Arabako Arkeologia Museoko arduraduna kargutik kendu dute
Kultura diputatuak Amelia Baldeon egin du Veleiako aferaren erantzule, eta Armen Museora lekualdatu du
Alberto Barandiaran.
Veleiako ustezko aurkikuntzak aztertzeko osatu zen adituen batzordeak lehen biktima eragin du: Arabako Kultura diputatuak Amelia Baldeon Arkeologia Museoko arduraduna kargutik kendu du. Aurrerantzean, Baldeon Armen Museoko teknikari arduraduna izango da.
Baldeon kritiken jomuga izan da azken hilabeteotan; hain zuzen ere, Veleiako aferaren xehetasun guztiak ezagutzen hasi direnetik. Arabako Biltzar Nagusietan otsailaren 16an egindako agerraldian, Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuak gaitzetsi egin zuen teknikariaren lana, eta aferaren beraren lehen erantzule bilakatu zuen. Lopez de Lacallek azaldu zuenez, Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariak, grafitoen berri zuzena izan eta berehala, zalantzak eta kezkak agertu zizkion Baldeoni eskutitz batean, baina teknikariak gutuna gorde eta ezkutatu egin zuen. Lopez de Lacallek nabarmendu zuen eskandalua bera erabaki horren ondorioz hazi zela. Baldeonek erantzukizun oro ukatu eta bere nagusiengana bideratu ditu kritikak. «Erantzukizunak hartu behar baldin baditut, laugarren tokian hartuko ditut», esan du.
Kargutik kentzeko dekretuak herenegungo data du, eta Armen Museoko izendapen berria datozen egunotan sinatuko dute.
Armen Museoa 60ko hamarkadan eratu zuten, Felix Alfaro Fournierren bilduman oinarrituta, eta garai eta estilo guztietako armak biltzen ditu bilduman.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
