Arbelari begira
Jon Eskisabel
Apologisten etxea, gurea
Bereizketa zahar bat jarri zuen Julen Arexolaleibak mahai gainean: apologistak eta euskal idazleak. Eta harekin batera, kezka bat: zergatik ote da batzuen eta besteen erreferentzialtasunari buruzko paralelismoak eginez gero ia beti apologistak ateratzen direla garaile? Zergatik geratu da euskaltzale eta kulturgileentzat Larramendi erreferentzia gisa, obra gehiena gaztelaniaz idatzi arren, eta ez Kardaberaz edo Mendiburu? Zergatik hobesten dugu Aitzol Lizardiren gainetik? Zergatik elikatu da azken belaunaldietako kultur pentsamendua gaztelaniaz idatzitako liburuez (Vasconia, ¡Quosque tandem...!, Un futuro vasco...), ia salbuespenik gabe (Joxe Azurmendiren Euskaldunak eta espainolak)? Alegia, apologistek euskaldunentzat barik «euskara gaitzesten zuen jendearentzat» idazten zutela kontuan hartuta, Hegoaldeko euskaldunok haien erreferentzia barneratu izanak zer pentsa ematen dio Arexolaleibari, eta bereizketa horrek bere horretan jarraitzen duelakoan dago Huheziko irakaslea. Gaur-gaurko adibide bat bota zuen hausnarketarako: Kepa Junkeraren Etxea diskoa.
Eta ikasle honi iruditu zaio baietz, egia dela, apologisten hainbat ezaugarri aplikatu ahal zaizkiola Junkeraren egitasmoari. Azken finean, ez ote du euskararen autoafirmazioa helburu eta hizkuntzarekin harremanik izan ez duten hainbat kantari euskararen enbaxadore bihurtzen? Ez al da euskaldunontzat baino gehiago, kanpokoei begira egindako lana? Proiektuan parte hartu dutenek euskararen jatorriaz, ulergarritasunaz, bakantasunaz eta abar agertutako ikuspegia ez ote da apologisten argudioen parekoa? Eta etorkizunari begira, galdetu ahal da ez ote den Junkera euskaldunon erreferentzia izango, demagun, Joseba Tapiaren kaltean...
Ipar Euskal Herrian handiagoa izan da euskal idazleen pisua, zenbait arrazoi medio. Euskarak modu naturalean lortu zuen herriaren homologazioa, hizkuntza arruntek Europa osoan latina zokoratzearekin bat «nazio maila» eskuratu baitzuen frantsesaren aurretik, eta euskaldunek ez zuten erdararen indarra eta presioa jasan XIX. mende hasiera arte, Hegoaldean baino hiru mende geroago. Horrek azaltzen du, Juan Carlos Etxegoien Xamar-en iritziz, euskarazko literatura Iparraldean XVI. eta XVII. mendeetan garatu izana, eta Hegoaldean askoz beranduago. Horrez gain, Xamarrek baztertu egin zuen klasikoen garapen hori loraldi ekonomikoari lotuta dagoela dioen teoria. «Errepikatzearen errepikatzez zabaldu den topikoa da». Xamarren arabera, Iparraldeko literatur tradizioa, euskararen herri atxikimendua eta ahozko hizkeraren aberastasuna Elizak XVII. mendean sortutako alfabetatze sistemari lotuta dago. Etxepare, Leizarraga, Materre, Axular... ohartu ziren euskaraz irakurtzen eta idazten jakiteak zuen garrantziaz. Horretan euskara ez zen beste hizkuntzak baino beranduago ibili... Hortaz, topikoak ahaztu eta euskararen historia ikuspegi sozio-linguistikotik aztertzeko premia dagoela nabarmendu zuen Xamarrek.
jeskisabel@berria.info
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
