Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:12

TARTEA;2009-03-02;EZARIAN. ARGAZKI ERAKUSKETA. Kontxako estropadan egon ziren. Donostian, iazko emakumezkoen Kontxako estropadako argazkiak jarri dituzte ikusgai; egun hura nola bizi izan zuten gogoratu dute Irati Manzisidor eta Leire Antia arraunlariek. AMAIA ZABALO Argazkilaria

Donostian, iazko emakumezkoen Kontxako estropadako argazkiak jarri dituzte ikusgai; egun hura nola bizi izan zuten gogoratu dute Irati Manzisidor eta Leire Antia arraunlariek.

Kontxako estropadan egon ziren

Jon Ordoñez.

Donostia

Eguzkiak epeltasuna ekarri du aspaldiko partez Donostiara. «Entrenatzen hasten garenean, ordea, berehala jotzen du hotzak», iragarri du Irati Manzisidor Zumaia taldeko arraunlariak (Arroa, Zumaia, 1989). Irati Manzisidor eta Leire Antia taldekidea (Oikia, Zestoa, 1989) Gipuzkoako hiriburura etorri dira Okendo Kultur Etxean martxoaren 12ra arte ikusgai dagoen Donostia 08, Boga berria erakusketa ikustera; 59 argazki daude ikusgai, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30eara, astegunetan; eta 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, larunbatetan. «Hala ere, urrian entrenatzen hasi ginenean baino eguraldi hobea daukagu gaur, bai», argitu du. 18:00etan dute ordua Zumaiako arraunlariek entrenatzeko, eta, iazko emakumezkoen Kontxako estropadako argazkiak ikusi ondoren, traineruan sartzeko irrikaz daude. «Taldekideek esango digute: 'Zer dute hauek gaur?'».

Gazteak izanagatik eskarmentu handia dute arraunean; Kontxako estropada izan edo ez izan, inoiz ez zaie falta arraunerako gogorik; zortzigarren urtea dute hau arraunean. Hala ere, barrena nahastu zaie, iazko irailaren 14an bizi izan zutena argazkietan ikusita. «Momentuan ez zara jabetzen egin duzunaz. Etxeko argazkiak ikusi genituen, eta gero egunkarietan ere ikusi genituen gehiago. Baina argazki hauek ederrak dira. Gu aritu al ginen hor?», galdetu du Manzisidorrek, sinestezin. «Inpresio handia ematen du. Orain konturatzen gara egin genuenaz», erantzun du Antiak. Euren memorian kaira iritsi zireneko unea geratu zaie batik bat, jendea zain zutenekoa, «emozioa»; baina, erakusketako argazkiak ikusita, beldurra pasatu zutela ere aitortu du Manzisidorrek. «Itsasora gindoazela ez genituen olatuak ikusten. Nik, saltoak gogoratzen ditut, igo eta trainerua bat-batean jaitsarazten zutenak. 'Faborez, zer da hau!', oihukatzen nuen. Gero, ziaboga hartu ondoren, olatuak ikusten genituen parez pare guregana zetozela, eta jango gintuztela ematen zuen».

Itsaso zakarra izan zen sailkapen egunean, bandera jokatu bezperan, eta argazki ikusgarrienak ordukoak dira. Beldurra eta ausardia. Presioa ere bazutela gaineratu du Antiak: «Donostiako alkateak aurkezpenean esan zigun itsaso txarra zegoela iragarrita, baina itxura ona ematen saiatzeko. Guk beldurra bagenuen, baina neskek ere itsaso horretan traineruarekin arraun egin dezakegula erakutsi nahi genuen. Inoiz ez bezala kontzentratuta atera ginen, arraunari begira». Sailkapen egunean lehen postuan sailkatu ziren zumaiarrak, eta bandera egunean hirugarren geratu ziren. «Irabazi ez genuen arren, handia izan zen guretzat bandera jokatzea. Soilik estropadan aritzea irabaztea zen», harro dago Manzisidor. Arrauna sakrifikatua da, baina estropada bukatu ondorengo emozioak gogoratzean, bere saria baduela ageri du: «Gu hor egon ginen».

