Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:24

KULTURA;2009-03-17;'Juglarea, puta eta eroa' antzezlanak irabazi du IX. Donostia Saria. Le Petit Theatre de Painek Foren testuak hiru euskara moldetan atondu izana balioetsi du epaimahaiak

'Juglarea, puta eta eroa' antzezlanak irabazi du IX. Donostia Saria

Le Petit Theatre de Painek Foren testuak hiru euskara moldetan atondu izana balioetsi du epaimahaiak

Ainhoa Oiartzabal.

Donostia

«Toki diferenteetako euskaldunek elkar ulertuko duten Amerika» eraikiko du Viktoria Eugenia antzokian, hilaren 27an, Nafarroa Behereko Le Petit Theatre de Pain antzerki taldeak. «Bi euskaldunek elkar ulertzeko, Amerikan egin behar dutela topo dirudi eta», adierazi zuen atzo Donostiako udaletxean Ximun Fuchs aktore eta konpainiako kideak, IX. Donostia Antzerki Sariaren irabazlea euren Juglarea, puta eta eroa obra dela iragarri zuten agerraldian.

Euskaldunen arteko inkomunikazio egoera horrek izan du pisurik antzezlana prestatzeko orduan. Hala, hiru euskara molde -Iparraldeko batua, Hegoaldeko batua eta zuberera- hitz egiten dituzte, hurrenez hurren, Fuchsek gorpuzten dituen koblakariak, putak eta eroak. Jatorrizko hiru testuak Dario Fo antzerkigile italiarrarena dira, eta hark erabiltzen dituen dialektoek eman diote bide hiru hizkera horien erabilerari.

Hain justu, Juglarea, puta eta eroa obraren «euskararen eta euskara aldaeren erabilera» goraipatu du epaimahaiak: «Dario Foren testuak hiru hizkuntza aldaeratara euskaratu izan dira eta ez da izaten ohikoa». Antton Luku, Hartzea Lopez Arana eta Allande Etxartek euskaratu dute obra.

Mendekua helduleku

Ximun Fuchs aktoreak hiru pertsonaia nagusien bitartez ia 40 rol jokatzen ditu. Epaimahaiak horrela baloratu du haren lana: «Ahoskerarekin ez ezik, interpretazioarekin ere bete-betean asmatu du muturreko pertsonaiak antzezteko gaitasun aparte erakutsiz». Antzerki obrari buruz, Agus Perez epaimahaikide eta BERRIAko antzerki kritikariak iazko martxoaren 23an eginiko kritikan hala zion Fuchsen lanari buruz: «Antzezteko duen gaitasun ederra frogatu zuen, muturreko pertsonaiei bizi sendoa emanez eta gure aurrean gauzatuz haietariko bakoitzaren karakterizazioa».

Oinarri-oinarrian mendekuak batzen ditu obrako pertsonaia guztiak; mendekuak nola biziarazten dituen da ardatza. «Juglarea, adibidez, guztia galdu eta mendeku gisa, aktore bihurtzen den nekazari bat da», azaldu zuen Fuchsek obraren Juglarearen jaiotza monologoari buruz. Putaren kasuan, azpi-azpitik aurrera egiteko modua mendekua nola izan daitekeen erakutsiko du pertsonaia honek, Puta eroetxean monologoan. Eta eroak, berriz, Eroa eta heriotza monologoan, heriotzak sortzen digun beldurrak eragiten duen mendekua du hizpide: «Bizitzen jarraitzeko gailu nola bihur daitekeen».

Azken pertsonaia hori zubereraz mintzo da. Fuchsen arabera, euskaldunen hizkuntza mitiko hori poetikoa eta oso lurtarra da aldi berean: «Badu maskaradatik zerbait. Lurrari biziki lotua da, zikina, bortitza, ardoz blaitua».

2011rako beste bat

IX. Donosti Antzerki Sariaren irabazle Le Petit Theatre de Pain antzerki taldeak Clara Gangutiaren margolan bat eta 10.000 euro jasoko ditu saritzat; 8.000 orain jasoko ditu, eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko, euskarazko beste antzerki lan bat eskaini beharko dute Donostian, 2011. urtea amaitu aurretik.

2008an Donostian aurkeztu diren euskarazko bederatzi obren artean onena dela iritzita eman diote saria Juglarea, puta eta eroa-ri. Sariketan parte hartu zuten bederatzi obra horien 22 emanaldi izan ziren guztira iaz Donostian, eta 4.000 ikusletik gora batu zituzten. Duela bi urteko datuekin alderatuta, bi obra eta lau emanaldi gehiago eskaini dira.

 

Nazioarteko Antzerki Eguneko mezua bertsolariek zabalduko dute Donostian



Antzerkiaren Nazioarteko Eguna dela eta, hilaren 27rako ekitaldi berezia antolatu dute, Donostiako Viktoria Eugenian antzokian. Le Petit Theatre de Pain antzerki taldearen Juglarea, puta eta eroa antzerki obra sarituaren emanaldiaren aurretik, ekitaldi berezia eskainiko dute hainbat artistak, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Besteak beste, Kukai konpainiako dantzariek, Iñaki Salvador pianistak, Harkaitz Cano idazleak eta Oreka Tx-ko txalapartariek hartuko dute parte Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak aurkeztuko duten ekitaldian. Bertan irakurriko dute egun horretan mundu osoko antzokietan irakurtzeko Augusto Boal antzerkigileak (1931, Rio de Janeiro) idatzitako testua. Donostiaren kasuan, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek helaraziko diote mezua publikoari.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia