Iñaki Garmendia, 'Laja'.
Trikitilaria«Trikitilariak belarri ona ez ezik begi ona ere behar du lekuan lekuko publikoari behar bezala erantzuteko», dio, eskarmentua baitu; bizi osoa darama soinu txikiari itsatsita, eta hala jarraituko du ahal duen artean.
«Trikitiak zoriontasuna ematen dit»
Gorka Erostarbe.
AzkoitiaEguraldi narras eta euritsuarekin etxeko gozoa du gogokoen Iñaki Garmendia Laja-k (Azkoitia, 1944). «Euria egiten duenean etxean soinua jotzeko aukera izaten da. Gustura asko egon ninteke hiru edo lau orduz soinua jotzen». Erromeria garaian, ordea, nahiago, eguzkiaren epela. «Giro ederra izaten da ona halakoetan, bai guk eta baita jendeak ere gehiago goza dezagun». Euria goi eta behe, baina erreparo handirik ez du jarri Lajak bere jaiotetxearen atzealdeko zelaian modelo lanak egin eta argazkiak ateratzeko.
Trikitilarien artean beteranoenetakoa izanagatik, sasoiko eta emankor jarraitzen du Lajak. Urruti geratzen da dagoeneko Iturbide lagun hartuta 1974an argitaraturiko Trikitilariak hura, eta Landakanda adiskidearekin bizi izandako urrezko aroa ere urruti da. Baina soinu txikiari lotuta jarraitzen du Lajak. Azken jazzbana izeneko lana plazaratu zuen 2005ean, Eguren eta Ziolar lagun zituela. Eta oraintsu kaleratu du Non zuztarra, han adarra, Mikel Alustiza pandero jotzailea bikote izanik. Landakandak jotzeari utzi zionetik hura izan du alboan. Harekin eman zuen argitara Eguzki begi 2002an, Elkarren eskutik hura ere. Bi belaunalditakoak izanik ere, oso ondo hartu dute elkar. «Oso ondo konpontzen gara. Bera dezente gazteagoa izanagatik, oso ohitua dago jende helduarekin ibiltzen. Zumarragako trikitiarekin asko ibilitakoa da, familiakoa baita». Hala ere, Ramon Zubizarreta Landakanda lagun zaharra ere gonbidatu modura izan du diskoan. « Guk nahi genuen, eta bera ere, oso pozik».
Bi pandero jotzaileak ditu gustuko, baina desberdinak direla ere argi dauka Lajak. «Landakandak berezkoa du trikiti giroa sortzeko gaitasuna, oso alaia da, eta ahotsa oso berezia du. Mikel, berriz, oso abeslari ona da. Trikitia ederki kantatzen du, baina gainerako kantuak ere bai. Oso ahots ederra dauka, pandero jotzaile osoa da. Panderoa oso ondo jotzen dute biek, eta laguntzaile apartak dira. Ni gustura biekin».
Benito Lertxundi, Xabier Lete, Gontzal Mendibil eta, batez ere, Andoni Salameroren doinuak moldatu ditu Lajak lan berrian -hitz gehienak ere Zumarragako poetarenak dira-, baina bada berak sortutakorik ere, diskoari izena ematen dion trikitia, esaterako. «Ahalegin handiagoa eskatzen du pieza bat sortzeak, baina behin jarriz gero, nahiko erraz ateratzen zaizkit». Besteak beste, Pepe Iantzirekin ikasi zituen soinu txikiaren sekretuak. «Badakit haiek zer joskera egiten zituzten, pieza nola hasi eta nola bukatzen zuten eta zer tonu aldaketak egiten zituzten...». Bakardadean ekiten dio pieza bat sortzeari. «Egunak izaten dira. Batzuetan, bertsolariari bertsoa nola halaxe etortzen zait doinu edo ideia bat. Beste batean, jarri egoskorrean, baina ez zaizu ezer etortzen. Etortzen denean grabatu egiten dut nik, eta gero bariazioak sartzen saiatzen naiz, harik eta gustura geratu arte».
Trikitia, bizitza
Sei urte zituela hartu zuen aurrenekoz eskusoinua Lajak. Aita izan zuen lehen maisu: «Hohner markako soinu txiki bat zuen aita zenak. Gaur nahi genuke halako soinu bat geureganatu, baina ezinezkoa da ia». Ondoren etorri ziren Iantziren edo Isidro Larrañagaren irakaspenak. «Jende gehiagorekin ere tratatu nuen. Joxemari Iriondo, Migel Sagastume Urkiko Aztia, Sakabi nire bigarren aita izan zen, oso ona zen, Elgeta... Denengandik jaso nuen pixka bat».
Haietako asko joan ziren, eta egun Laja da trikitia molde klasikoaren eredu agerikoena, ia-ia desagertzear den kasta bateko itsas-argia. Askorentzat, «maisu handia». Hitz horiek entzunda begiek dir-dir egiten diote, eta irribarre txikia ageri zaio ahoan. Irribarre umila. Harrokeriatik urrun dago Lajaren hizketa modua. «Halako gauzak entzunda, poza hartzen dut. Lehengo trikiti zaharra dezente mantendu dugu, eta gaur egunera arte ekarri dugu. Beste zenbaitzuek, Kepak [Junkera] eta Tapiak-eta aldakuntzak ekarri zituzten, eta hori ere beharrezkoa da. Beti iguala ezin liteke egin. Beti balsean dantza egitea bezala litzateke hori. Aldaketa behar da, eta denetarik. Gero jendeak erabakiko du zer gustatzen zaion».
Bera soinua jotzen hasi zenetik trikitia jotzeko modua asko aldatu dela garbi dauka Lajak. «Orduan oso gutxi ziren benetan musikariak, musika bazekitenak. Hemen Azkoitian, adibidez, Kandido Begiristain zegoen, eta hark txapelketetan Sakabi eta Elgeta menderatzen zituen. Ez naiz akordatzen besterik ba ote zen. Gainerako guztiek belarriz eta aurrez aurre ikasitakoak ziren. Gaur egun, aldiz, asko ikasitako jendea dago. Solfeoa, harmonia... Partitura hartu eta di-da jotzen dute». Horrez gain, genero aldaketa bat ere egon da Lajaren ustetan: «Gaurko trikitilari gazteak ere entzuten ditut. Lehengoan Azkoitiko Martirieta auzoan lehiaketa bat izan zen. Sei bikote ziren eta denak neskak, mutil bakar bat ere ez zegoen. Eta nola jo soinua! Izugarrizko maila zuten».
Gazte askorentzat, eta ez haientzat bakarrik, trikitia «gauza zaharkitua» dela jakin badaki Lajak, baina trikitiaren mundua ezagutzera animatu nahiko lituzke. «Gazteei esango nieke hurbiltzeko trikitiaren soinura. Gaur egun, trikitiarekin denetik jotzen dute. Rocka ere jotzen dute. Eta asko disfrutatuko dutela, batez ere dantzan ikasten badute. Dantzan ez dakienak ez du disfrutatzen, baina baldin badaki balsa dantzatzen, tangoa dantzatzen, sueltoan dantzatzen... asko disfrutatuko du».
Gazteak eta besteak hurbildu nahiz ez, Lajak egunero-egunero eragingo dio hauspoa trikitiari. «Soinua uzteagatik diru mordoa emango balidate ere ezingo nuke utzi. Trikitiak zoriontasuna ematen dit».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