 

Amaia Zabalo.

Argazkilaria

«Estropada amaitu ostean iristen dira emozioak»

J. O.

Donostia



Urteak daramatza Amaia Zabalok (Errenteria, 1977) kirol argazkiak ateratzen. Kirol egunkari batentzat egiten du orain lan, eta hamabost argazki ditu erakusketan.

Urteak daramatzazu Realaren argazkiak ateratzen. Zer da zailagoa, futbol partida baten argazki on bat ateratzea edo arrauneko on bat?

Itsasoaren arabera. Arrauna oso polita da argazkiak ateratzeko, baina ni mareatu egiten naiz. Ondorioz, itsasoa zakar dagoenean, argazki ikusgarrienak atera daitezkeenean, ez naiz onenean egoten. Arrauna oso gogorra da. Itsasoratzeko ausarta izan behar da.

Nola gogoratzen duzu iazko emakumezkoen Kontxako estropada?

Gogorra. Sailkapen estropadan itsaso oso nahasia zegoen; ni ez nintzen itsasoratu, eta arraunlariak ateratzen ikustean euren kemenaz jabetu nintzen. Hori bakarrik egundoko lorpena da. Ez dakit itsaso horrekin gizonezkoak itsasoratuko ziren. Momentu batean, itsasotik itzultzean, itsas kolpe batek jo eta ia bota zituen arraunlariak Santa Klarako harkaitzen kontra. Nik argazki hori lehorretik hartu nuen [aurreko orrialdean, behean], baina Juan Carlos Ruiz Argazki Press agentziako argazkilariak esan zidan itsasoan «ama! ama!» oihuak entzuten zitzaizkiela arraunlariei.

Banderaren eguna nola bizi izan zenuen?

Asko hunkitu ninduen. Oso egun polita izan zen. Arraunlariek, gainera, irabazi edo galdu, kiroltasun handiz jokatu zuten, eta talde guztietakoak joan ziren irabazleak agurtzera.

Gizonezkoekin ateratzen ez diren argazkiak atera al zenituen?

Bai, nik uste ezberdina izan zela. Emakumeak erraietakoagoak garelako edo akaso Kontxan aritzen ziren lehen aldia zelako, ezberdina izan zen. Gizonezkoen kirola profesionalagoa da, eta emakumezkoak ere lana amaitu bitartean oso serio aritu ziren, baina amaitutakoak emozio guztia atera zuten. Oso polita izan zen.

Zerk harritu zintuen?

Emakumezkoen gorputzak. Gizonezkoak handiak izaten dira, sendoak, baina emakumezkoak gazteak ikusi nituen, eta gorputzez normalak izateak harritu ninduen, kalean ikus daiteken edozein emakume bezalakoak. Oso ausarta izan behar da euren baldintzetan itsasoari aurre egiteko.

Kontxan zein da argazki onak ateratzeko lekurik egokiena?

Zalantzarik gabe, iristen direneko unea da politena, hor agertzen direlako emozioak. Kaiko aldapa ere oso ona da. Estropadan zehar argazkiak akziokoak dira, baina emozioak gero iristen dira.

Emakumezkoen estropadako zer irudi geratu zaizu buruan?

Galiziarren poza irabazi zutenean; zoratzen zeuden denak. Galtzaileen tristura ere handia zen, baina kiroltasunez jokatu zuten.

Nola baloratzen duzu estropada?

Alde batetik bazela garaia pentsatu nuen, ez delako normala 2008. urtera arte itxaron behar izatea. Betirako izatea espero dut, eta arraunzaleek arraunlariei merezi duten babesa ematea, horrek bultzatuko baititu komunikabideak babesa ematen jarraitzera. Emakume gisa oso harro sentitu nintzen; eta, ni ere emakumea naizenez, haiek arraunean ikustea, batik bat gizonezkoak aritzen diren jardueretako batean, harrotasun bikoitza zen nirea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia