Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:17

KULTURA;2009-03-05;Kataluniako aretoetan emango dituzten filmen erdiak katalanez izango dira. Guar egun emanaldien %3 soilik dira katalanez, eta kopuru hori aldatu nahi du Zinemaren Lege berriak

Kataluniako aretoetan emango dituzten filmen erdiak katalanez izango dira

Guar egun emanaldien %3 soilik dira katalanez, eta kopuru hori aldatu nahi du Zinemaren Lege berriak

Miren Korta.

Kataluinako Generalitateko hirukoa eta CiU ados jarri dira Zinemaren Lege berriaren inguruan: zinema aretoetan ikusi ahal izango diren filmen erdiek hala bikoizturikoak nola azpidatziak katalanez izan beharko dute. PP eta Ciutadans lege proiektuaren aurka agertu dira. Generalitateko Kultura kontseilari Joan Manuel Tresserrasek azaldu du «urtebetez zinemaren sektoreko enpresen laguntzarekin» garatu duen zirriborroaren nondik norakoa. Dokumentuan jasi duenaren arabera, nazioarteko banatzaileek ale kopuru bera bikoiztu beharko dute katalanez eta gaztelaniaz, erdia eta erdia.

Generalitateak jatorrizko bertsioen emanaldiak sustatu nahi ditu, ikusleei hizkuntza bietan azpidatziak irakurtzeko aukera emanez. «Gure asmoa da artelanen osotasuna errespetatzen laguntzea», azaldu du Tresserrasek. Horregatik, bikoiztutako filmei tasa bat ezartzea aztertzen ari da kontseilaria.

Egitasmoa 1983ko Hizkuntza Normalizazio Legean oinarrituta dago, eta 1998ko Hizkuntza Politikaren Legean aurrez ikusitako neurriak garatuko ditu. Salbuespen bakarrak izango dira jatorriz gaztelaniaz edo katalanez filmatutako filmak. Kasu horietan ez da beste hizkuntza batera itzultzeko beharrik izango.

Kontseilariak Warner Bros, Hispano Fox Film, Universal Pictures, The Walt Disney Company, Sony Pictures eta antzeko banatzaile handiak kritikatu ditu, merkatua «blokatu» eta katalanezko eta gaztelaniazko eskaintzen arteko «desoreka» bultzatu duelako. 2007an, esate baterako, 466 film estreinatu zituzten Katalunian bikoizturik edo azpidatzirik; bikoizturikoen kasuan, %97 gaztelaniaz soilik ikusi ahal izan ziren, eta azpidatzietan, %89.

Harrera ona

Generalitateak sei hilabete barru aurkeztuko du Parlamentuan proposamena. Oro har, egitasmoak harrera ona izan du Kataluniako alderdi politiko eta kultura eragileen artean. Nolanahi ere, Zinema Enpresaburuen Elkarteko kudeatzaile Pilar Sierrak zuhurtasunez hartu du berria. Neurriek krisi etengabean dagoen sektorea kolokan jar dezaketela esan du Sierrak: «Zinema ez da inolaz ere erakunde sozial bat, eta ez du diru laguntza publikorik hartzen. Beraz, gobernuak eskaera sortarazi beharko luke neurriak ezarri aurretik».

Kontrako jarrera azaldu dute Alderdi Popularrak eta Ciutadansek. PPko diputatu Rafael Lopezek «galdutzat» jo du Kataluinako zinema: «Erakundeen esku-hartzearen aurka gaude, zinemak bestelako arazoak dituelako. Kataluinako zinemak kalitatea eta bikaintasuna lortzeari ekin behar dio».

CiUk hirukoaren egitasmoa txalotu duen arren, alderdiak 1998an onartutako zinemaren dekretuarekin gertatutakoa gogorarazi du. Izan ere, CiUk banatzaileen presioak jasan zituen, eta atzera bota zuen gaur aurkeztu duten antzeko dekretua. Banatzaileek zehaztu gabeko aleen kopurua bikoizteko hitzarmena lortu bazuten ere, ez zuten esandakoa bete.

Egitasmoak Kataluniako Zinema Akadamiaren babesa lortu du. Hala ere, Akademiako buru Joel Joan kexu da; haren ustez, neurriak «hogeita hamar urte berandu» heldu direlako.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia