Andoaingo gaztetxean 1980ko hamarkadatik aurrera izandako kontzertu gehienetan argazkiak atera zituen Aitor Arregik, zuri-beltzeko argazkiak. 'Istorio bat kameraren atzean' liburuan bildu dituzte orain.
Garai bateko argazkiak
Naiara Elola.
DonostiaAitzindari izan da urte askoan Andoaingo (Gipuzkoa) gaztetxea. Hango testigantzak bildu dituzte urtarrilean argitaratutako liburu batean, Istorio bat kameraren atzean liburuan. Argazki bilduma bat dago liburuan, eta horien egilea Aitor Arregi Txisto da. Gaztetxearen hastapenetan hasi zen kontzertuetako argazkiak ateratzen.
Aitor Arregi 1994an hil zen, 34 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. «Liburuak aspalditik egon behar zuen argitaratuta», dio Koldo Otamendik, Andoaingo gaztetxeko kideak. Txistok digitalizazioaren garaia iritsi baino lehen atera zituen argazki horiek.
Ondorioz, bilduma egin ahal izateko, negatiboak lortzen lan handia egin behar izan dute, ez baita gaur egungo teknologiarik garai bateko argazkietan. Hala, 3.000 argazki baino gehiago eskaneatu behar izan dituzte liburua egiten aritu direnek, banaka-banaka. Gainera, argazki horiek guztiak nahiko sakabanatuta zeuden, gaztetxeko hainbat kideren etxeetan. «Materiala esku askotatik igarotzen da, eta sarritan izorratu edota galdu egiten da».
Argazki liburu horrek DVD bat ere badakar barnean. Bertan, liburuan argitaratu diren argazkiez gain, beste milaka argazki daude. Emaitzarekin benetan gustura daude liburua egiten aritu direnak. Otamendiren hitzetan, «emaitza ona da, garai bateko testigantza bildu delako eta garai hura ongi islatzen duelako».
Gaztetxe aitzindaria
Andoaingo gaztetxea duela 25 urte sortu zen. Gaztetxea okupatu aurretik kontzertuak antolatzen hasi ziren, batzuk herriko frontoian. Baina 1984ko azaroan gaztetxea okupatu bezain pronto, kontzertuak ziren hango ekitaldi garrantzitsuenak. «Euskal rocka indartzen ari zen garaiarekin batera sortu zen gure gaztetxea, eta horregatik izan du musikak horrenbesteko garrantzia gure artean», esan du Otamendik.
Gaztetxeak musikarientzat izan duen eskola izaera azpimarratu du Otamendik. Alde batetik, musika taldeek lehen pausoak ematen zituzten guneetako bat izan zelako. Gainera, garai hartan, 1980ko hamarkadan alegia, «herri gehienetan ez zegoen horrelako kontzertuak antolatzeko aukera handirik», gaztetxeko kideak azaldu duenez. Beste alde batetik, Andoaingo gaztetxea atzerriko taldeek jotzeko gune bat ere izan da, garai batean Laudioko (Araba) eta Lekeitioko (Bizkaia) gaztetxeak izan ziren moduan.
Liburuan bildutako argazkietan azaltzen diren talde asko atzerritarrak dira: alemaniarrak, estatubatuarrak, ingelesak, suitzarrak.... «Underground giroan ibiltzen ziren musika banda atzerritarrak bira bat egiten zutenean, Euskal Herrian, Andoaingo gaztetxea zen topalekua», dio harro Otamendik. Hala ere, badira liburuan hemengo taldeen irudiak: Anestesia, Hertzainak, Kortatu, Basura, Delirium Tremens... Bilduman agertzen diren lagun asko eta asko ez dira aldatu, baina denek dituzte hogei urte gutxiago, Fermin Muguruzak eta Garik kasu.
Gaztetxeak gorabeherak izan dituen arren, herriko gazte askorentzat pisu handia izan du. «Ez dut uste andoaindar asko dagoenik azken 25 urteotan gaztetxean inoiz izan ez dena», esan du ziur Otamendik.
Aurten dute, beraz, gaztetxearen 25. urteurrena. Oraindik azarorako hilabete batzuk geratzen dira, baina zerbait egitea pentsatuta daukate. Oraindik zehatz-mehatz ez dakite zer, hala ere. Gauzak egiteko beste modu asko daudela erakusten jarraitu nahi dute. Sortu zenetik mende laurdena igaro arren autogestioari «bizirik eta tinko» eusten diotela esaten dute Andoaingo gaztetxeko kideok. Horren adibide da argitaratu duten liburua.
Liburu fitxa
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
