Hezkuntzaren inguruko kezka hezkuntza bera bezain antzinakoa bada ere, gaia ikuspuntu ugaritatik lantzen duten hainbat liburu argitaratu dira azkenaldian.
Hezkuntza hizpide
Aritz Galarraga
Mundua mundu denetik existitzen da hezkuntza, edo heziketa bederen, izaki batzuengandik besteengana egiten den ezagutza, ohitura, balio transmisio hori. Bizitza bera bezalakoa omen, zalantzaz betea, nondik etorriko den igartzen gaitza, bikaina arrakastan, narrasa porrotean, baina mugimenduan dagoena beti, etengabeko itxuraldaketan. Eta mundua mundu denetik existitzen da, halaber, heziketaren inguruko ezinegona, gauzak behar den moduan transmititzearen gaineko duda sorta. Ez da kontu berria, beraz, baina liburu bat baino gehiago argitaratu dira azkenaldian, hizkuntza ugaritan, gai hori hizpide dutenak, eztabaida beste behin berritu denaren seinale, edo sekula joan ez denarena.
Oscar saririk irabazi ez duen arren, asteak daramatza Entre les murs ekoizpen frantziarrak geure hegoaldeko zinema aretoetan. Eta, sarri askotan gertatzen den bezala, aurretik liburu izan zen filma, irakaslearen papera antzezten duen Francois Begaudeau idazle eta irakasle ohiak 2006an argitaratua. Pelikula ikusi duenak jakingo ditu liburuaren nondik norakoak: institutu bat, Pariseko 20. barrutia, hango egunerokoaren berri ematen diguten irakasleen zein ikasleen gorabeherak. Irakasle sinpatikoa da Francois, heziketa horizontalean sinesten duena, ikasleak pixka bat haratago eraman nahi dituena, probokatzailea orobat. Baina, alde batera, ikasle aldra gatazkatsu xamarra du, eta, bestera, bera baino indartsuagoa den sistema oso bat.
Eta, inolako errezeta pedagogiko edo moraletatik urrun, hezkuntza sistemaz galderak pausatzera eramaten gaitu Begaudeauren liburuak, bai eta, ikasgela mikrokosmos gisa ulertuta, gaur egungo gizarteaz ere: arraza mestizajea, dibertsitate kulturala, enliskar soziala eta antzeko gaiak lantzen dira bertan. Pelikularen aldean narratibitatea eta adierazgarritasuna galtzen dituen arren, ariketa interesgarria da Entre les murs liburua.
McCourt, Pennac, Luri
Frank McCourt idazle erdi estatubatuar erdi irlandarrak ireki zuen hezkuntza eta ingurukoak hizpide dituzten liburuen azken uzta hau, 2005ean, Teacher man izeneko lanarekin. Irakasle ibilbide luzean (hogeita hamar urtean) bildutako oroitzapenak jaso zituen memoria liburu honetan, eta ezaugarri horrek berezi egiten duen arren, heziketa esperientziaren inguruko testu kitzikagarria jarraitzen du izaten. McCourten hitzetan, irakaslea azken putza omen da AEBetan, eta, ironiaz gainezka egiten duen idazkerarekin, lanbideari buruzko bizipen eta hausnarketa mordoa irakur daitezke hemen.
Idazle berantiarra da McCourt, 66 urterekin argitaratu baitzuen, 1996an, Angela's Ashes eleberri ezin ezagunagoa. Eta arrakasta ikusita, nolatan ez zuen aurretik ezer idatzi? Erantzun erraza: klaseak eman izan ditu bizitza osoan. Eta New Yorkeko institutuetan, ez unibertsitatean: «unibertsitate irakasleen bizitza kontatzen duten eleberriak irakurri ditut. Hain lanpetuta daude irakasle horiek adulterio eta borroka akademikoetan, ezen neure buruari galdetzen baitiot ea nondik ateratzen duten klaseak emateko denbora».
Arrasto bertsuan sartuko genuke Daniel Pennac idazle frantziarrak orain bi urte kaleratutako Chagrin d'Ecole lana. Memoria liburuaren eta saiakeraren arteko bidegurutzean, anekdota eta oroitzapen pertsonalez gain, hezkuntzaz hausnar egiteko gonbita ere luzatzen dio irakurleari, ikuspuntu original batetik: ikasle traketsarena. Talde horretako kide nabarmen, gurutze bide izan ziren Pennacentzat eskola urteak. Ia ehun urteko amak, oraindik orain, semeak idatzi dituen liburu, artikulu, eman dituen elkarrizketa, egin dizkioten erreportaje guztien ondoren ere, ea inoiz probetxuzko zerbait egingo duen galdetzen dio.
Anaiari eman zion asmoaren berri, haurtzaroko ibai ertzean paseoan ari zirela: «liburua idatziko dut eskolaz. Baina ez ibai honen antzera aldatzen den eskolari buruzkoa, bere horretan mantentzen den eta inork aipatzen ez duen kontu bati buruz baizik: ikasle traketsak, haren guraso eta irakasleek partekatzen duten minaz». Eta jarraian galdera: «zer oroitzapen duzu nire eskola ezintasunaz?». Liburuan zehar baina, eskolak salbatu zuela aitortzen du Pennacek, edo, zehatzago, irakasle gutxi batzuek lagundu ziotela trakeskeria horretatik ateratzen, gaur dena izatera iristen.
Eite zertxobait diferentean, Gregorio Luri, Azagrako irakasle ohi eta filosofoaren L'escola contra el món lana dugu (oraingoz, katalanez baino ezin da irakurri). Saiakera soila, hezkuntza paradigma aldaketa aldarrikatzen du, eta, sormena, askatasuna, berezkotasuna, plazera, berdintasuna, multikulturalitatea, berrikuntza, laikotasuna eta horrelakoez hitz egin beharrean, ezagutzaz, autoritateaz, isiltasunaz, esfortzuaz, elitismo demokratikoaz, identitateaz, tradizioaz eta, benetako pluralismoa nahi bada, erlijioez hitz egin behar dela defendatzen.
Gaur egungo eskola moldeari autokritika eskatzen dio Lurik, eta nolabaiteko atzera martxa, familiaren eta gizartearen artean egitea dagokion bitartekari papera betetzea ekarriko duena. Horrek, Luriren ustez, gauza askoren kontra egin behar dela esan nahi du: azelerazioa, kontsumismoa, xalotasun morala, iritzikeria, peterpanismoa, gehiegizko babesa... Eztabaida, inoiz itzali bada, martxan da atzera.
Bibliografia:
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
