Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:10

KULTURA;2009-02-24;Zarama berpiztu da. 80ko hamarkadako euskarazko rock taldeak itzuliko dela iragarri du; 'Zarama birziklatua' bira egingo du uda partean

Zarama berpiztu da

80ko hamarkadako euskarazko rock taldeak itzuliko dela iragarri du; 'Zarama birziklatua' bira egingo du uda partean

Irune Berro.

Bilbo

Beti izan dute agertokietara itzultzeko gogoa. «Taldea desegin genuenetik bertatik», aitortu du Roberto Moso Zaramako abeslariak. Alegia, 1995etik izan dute ideia berbera buruan jira eta bira. Ez hartutako erabakiaz damu zirelako, dibertitzeko apeta zutelako baizik. Musika tresnak hartuta, jendaurrean aritzeko irrika bizia. Horregatik erabaki dute Zarama taldeko musikariek elkartzea eta zenbait kontzertu egitea. Zarama birziklatua jarri diote izena birari. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo dituzte kontzertuak. Baina ez dute datarik zehaztu, ezta beste tokirik aurreratu ere. Last Tour International kontzertu sustatzailearen esku utzi dute kontzertuak lotzeko ardura.

Musikari asko pasatu ziren Zaramatik hasierako urteetan. Baina bakar batzuek hartu dute bira egiteko erabakia. Honako hauek: Tontxu Tabares gitarristak, Alfonso Herrero baxu jotzaileak, Ernesto Alaba bateria jotzaileak, Joseba Lafuente teklatu jotzaileak eta Mosok berak. «Hemen bizi gara, eta harreman handia daukagu. Talde guztiei gertatzen zaie: hitz egiten hasten zara, eta konturatzen zara berriro ere batzea eta kontzerturen bat egitea ez dela horren astakeria handia. Guri halaxe gertatu zaigu, behintzat», azaldu du Mosok.

Hiru hilabete daramatzate entseatzen Zaramakoek. Bilboko Errekalde auzuneko fabrika batean dute entsegu lokala eta gauez biltzen dira. «Beste talde batzuek ere han dituzte lokalak, eta mota guztietako musikak entzuten dira. Leku berezia da». Joandako garaiak gogoratzen ari dira Zaramakoak. Eta modu bitxian bizitzen ari dira itzulera. Haatik, ez diote beldurrik ezeri. Sasoiko daudela diote, eta beren helburua jendearekin batera ondo pasatzea dela adierazi dute.

Estudioan sartuko dira

Diskorik grabatzea ez dute baztertzen, nahiz eta hasiera batean halako asmorik ez duten. «Estudioan sartuko gara abesti batzuk berriro grabatzeko, ez beste ezertarako. Baina nork daki! Kontzertuek erantzun paregabea badute, disko oso bat grabatzera animatuko gara beharbada». Oraingoz, beste ezeren gainetik, «fundamentuzko kontzertuak» egitea dute buruan. Irudiak proiektatuko dituzte agertokian paratuko duten pantaila batean. Baldintza tekniko onak izanik, «profesional» aritu nahi dute, «naturaltasuna eta espontaneotasuna galdu gabe», esan du Mosok.

Bizkaiko Santurtzi herrian sortu zen Zarama, 1977an. Eta Euskal Rock Erradikala (RRV-Rock Radical Vasco) mugimenduko euskarazko rock talde mitikoa izan zen 80ko hamarkadan. Single pare bat eta sei disko argitara eman zituen, eta 1995ean taldea desegin zuten.

Agiria

Zarama is back: Birziklapena



Laster itzuliko gara. Zenbait kontzertu egingo ditugu. Zergatik? Urte askoren ostean, lagunak izaten jarraitzen dugulako eta elkarrekin gaudenean gustura gaudelako. Orain egiten ez badugu, nekez egingo dugulako beranduago, eta gure abestiak bizirik dirautela sentitzen dugulako. Itzuliko gara jakin nahi dugulako gauzak nola egiten diren baldintza egokietan, eta horretarako aukera sortu zaigulako. Baina, zer demontre! Itzuliko gara, batez ere, dibertigarria delako (egin izan dugun gauzarik dibertigarrienetakoa) eta entseguetan sasoiko gaudela ikusi dugulako. Ez gaude denak, gutariko batzuk urruti bizi baitira gaur egun, baina gaudenak hasieratik gaude taldean, eta joan zirenek ateak irekita dituzte taulara igo nahi badute berriz (eta hala egitea espero dugu).

Ez dakigu zer aurkituko dugun parean. Zenbaitzuk, garai bateko oroitzapenak gogora ekarri nahian etorriko zarete; beste batzuk, gazteegiak izanik, ezagutu ez zenuten musika mota ezagutu nahi duzuelako. Edozein kasutan, aurkituko duzuena, dudarik ez izan, hauxe da: lagun koadrila bat, Santurtziko garagardotegi batean rock&roll talde bat sortzea erabaki zuena, eta espero baino arrakasta handiagoa izan ondoren, eta zazpi disko eta hamaika ekitaldi eta gero, uztea erabaki zuena (nekagarriak bihurtzeko arriskua genuela pentsatu genuen) eta orain, ilusio indarberrituarekin, jotzeko irrikaz dagoena.

Roberto Moso.

www.zaramatimes.blogspot.com

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia