ta ni ez naiz Egaña
Ondoren, kartzelako gaia kantatu behar izan zuten bi bertsolariek, berriro. Gaia, «aspaldiko partez bertze bat eskatu dizute». Silveira bukaera horretatik abiatu zen, eta entzulegoa bertze txapela bat eskatzen bazion ere, «Julio Soto bezain ona ez zela» kantatu zuen lesakarrak. Eta, gero, berak dakien bezalako bertso sentitua, jende guztia ia zutik jarri zuena.
Orain arte txapelketak
ziren ia beti berdin
etorri ta konektatzen
saiatu epaileekin
jendeaz ahazten ginen
presioa nahi ekidin
baina horrela ezin da
kantatu txukun eta fin
gaur bihotza eman dizuet
nik gehiago eman ezin
igual konformatu behar
duzute muxu honekin.
Hor irabazi zuen txapela, seguru asko.
Bertso saio bizia
Silveira bera iritsi zen aurretik desenpatera, alde txikiz. Baina bertso saioa, orokorrean, bizia izan zen hasieratik, eta esan daiteke bertsolari guztiek maila oso polita eman zutela. Esan daiteke, oker handirik gabe, Nafarroako inoizko bertsolaritza finalik onena izan zela atzokoa.
Zortziko handian bizi aritu ziren denak, baina zortziko txikian, esaterako, Julen Zelaieta eta Ander Fuentes Itturrik kantatu zutena azpimarretzekoa izan daiteke. Iturrik etxe atarian pixa egiten zuena harrapatu zuen, hau da, Julen Zelaietak. Horrela desenkusatu zen Zelaieta:
Nahiz ta nengon kanpoan
omen zelakoan
berriz ere kapar hau
azaldu gaurkoan
halare zertarako
guain ihesi joan
a ze komun guapoa
duzuna kanpoan
Eta Itturrik erantzun:
Nik hori entzutea
orain nuen falta
ate parean jarri
ta brageta aska
um ta um zebilen
gizona indarka
pixkat gehiago eta
egingo zun kaka
Bertso sorta polita entzun zen orobat, baina ederrenetakoa, Barberenak kartzelako gaian kantatu zuena lehena izan zen. Adio egin gabe joan zaion kuttunari:
Motxila hartu ta joan zinen
tttipi ta ttapa emeki
zure hutsunea ikusi orduko
bi begiak ziren busti
ez da alegre ta ez serio
ez gero arte ta ez adio
aldegin zenun basati
jokaera hortan igual badira
ez dakit zenbat zergati
zure ezpaina nahiko nituzke
mingainarekin ebaki
baina etzaude hemen maitea
askatu egin da gure katea
nahiz eta zauden urruti
oroituko zaitut beti
Sailkapena
Xabier Silveira.
Bertsolaria«Pozik nago, Juliok ia-ia irabazi egin didalako»
A.B.
ElizondoAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
