Veleia: eztabaidak darrai
Iruña-Oka herriko indusketetan azaldutako ustezko idazkunen inguruko ika-mika handia izaten ari da Interneten
Txosten eta argazki guztiak kontsultagai jarri izanak eztabaida demokratizatu du
Alberto Barandiaran
Duela hiru hilabete, Iruña-Veleiaren inguruko eztabaidaguneak sutan hasi ziren berriro. 2008ko urriaren 19an, idazkunak aztertzen hamar hilabete eman eta gero, Arabako Diputazioak osatutako adituen batzordeak epai sendoa bezain ezbairik gabea eman zuen: Eliseo Gilek zuzendutako indusketa taldeak aurkeztutako frogak faltsuak ziren. Hurrengo asteetan, mota guztietako iritziak agertu ziren ohiko komunikabideetan. Batzordeko adituekin elkarrizketak, analisiak, iritziak, kronikak. Gilek berak bere iritzia eman ahal izan zuen behin baino gehiagotan irrati, prentsa eta telebistetan. Diputazioak epailearen esku utzi zituen txostenak eta frogak, ardurak argitze aldera, eta, denen artean, auziaren karpeta ixteko ordua zela erabaki zuten.
Interneteko eztabaidaguneek kontrako bidea hartu zuten. Diputazioak berak txosten guztiak urtarrilaren erdialdean jarri zituen sarean, eta, horri esker, Terrae Antiquae (http://foroterraeantiqvae.ning.com), Iesus Ioshe Marian (http://iesusioshemarian.wordpress.com), En el ángulo oscuro (http: //angul0scuro. blogspot.com) edo Amigos de la egiptologia (www. egiptologia. com) webguneetan, besteak beste, froga eta ikerketa guztiak banan-banan hartu eta haien erraiak aztertzen hasi ziren.
Veleiaren afera piztu zenetik behin baino gehiagotan azpimarratu da Interneteko eztabaidek izan duten garrantzia. Unibertsitate katedradunek, diputazioaren arduradunek, filologo arkeologo eta epigrafistek, kazetariek... denek onartu dute begi bat sarean jarrita izan dutela denbora honetan guztian, eta hor erabilitako argudioak ikusi izan dira, islatuta, txosten ofizialetako pasarte batzuetan gero.
Eta, begiratzen hasi, eta bi ideia nagusi burura berehala: sarea informazioa trukatu eta banatzeko tresna paregabea dela gaur egun, alde batetik; lan handia egin behar dela lastoa eta garia bereizteko, bestetik.
Tresna paregabea
Ricardo Gomez EHUko Filologia fakultateko irakaslearen Filoblogia webgunea (http://www.blogari.net/filoblogia) eztabaidari berari jarraipena egiteko tresna paregabe bilakatu da. Alicia Maria Canto Madrilgo Autonoma Unibertsitateko Prehistoria eta Arkeologia saileko irakasleak hainbat mugarri azpimarratu ditu azken hiru hilabeteotan, sareko eztabaidari dagokionez. Lehena, adituen batzordearen agerraldi ondoko egunetan. Beste bat, urtarrilaren erdialdean Eliseo Gil bera Arabako batzar nagusietan azalpenak ematera agertu zenean. Arabako Foru Aldundiak urtarrilaren 17an txosten guztiak sarean jarri zituenean ere, ehunka aipamen eta artikulu idatzi ziren ordenagailuetako pantailetan. Gauza bera gertatu da Gilen taldekoek euren aldeko txostenak veleia.net gunean jarri dituztenean.
Iesus Iohse Marian horretakoak izan dira sutsuenak idazkunak faltsuak zirela frogatu nahian. Azaroaren 20an bertan zabaldutako eztabaida bateko titularra erabatekoa zen: Faltsua. Han parte hartu zuten gehienek kitatutzat jo zuten afera, eta ardurak eskatu zituzten berehala. Terrae Antiquae foroan gisa bereko analisiak egiten ziren bitartean, Gilen taldekoen alde agertu den En el ángulo oscuro eztabaida orrian, baina, hainbat kontraesan azaleratzen ahalegindu ziren berehala. Esaterako, ehunka ostraka aztertu gabe geratu zirela adituen batzordean, eta hainbat froga falta zirela faltsutasuna erabat baieztatzeko.
Baina eztabaidagune eraginkorrena eta biziena, dudarik gabe, eta Celtiberia-n ia bi urtez izandako esperientziari jarraipena emanez, Terrae Antiquae-koa zen.
