Arbelari begira
Jon Eskisabel
Arranguratik amets betera
Zortzi hitz idatzi zituen Jon Sarasuak arbel zurian, XXI. mendeko euskaltasunari buruzko gogoetan maiz burura etorri zaizkion zortzi hitz. Sentimendu batetik abiatu zen: arrangura. Azken hamarkadetan «geuretasuna garatzeko» pentsamendu landu batean oinarrituriko estrategia zehazteko ezintasunak edo gaitasunik ezak sortzen dion arrangura. «Gutxi fundamentatutako hizkuntz politika daukagu». Humus gabekoa. Eta hiru zatitan banatu zuen errua: administrazioan, klase politiko abertzalean -«nortasunari buruzko gramatika jorratu gabe dauka»- eta «progresismoak liluraturiko» sortzaileen belaunaldian: «Lilura horrek hainbat erro moztera eraman zuen, eta ondorioz ez du euskaltasunaren ikuspegirik izan eta ez da intelektualki belaunaldi propioa izatea lortu». Txillardegi, Atxaga, Lertxundi... «literato onak dira, baina pentsalari estrategiko bezala ez». Haatik, «horiek dira hizkuntza estrategiez gidari intelektual gisa jarri ditugunak».
Hurrengo zazpi hitzetan daude, Sarasuaren irudiko, euskal kulturaren etorkizunerako gakoetako batzuk: estrategia, hegemonia, garabidea («euskaltasunaren zoria bestelako gizartegintza baten zoriari lotuta doa»), jarraidura, irekidura, sormena eta izaera humanizatzailea. Zazpi hitzak bertsolaritzak azken 25 urtean izan duen esperientziaren kontakizunera eraman zituen Huhezik antolaturiko Euskal Kulturgintzaren Transmisioari buruzko Graduondokoan. Bertsolaritzak -sortzaileek eta zaleek elkarrekin- autoeraketarako eta ekosistema propio bat sortu, ekoitzi eta zaintzeko hartu zuen erabakia izan zen abiapuntua, eta estrategiaren ardura inoren esku ez uztea gakoa: «Bidea desertuan bakarrik egitea erabaki genuen». Geroztik, lurralde hegemonikoak sortu ditu bertsolaritzak, gizarte ehunari lotutako garabidea izan du, berezkotik eta kanpokotik hartzen duen sormen mundua elikatu du eta ekosistema horretan ari direnei bizitza samurragoa egiteko kultura humanizatzailea eskaini die. Horrela esanda, idilikoa dirudi, baina ez pentsa. Gaur egun ontzat ematen diren hainbat balio ezbaian jartzeko ausardia izan zuen bertsolaritzak. Esaterako, arrakasta. Telebistak ekarritakoa. «Intuizioa izan genuen zehazteko gure helburua ez zela arrakasta, epe luzeko estrategia bat garatzea baizik. Eta arrakasta izatekotan, guk kontrolatu nahi genuen, ez telebistak». Esaterako, hedapena. Horren aldean, iraupena hobetsi zuen, belaunaldien arteko transmisio etengabea.
Baina bereziki kontzeptu bat iruditu zaio aldarrikatzeko modukoa ikasle honi: autokonfiantza. Bertsoak etorkizunik ez zuela, kalitate gutxikoa zela, sagardotegi eta baserrietatik atera behar ez zuela zioten igarle guztien iritzien gainetik, berearen balioa aintzatestea erabaki zuen bertsolaritzak, «bizitzen laguntzen digulako, betetzen gaituelako, humanizatzen gaituelako». Nago euskal kulturgintza osatzen dugunok maiz autokonfiantzarik gabe jokatzen dugula, besteen iritziaren menpe, gure kulturak gure bizitzari egiten dion ekarpenaz ohartu gabe. Galdera da: bertsolaritzaren esperientzia -«betetako amets baten istorioa», Sarasuaren hitzetan- eraman daiteke kulturgintzaren beste eremuetara? Ametsak ez dira errepikatzen, baina...
jeskisabel@berria.info
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
