«Gu seguru gaude»
Iruña-Veleiako idazkunak gertutik ikertu dituzten Joseba Lakarrak eta Joakin Gorrotxategik faltsuak direla berretsi dute
Hizkuntzalarien eremua errebindikatu dute, eta zuhurtziaz jokatu dutela aldarrikatu
Alberto Barandiaran.
GasteizMaiatzaren hasieran izan zen, 5ean edo. 2006an. Eliseo Gil Iruña-Veleiako zuzendariak Joakin Gorrotxategi EHUko Linguistika Preindoeuroparreko katedradunari deitu eta esan zion: «Zuretako sorpresa polita daukat». Iruña-Okako aztarnategian, Gorrotxategik Gilen talde osoa aurkitu zuen, zain. Jakinminez, katedradunak zer esango. Gilek euskarazko idazkun batzuk erakutsi zizkion. Gorrotxategik Erdi Arokoak ez ote ziren galdetu zion. Ezetz. III. eta V. mende bitartekoak zirela.
Hura izan zen Gorrotxategiren eta Gilen arteko harremanaren lehen kapitulua. Gilentzat, logikoena Gorrotxategiri deitzea zen. Hura da euskara zaharreko aditurik handiena, Joseba Lakarrarekin batera, baina sorpresa polita amesgaizto bilakatu zen. «[Idazkunei] Susmo txarra hartu nien berehala», dio Gorrotxategik. «Arkeologoa ez naizen arren ikusiak ditut ostraka eta grafito asko, eta euskarria ona iruditu zitzaidan berehala, baina letrak arraroak ziren. Eta euskara bera agertzea ez zen espero zen gauza bat, zeharo berria zen». Inpresio hori ez zen behin ere aldatu 2008ko ekainaren 22a arte. Egun horretan, aurkikuntzen gaineko ilunak argitzeko Arabako Foru Aldundiak osatutako batzarraren bilera deitua zegoen. Egun horretan, Gorrotxategik batzordearen esku utzi zuen bere txosten zientifikoa. Ondorioa: «Iruña-Veleian agertutako ostraka guztiak faltsuak dira».
Gorrotxategi, Joseba Lakarra eta Henrike Knorr izan dira batzorde zientifikoko filologoak. Eta filologiaren sinesgarritasuna aldarrikatu dute oroz gain. «Oraindik batzuk ari dira ea piezak benetakoak izan daitezkeen galdezka», azaldu du Gorrotxategik. «Froga gehiago egin behar direla laborategian, patina zehazteko... baina hori hasieratik bide txarra hartzea da. Zer da auzitan dagoena? Testuak. Testuen gainean zeinek esan behar du esan beharrekoa? Filologoek. Eta filologoek diotena onartu behar da». Joseba Lakarra ondoan duela, dudarik gabe baieztatu du. «Gu seguru gaude».
Henrike Knorri deia
Maiatz eta ekain hartan gertatu zen dena. Garrantzitsua da gogoratzea. Gorrotxategiri lehen idazkunak erakutsi ondoren, Gilek Henrike Knorri deitu zion. Orduan, Euskaltzaindiko ikerketa burua zen Knorr. Biei esan zien erakutsitako piezak «labetik atera berriak» zirela. Aurreko urtetako aurkikuntzak udazkenean aurkeztuko zituztela, eta, gero, urte bukaeran edo, lanean jarriko zirela berriak ikertzen. Baina ekainaren 9an, prentsan lehen filtrazioak agertu ziren. «Zoroaldi ikaragarrian erori ginen denak», aitortu du Gorrotxategik. «Eta orduko nire ardurarik handiena gauzak geldiaraztea izan zen. Prentsaurrekora atera ginen, esatera baietz, agertu zirela gauza batzuk, euskara zela, baina denbora behar genuela».
Ordurako unibertsitatean ere baziren susmoak. Ekainaren 10ean bertan, Ricardo Gomezek zalantzak publiko egin zituen Filoblogia eztabaida foroan. Hitz batzuk «modernoegiak» zirela, eta «arazo franko» sortzen zituztela.
Ekainaren 15ean bertan, prentsaurrekoa eman eta gero, Eliseo Gil eta Idoia Fillol arkeologoek «beste sorpresa bat» iragarri zioten Gorrotxategiri. Harresietatik kanpo «gauza gehiago» agertu zirela. «Horrek esan nahi zuen ez zela berantiarra, goi inperiokoa baizik: II. mendea. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan».
Latinezko hitzak aztertzen hasi zenean, dudak agerikoagoak egin zitzaizkion. Orduan, eskutitza idatzi eta Arabako arkeologia arduradunaren esku uztea erabaki zuen. Bertan azaldu zuen luze aritu zela aurkikuntzei «justifikazioren bat» bilatu nahian, baina ezin izan zuela. «Gai ilun eta kontraesankor asko daude». Eta ondorioztatu zuen: «Dena kontuan hartuta, ez dago inola ere esaterik euskarazko testuak zaharrak direla».
Baldeoni eskutitza
Baldeonek eskutitza gordetzea erabaki zuen. Bi urte eta erdiz. Jarrera horrek aferaren bilakaera erabaki zuela uste dute Arabako Foru Aldundian, txostena bera alerta gorena zelako. «Txosten horri bidea eman baliote, dirua, denbora eta indar asko aurreztuko genituen», nabarmendu dute. Handik bost hilabetera, azaroaren 18an, Joakin Gorrotxategik prentsan jaurti zituen bere zalantza guztiak. Handik egun batzuetara, Joseba Lakarrak beste artikulu bat idatzi zuen, gisa berekoa.
Baina bost hilabete asko dira. Azken asteotan, hainbat iritzigilek EHUko katedradunei leporatu diete kosta egin zitzaiela erreakzionatzea. Gaurtik ikusita, gehiegi itxaron ote zuten, duda hori onartzen dute bi zientzialariek. «Baina erantzuteko erabateko segurtasuna eduki behar duzu», arrazoitu du Gorrotxategik. «Gu seguru geunden, baina ate bat zabalik utzi behar zen libre [Gilen taldearentzat]. Horregatik, batzordea osatu zenean, berehala esan nuen hemengoekin egin behar zela. Gu ginela gai hori egiteko. Norbait kanpotik etor ez zedin gu guztiok barregarri uzteko». «Lotsagabekeria zen ateratzea esanaz hori goitik behera faltsua zela, lau pieza ikusita», berretsi du Lakarrak.
Biak haserre daude, «kokoteraino», Eliseo Gilen taldearekin. «Azken hiru urteotan ez dute normal jokatu», dio Joakin Gorrotxategik. «Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko epigrafia irakasleak berak esan zuen idazkun guztiak faltsuak zirela goitik behera, baina Gilek ez zuen ezer egin».
Azkenotan, berriz, beste kritika bat gehitu da. Pieza batzuk benetakoak izan daitezkeela, eta froga gehiago egin beharko liratekeela. Aukera dago batzuk benetakoak izateko? «Euskarazkoak, ez». Inolako dudarik gabe baieztatzen du Gorrotxategik, antzinako euskaran dagoen aditurik prestigiotsuenak. «Eta latinezkoak ere ez».
Argudioak bien txostenetan daude.
Henrike Knorrek maiz defenditu zuen idazkunen balioa, baina hil baino bi aste lehenago mezua igorri zien beste bi filologoei. Mezu horretan, antzinatekoak ez zirela onartu zuen azkenean.
Knorr: «III. mendea, ez liteke»
A.B.
GasteizKnorrek Gorrotxategiri eta Lakarrari igorritako mezua
Iruña-Veleiako euskal idazkunen datazioen inguruan
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
