Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:24

KULTURA;2009-03-21;«Engainu garaikidea». Joakin Gorrotxategik, Javier Velazak eta Koenraad Van den Driesschek jendaurrean eztabaidatu dute, lehen aldiz, Veleiaz Filologoa eta epigrafista iruzurraz mintzo dira; geologoak froga gehiago eskatu ditu

«Engainu garaikidea»

Joakin Gorrotxategik, Javier Velazak eta Koenraad Van den Driesschek jendaurrean eztabaidatu dute, lehen aldiz, Veleiaz

Filologoa eta epigrafista iruzurraz mintzo dira; geologoak froga gehiago eskatu ditu

Alberto Barandiaran.

Bartzelona.

Berriemaile berezia

Iruzur guztiak garaikideak dira. Nor bere garaikoa, alegia. XIX. mendeko engainu arkeologikoetan, iruzurgileek hizkuntzalaritzari eta literaturari egiten zieten keinu, garaiko gizarteari ziria sartu eta haren konplizitatea irabazteko. Veleiako eskandaluan, zientziak eta, zehatz esanda, fisikak hartu du garrantzi berezia.

Iruña-Okako aztarnategian aurkitutako testuei buruzko zalantzak zabaltzen hasi zirenean, atzerriko laborategi prestigiotsuetan egindako datazioak izan ziren Eliseo Gilen euskarri sendoena. Joakin Gorrotxategirentzat, hori izan da akats handienetako bat, baina baita engainuari gaurkotasunezko marka erantsi dion ezaugarria ere.

«Gaur egun, txosten fisikoak dira garrantzia dutenak. Zientziek letrek baino izen gehiago dute, eta, zientziaren bidez, gizarteari iruzurra egin nahi izan diote, sinetsarazteko Veleiako testuak benetakoak zirela».

Javier Velaza epigrafistak ere ez du zalantzarik. Testuak ez dira benetakoak. Herenegun, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako mahai inguruan, Velazak Epigrafiaren armak izeneko idazkia aurkeztu zuen. Filologoek berriki egin moduan, epigrafiaren baliagarritasuna eta fidagarritsuna aldarrikatu nahi zuen, eta aztertu zituen adibideekin dudarako zirrikitu gutxi geratu ziren.

Bien artean, Koenraad Van den Driessche geologoa. Terrae Antiquae eztabaidaguneko ohiko solaskidea da, metodo zientifikoaren defendatzaile sutsua, baina piezak zalantzatsuak direla onartu zuen hark ere. «Ez dut esango benetakoak direla, analisi kulturala onartzen dut. Anakronismoak direla begi bistakoa da». Datazio gehiago eskertzekoa litzatekeela azaldu zuen, hala ere. «Iruzur direla esateko, analisi filologikoez gain, analisi petrografikoak egin beharko lirateke».

Gilek uko egin zion eztabaidari

Antolatzaileek Veleiako idazkunen inguruan oraindik bizirik dagoen eztabaidaren bi aldeak bildu nahi zituzten mahaiaren bueltan, baina neurri batean bakarrik lortu zuten. Eliseo Gilek uko egin zion gonbitari. Ez zen gutxi, hala ere, testuen faltsutasuna inork baino ozenago aldarrikatu duen Joakin Gorrotxategi eta batzordearen lana zalantzan jarri duen Van den Driessche geologoa elkartzea. Javier Velaza epigrafistak ere inoiz ez du herenegun bezain garbi hitz egin. Ez jendaurrean bederen.

Gorrotxategik, oro har, argudio ezagunak errepikatu zituen. J hitza ezinezkoa dela; komak daudela; Pluton, horrela idatzita, espainieraz bakarrik uler daitekeela; Ramses edo Nefertiti III. mendean ez zirela horrela idazten edo ezezagunak zirela; gaur egungo iruditeria dagoela... Euskarazko idazkiei dagokienez, berdin. «Inskripzio bakoitzak argudio bat baino gehiago dauka faltsuak direla frogatzeko». «Ez dago zigilatutako kamerarik, Gilen taldekoek argudiatu zuten bezala» gaineratu zuen, «esaldi, izen asko, puntuazio zeinuak eta, oro har, grafia, modernoa delako».

Filologoak Ruben Cerdan fisikariaren txostenari ere erreparatu zion. Cerdan Eliseo Gilen taldeko aditua da, eta hare aginduz eginiko froga fisikoaren gainean oinarritu dute, behin baino gehiagotan, aurkitutakoaren sinesgarritasuna. «Horixe esan ziguten» gogoratu zuen Gorrotxategik, «Ruben Cerdan izeneko ustezko fisikari nuklear batek enkargatutako txostenek datazioa frogatzen zutela. Baina, txostenaren barruan, 1990ean egindako grafiko bat sartu zuen [Cerdanek]. Ondorioa? Txostena ez datorrela egiarekin bat».

Txosten fisikoak, iruzurra

Koenraad Van den Driessche izan da, hain zuzen ere, Cerdanen lanaren defendatzaile sutsuenetako bat, baina herenegungo hitzaldian iruzurgilea zela onartu zuen. «Garbi dago haren txostena alboratu behar dela. Buruargitasuna harekin bat ez datozenei ziria sartzeko erabili du». Geologoak ez zuen zalantzarik izan, hala ere, batzorde zientifikoaren lana kritikatzeko. «Ebidentzia geologikoak ukatu dituzte. Bertan ez zegoen datazioetan aditutako inor. Bitxia da».

Haren ustetan, badira hainbat metodo piezen datazioa ziurta dezaketenak. Horien artean, erradiazioaren kutsadura neurtzen duen zesio 137ren froga, edo arrastoen barruan geratutako hondarren ikerketa. «Sedimentologo on batek gehiago azal lezake txosten fiologikoek diotena».

Baina Javier Velazarena izan zen, dudarik gabe, ekarpen berriena, argudio epigrafiko sorta eman zuelako idazkunak faltsuak direla frogatu nahian. Irizpide epigrafikoen artean, azaldu zuen Iruña-Okan agertutako ostraken idazkunetan hitzen arrastoek konkrezio zaharrak, hau da, denboraren markak ebakitzen dituztela. «Arrastoak, beraz, berriak dira».

Irizpide paleografikoen artean, Gorrotxategik azaldutako zalantza berdinak nabarmendu zituen Velazak, hau da, J, U edo Y hizkien presentzia; minuskulak -«erromatarrek ez zituzten erabiltzen»-, edo puntuazio zeinuak, esaterako komak. Hizkuntz irizpideei dagokienez, hainbat adibide eman zituen. «Erabakigarriena, cuori, hitz hori egungo italieraren bidez soilik uler daitekeelako». Adibide historiko eta kultural ugari eman zituen, orobat. RIP laburduraren «ezintasun teologikoa» esaterako.

Ia ehun lagunek bete zuten Euskal Etxearen kultur aretoa, eta galdera egin zuten guztiek ontzat eman zituzten azalpenak. Gorrotxategiri erantzuleez galdetu zioten. «Arkeologoengandik oso gertu daude», erantzun zuen hizkuntzalariak. «Ezin dut esan, hala ere, haietako bat den edo ez». Filologoak argi utzi nahi izan zuen inork ez duela formalki Gil iruzurgiletzat jo. «Fiskaltzan ondarearen aurkako balizko delituagatik salaketa aurkeztu dute. Baina errua gorabehera, garbi dago erantzulea bera dela».

2007ko indusketan «gauza gehiago» agertu direla azaldu zuen, «baina oraindik aztertu gabe dago», eta, hasiera-hasieran, hainbat adituk idazkunak benetakotzat eman zituela iragarri zuen. Ez zuen izenik eman nahi izan hala ere. «Gilen esanak dira».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia