Etxetik etxera, bizitzan barrena
Etxeek baldintzaturiko bizieretan eta izaeretan sakondu du Katixa Agirrek 'Habitat' liburu berriko ipuinetan
Irune Berro.
BilboEtxea konprenitzeko eta bizitzeko modu ugari daude. Pertsona beste munduan. Katixa Agirrek (Gasteiz, 1981) zalantza izpirik ez du. Eta horietako batzuk ekarri ditu Habitat liburura. Narraziorik narrazio, tankera askotako etxeak agertoki dituzten istorioak ondu ditu. Estilo askotako pertsonaiak agertzen dituztenak. Etxea aterpe naturala izan baitaiteke, edo gotorleku sekretua, edo maitasunerako habia. Independentziaren eremua ere bihur daiteke, baina hipoteka itogarrien eragilea ere bada etxea gaur egun, luxuzko produktua. Eta auzoen arteko gatazka eragilea.
Pertsonaia sorta zabalaren bidez, era askotako etxeetan barruratu da idazlea. Apartamentu txikitik herriko etxe zahar eta handira. Bidean, hainbat familia eredu, bizimodu eta jenderen berri emanez. Jite onekoak izango dira batzuk; eta izaeraz haserrekorrak bestetzuk. Hitz egiteko modu ziurraren azpian zaurgarritasuna ezkutatuko dutenak ere badira, garraztasun mingarriz mintzatzen edo isiltzen diren pertsonaia lehorrak batzuk, eta goxoak besteak. Elkarri nola lagundu ez dakiten pertsonaiak ere badaude Katixa Agirreren liburuan, onartuak izan nahi dutenak, kontraesanak dituztenak, ustekabeen ondorioz frustrazioak bizi dituztenak...
Katixa Agirrek Miren Agur Meabe idazlea izan du alboan, Elkarrek plazan jarri duen ipuin liburuaren aurkezpenean. Meaberen iritziz, «gizatasunaren alde krudelak naturaltasunez eta sakontasun psikologiko nabarmenez kontatzeko gaitasuna du Katixak». Eta, horrenbestez, pertsonaiak dira idazlearen aberastasunik handienetako bat. «Liburuan topatuko ditugun gizakiek ez dirudite pertsonaiak, pertsonak baizik. Oso gure moduko jendea da», uste du Meabek. «Fikzioa ez dirudien fikzioa egiten baitu Katixak». Are gehiago, Agirreren estiloa «erreportajearen mugan» dagoela esan du Meabek.
Agirreren ipuinek sentimentaltasunari kontzesiorik egiten ez diotela azaldu du, orobat. «Gertaerak, izan lehen pertsonan kontatuak, edo izan hirugarren pertsonan azalduak, oreka galdu gabe kontatuak daude». Alabaina, «hotzak ez» direla nabarmendu du Meabek. «Ondo neurtutakoak, baizik», zehaztu du.
Psikologiaren arrastoak
Sua falta zaigu lehen liburuan (Elkar, 2007) harreman afektiboak ikertu zituen Agirrek, batik bat. «Habitat-en, ordea, gizarte sareak eta horien barruan lan harremanak aztertzea nahiago izan dut, eremu aberatsa delako nire ustez», esan du idazleak.
Gaur-gaurko egoerak aurkituko ditu irakurleak, Habitat-en. Krisi ekonomikoak dakartzan bestelako zauriak; diru premiarekin batera, autoestimua eta duintasuna ez galtzeko borroka; biziraupen emozionalerako oztopoak eta unean-unean hartu beharreko arriskuak. Inkomunikazioaren ondorio diren egoerak ere azalduko dira literatur obran, ustez komunikazioaren eta informazioaren gizartean bizi arren.
Lanaren presioak baldintzaturik biziko dira pertsonaia batzuk, eta ETAren atentatu bat ere azalduko da liburuan. Egoera horiek guztiek pertsonaiengan eragindako ondorioak landu ditu Agirrek. Ondorio batzuk kontrolatuak izango dira; bestetzuk, ordea, borondatez kanpokoak.
Meabek esan duenez, «pertsonaien barruraino heldu da Katixa, zenbaitetan psikologia eskuliburuetako baieztapenak eginez». Honelaxe dio ipuin bateko pasarte batek: «Pertsona azkarren ezaugarria da manipulatzaileak izatea eta xantaia emozionala artez erabiltzen jakitea».
Elkarrek, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak emandako Igartza bekaren bidez iritsi da plazara liburua.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
