Bere kontzertuak boikotatzea «fanatikoen alde» jartzea dela dio Noak
Palestinaren aldeko aldarrikapena egin dute lau lagunek Donostian eman duen bigarren kontzertuan
Ainara Gorostitzu.
DonostiaBere kontzertuak boikotatzera egindako deiari erantzun egin dio Noak, deia egiten duten horiek «fanatikoen alde» jartzen direla kritikatu baitu: «Bake prozesua suntsitzen ari dira, artisten ahotsa baita pentsamendu askearentzat gauzarik garrantzitsuena». Bi kontzertu eskaini ditu asteon Noak Donostiako Viktoria Eugenian: lehena herenegun Klub aretoan, 120 lagunen aurrean, eta antzokian bertan bigarrena, atzo, 900 ikuslerekin. Kontzertuen iragarpenarekin batera haien boikoterako deia egin zuten Askapena erakunde internazionalistak eta Gipuzkoako Gerraren Aurkako Plataformak, eta Donostiako ezker abertzaleak ere protestarekin bat egin zuen, «Noari boikot egitea Israeli boikota egitea delako». Hala bada, atzo Palestinaren aldeko aldarrikapena egin zuten kontzertuan bertan, «Palestina askatu» eta «Israeli boikota» zioten afixak zituzten lau lagunek. Horietarik hiru Ertzaintzak atxiki zituen indarrez antzokian bertan, eta gaueko bederatzietarako kalean utzi zituen.
Gertakizun horien aurretik Efe agentziari elkarrizketa bat eskaini zion kantari israeldarrak, eta politikaz galdeturik, «fanatikoek burua jan diete europar askori», erantzun zuen. Horiei guztiei gehiago irakurtzeko, hobeto informatzeko eta historia ikasteko eskatu zien, «iritzi adimenduna izan dezaten».
Iaz ere protestak izan ziren Noak Tolosan eskaini zuen kontzertuaren harira, baina kantariak urtarrilean Hamasen kontra eta Israelgo armadaren alde idatzitako gutun publikoak areagotu egin du haren aurkako protesta. Eskutitz hori, hain zuzen, milatik gora palestinar hil zituzten Israelgo oldarraldiaren erdian jakinarazi zuen Noak. Atzo bertan, gutun horretan esandakoa berretsi zuen kantariak: «Hamasek ez du Palestinaren askapenerako deia egiten, Israelen suntsiketa bilatzen du; hau da, ni, nire seme-alabak eta nire familiaren suntsiketa». Horren aurrean Israelgo Estatuaren defentsa egin zuen, beste behin: «Bizirik irauteko borrokatzen den estatu demokratiko bat da, zortzi urtez bonbardaketak jasan ondoren defendatzeko eskubidea duena».
Donostiara iritsi aurretik, Sevillan (Espainia) eta Bartzelonan ere Jeans & Genes diskoaren aurkezpen birako kontzertuak boikotatu egin dituzte, eta bihar bertan Gijonen (Espainia) egingo duen kontzertuaren kontrako mugimendua ere sortu da.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