Azaroaren 19an bertan, Canto irakasleak Iragarritako bukaera izeneko mezua jarri zuen, eta bertan ia mila mezu idatzi dituzte orduz geroztik. Lehendabizi, batzordeko adituen txostenak aztertzeari ekin zioten. Descartesen ustezko inskripzioa argitzeko eskanerra erabili zuten, handik eta hemendik ateratarako irudiak lupaz begiratzen zituzten. Informazio gosea handia zen, eta txosten eta irudi guztiak sarean jartzeko eskaera gero eta nabariagoa zen.
Paraleloki, foro berean Zientziaren metodoak izeneko eztabaida lerroa zabaldu zen. Eztabaidagune teknikoa zen, indusketetan eta adituen batzordeek erabilitako metodoen egokitasuna aztertzeko. Koenrad Van der Driessche geologoak urriaren 28an zabaldu zuen, eta otsailaren 6an itxi, zabaldu zeneko zalantza berberekin: egindako probak nahikoak izan dira? Egindako frogek zerbait frogatzen dute? Eztabaidagune kontsultatuena izan da: 1.430 komentario izan ditu.
Urtarriletik, dena sarean
Foro bereko Iragarritako hori izan da, hala ere, mamitsuenetakoa. Eta eztabaidak benetako bultzada izan zuen argazki eta dokumentazio guztia sarean jarri zutenetik. Irailaren 17tik, alegia. Berehala, xinaurrien lanen antzera, adituen txostenen argiak eta hutsuneak agertzen hasi ziren, eta, frogen aurkako ia erabateko iritzi hori mugitzen hasi zen. Zalantzak sortu ziren. Hainbatek filologoen lana jarri zuten jomugan.
Esaterako, Joakin Gorrotxategirena. Hainbat komentariotan azpimarratu zen hasieran Gilen taldean agertu zela, eta Knorren ondoan, eta ez zuela argi azaldu idazkunen faltsutasunari buruzko dudarik. Nahiz eta bera izan zen dudak jendaurrean agertu zituen lehena.
Ondoren Blanca Urgellena. EHUko unibertsitateko irakasleak filologoen ikusmina azpimarratu zuen ostrakak ageriko egin ziren lehen uneetan, baina 2008ko udan, ikerketa batzordearen lana aurreratuta zegoenean, idazkunak faltsuak ziren ustea azaldu zuen prentsan. Otsailaren 9an, Alicia Maria Cantok Joseba Lakarraren txostenari egindako kritika baten berri ematen zuen. Hector Iglesiasek sinatuta zegoen, eta Arse izeneko aldizkari batean argitaratuta zegoen. Cantok nabarmendu zuen Veleiako idazkunak benetakotzat jotzen zituen hirugarren kritika zientifikoa zela.
Halaber, datorren asteazkenean Lorena Lopez de Lacalle kultura diputatuak egin behar duen agerraldia iragartzeko, «ustezko iruzurra» esamoldea erabiltzen hasi zela azpimarratu zuten eztabaidaguneetan. Zuhurtzia nagusitzen ari zela, alegia.
David Montero izeneko kideak, webgune horretan bertan askoren iritzia laburbildu zuen horrela. «Inozokeria litzateke pentsatzea grafitoen inguruko gure ondorio guztiek egia osoa alde batean eta gezurra beste batean utz dezaketenik. Baliteke [Gilen taldeko bigarren arduradun] Filloy andrearen argudioak zuzenak izatea, isolatuta hartzen baldin baditugu».
Konrad Van Den Driesschek zera erantzun zion: «Hori guztia egia izan daiteke, baina horrekin ezin da baztertu ostraka batzuk benetakoak izan daitezkeela, eta merezi du aukera hori aztertzea».
Otsailaren 12an, beste kide batek «hausnarketa txiki bat» sareratu zuen. «Hau irakurrita hasieratik daukadan irudipen berbera nagusitzen zait: ematen du orain mundu guztia aditua dela, eta iritzia eman dezakeela. Gure gizartean dagoen hutsalkeria, berriro hemen (...). Esan nahi dut hemen jende askok jakinduriaz eta esperientziaz eman duela bere iritzia, eta beste batzuk jakin gabe aritu direla».
Eztabaidak darrai.
Aste honetan azalpenak emango dituzte Baldeonek eta Lopez de Lacallek
Interneten ematen ari diren eztabaidek, egia jakiteko baino gehiago, haren bila bidea egiten hasteko lagungarri direla diote hainbat adituk.
Ahotsa eta zarataren artean
Iñigo Astiz
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
