Antso Jakituna Fundazioaren Betoñuko (Gasteiz) egoitza berria maiatzean zabalduko dute; ibilbide berrian bilduma «gizarteari zabaltzea» izango dute helburu.
Kristalezko biltegia prest
Anakoz Amenabar.
GasteizAntso Jakituna Fundazioak, euskal kulturaren dokumentu zentro handienak, ibilbide berri bati ekingo dio. Urteetan bildutako altxor guztia herritarrei gerturatzeko asmoz, pauso bat gehiago emango du; Zulueta jauregia atzean utzi eta Betoñuko eraikin berria hartu dute erronka berriari aurre egiteko. Maiatz hasieran izango da prest.
Zortzi metroko kristalezko kutxak Betoñuko komentuarena izandako hilerri neogotikoa estaltzen du. Roberto Ercilla arkitektoak azaldu duenez, kanposantuaren eta kristalezko hormaren artean hiru metroko distantzia gorde dute erdiguneko sotoak, eraikineko ardatzak, argi naturala izan dezan. Egunez paisaian islatzen da eraikina, eta, gauez, argiztatze artifizialari esker, barruko eraikin zaharra da gailen, kristalezkoaren barruan.
Klaustro zaharrean du sarrera museoak, bi solairuetara. Ataria, erakusketa aretoa eta batzarretarako bulegoarekin batera, kapera txikia izan zen toki berean beheko solairurako eskailera dago. Areto zabal horretan aurki daitezke kontsultarako eta lanerako guneak, digitalizazio eta zaharberritze guneekin batera. Dokumentuentzako gordailuak ere hor daude, 7.000 metroko artxibategia. Teknologia berrienei esker, dokumentuak 18-20 bat gradutara izango dira eta %50eko hezetasun mailarekin; argazki dokumentuek mikroklima berezia izango dute. Han gordeko dute Fundazioa sortu zenetik, 1964az geroztik, bildutako dokumentu sorta zabala; XIV. mendetik gaur egunera arteko Euskal Herriko ondare baliotsua.
Maiatzean inaugurazioa
Hurrengo astean hasiko dira Senda pasealekuko jauregi zaharrean bildutako dokumentu guztiak etxe berrira eramaten. Eta hilabete barru izango dira apalategi berriak beteta. Guztira, hogei hilabeteko lana, eta 3,9 milioiko inbertsioa behar izan dira eraikin berria abian jartzeko.
Egoitza berriarekin, gizartera zabaldu nahi dute Fundazioa. Ikerketa gune izatearekin batera, bestelako ekintzetarako aukera eskaini nahi dute; liburutegia, hemeroteka, erakusketak, mahai-inguruak edota hitzaldietarako lekua izango da, Carmen Gomez Fundazioko zuzendariak azaldu duenez. «Ikertzaileentzako gunea izateaz gainera ikasle eta, azken batean, herritar guztiei erakutsi nahi diegu bertako altxorra». Dokumentu artean murgiltzeko eta egoitza berria ezagutarazteko bisitaldi gidatuak antolatu dituzte datozen hilabeteotan.
Zuluetako jauregia txiki geratu da, Gomezen esanetan, Fundazioak urteetan bildutako dokumentazio guztia gordetzeko. «Eraikin ederra da, eta penaz joan gara, hemeretzi urte egin ditugulako jauregian. Baina lana behar bezala egiteko oztopo ugari zituzten ikertzaileek». Lana «arindu» eta Fundazioa «herriari zabaltzeko» ibilbidea izango da hurrengoa.
Antso Jakitunaren egoitzarekin batera Krea adierazpen garaikideko zentroa ere prest izango da datorren urteko udarako, Betoñuko esparru berean. «Bien arteko sinergiak bat egin behar du, sortzailearenak eta ikertzailearenak, uharte kultural hau abian jartzeko».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
