Hormak, erakusleihoak eta zaborrontziak margotzen dituzte. Hiriko paisaia aldatzen dute, eta ofizialtasuna zalantzan jartzen. Pentsaraztea baita Ideia Beltzen Brigadako artista anonimoen helburua. Nork bere barneko izaera kanporatu dezan.
Kalean, artea opari
Idoia Etxeberria
DonostiaHarritzea eta pentsaraztea da Ideia Beltzen Brigadako artisten asmoa. «Jendeari ikusaraztea bere ingurua alda dezakeela, oso erraz eta modu konstruktiboan. Kontainerrik erre gabe», dio Odeik (ez da benetako izena). «Ez diola inori baimenik eskatu behar». Artea jarrera kontua dela. Eta espazio publikoa dela jarduera artistikoak egiteko toki onena. Horregatik margotzen dituzte kaleko eserlekuak, bide-seinaleak, erakusleihoak, hormak. Horregatik iragarri zuten kontzertu faltsu hura, urtarrilaren 31rako. Debaldeko kontzertua, Kursaalean, Palestinaren alde.
Urtarrilaren 29rako Donostia afixaz bete zuten: La Oreja de Van Gogh eta Mikel Erentxun musikarien kontzertua iragartzen zuten ehunka paper zeuden kaleetan, tabernetan, telefono kabinetan. Diario Vascok eta EiTBk -babesle gisa agertzen ziren biak ere- azkar asko gezurtatu zuten berria. «Faltsua» zela, txantxa. «Iruzurra». Eta bai, gezurra zen. «Baina jendeak oraindik ez daki zergatik egin genuen», azaldu du Odeik. Ez zuten adarra jotzeko egin. «Hausnarketa eragin nahi genuen, zer egin beharko litzatekeen, gure ustez, Palestinan gertatzen ari dena ikusita. Kontraesana agerian jartzea nahi genuen: halako taldeek ez dute inoiz Palestinari elkartasuna erakusteko kontzerturik egingo, eta Donostiako Udalak ez du antolatuko doako kontzerturik kuboetan».
«Get In taldeko artisten jarrera bai dela iruzurra». Odeiren ustez, nahiko ohiko jarrera da hori egungo gizartean. «Benetako modu batean» jokatzeko arazoak nabarmenak dira. Komunikabide handiek bultzatzen dituzten estereotipoak hankaz gora jarri behar direla uste du. «Non eta nola dibertitu behar garen erakusten digute, zein izan behar den gure kirola... Eta guk beste jarrera bat bultzatu nahi dugu: barneko jarrera. Benetakoa, kritikoa, lotsarik gabekoa. Nork bere barne izaera kalera ateratzea»; gizatasuna aldarrikatzen dutela dio Odeik.
Artea barne eraikuntzan laguntzen duen ekintzatzat daukate. «Hiria hutsunez eta hausturaz sorturiko muntaia da, eta hori aldatzea posible da», Markelen arabera (ezizena da). Edozeinek egin dezake. «Hiriko paisaia ez da arkitektoen esku bakarrik utzi behar», nabarmendu du. Kaleko argiak kolorez aldatuta, esaterako, beste estetika bat lor daiteke. «Bitarteko gutxirekin». Bilbon egin zuten hori, Nerbioi ondokoan.
Hainbat ekintza molde dituzte, lehen begi kolpean loturarik gabeak. «Baina balioak berak dira guztietan». Denak lotzen dituen haria «desobedientzia konstruktiboa» da. Kontsumoa, gerra, boterea, edertasuna, arauak... 'normaltasuna' auzitan jartzea. «Ekintza batzuek ikuslearen sorpresa bilatzen dute, probokazioa; ez dira hain kritikoak. Beste batzuetan salaketa dago; gizarte kritika garratzagoa, politikoki argiagoa», Markelen hitzetan.
Donostiako Zinemaldia jarri du Odeik adibide gisa: «Kartel alternatiboa egin genuen. Satirikoa, iluna. Polizia bat, ume bat jotzen. Dena ez da hain polita, hain ederra... glamourraren atzean, alfonbra gorriaren azpian, zikinkeria asko dago». Telefono kabinetan jarri zuten kartela. Beste kartel asko bezalaxe. «Erakunde ofizialen espazioak erabiltzen ditugu gure mezuak jartzeko. Bestela, badirudi erakundeek soilik dutela aukera hori». Ofizialtasuna zalantzan jartzeko modu bat da. «Ikuslea nahasteko, zalantzan jartzeko. Ofizialtasuna beti egiatzat hartzen delako. Telebistan ikusten duguna ere dudan jarri beharko genuke».
Arte galeriak, kalterako
Markelen ustez, «arte galeriek bilaketatik aldentzen dute artista; barne eraikuntza ezinezkoa egiten dute, eta zer esanik ez eraikuntza kolektiboa. Galerian pentsatzen duen artistak originala izateari uzten dio. Nahita edo oharkabean». Benetako artea kalekoa dela diote: «Arteak bizia, aldakorra izan behar du». Eta poliki-poliki mundua aldaraz dezake: «Pentsarazte soilak mundua aldatzera eramaten du, gutxi-asko».
Duela lauzpabost urte sortu zen Ideia Beltzen Brigada, Bartzelonan. «Han bizi nintzenean, muralak-eta egiten genituen kalean. Grafitiaren munduko balio positiboekin hasi ginen, gure ingurunea hobetzeko asmoarekin», azaldu du Odeik. Kaleko artista ugari zebilen Bartzelonan sasoi hartan: «Han ikusi genuen Banksy. Kaleetan lan batzuk egin zituen; artean ez zen ezaguna... Begiak ireki zizkigun. Erreferente bat izan da guretzat». Hasieran lotsarik gabe kopiatzen zuten haren lana. «Bartzelonan muralak egitea debekatu zuten, eta beste bide batzuk aurkitu behar izan genituen. Pixkanaka gure eraikuntza pertsonala egin dugu, Banksyrengatik aldentzen. Haren filosofian oinarrituta, hori bai».
Muralismo latinoamerikarretik ere edan dute, «batez ere jokatzeko moduan. Gustatzen zaizkigun jarrerak geure egiten ditugu». Eta ez dute zertan artista plastikoak izan: «Izan daiteke Mikel Laboa, Escorbuto, Oteiza ere gustatzen zaigu...». Ez dituzte lanak sinatzen. «Anonimotasuna mantendu nahi dugu. Egileak ez du inporta». Brigadaren izena taldeari batasuna emateko asmatu zuten, «zentzua emateko». Zergatik ideia beltzak? «Beltzak kolore guztiak harrapatzen ditu. Zurikeriaren kontrako jarrera ere bada».
«Donostiara etorri nintzenean, hemengo lagunekin lanean hasi nintzen». Duela hiru bat urte. «Talde txiki bat gara, baina gero eta kolaboratzaile gehiago ditugu». 30etik gora adierazpen artistiko egin dituzte orain arte. Donostian eta Bilbon. Eta egitasmo asko dituzte buruan. «Behin hasita, droga modukoa da».
Normalean gauez egiten dituzte artelanak. «Momentu lasaiena da, jende gutxi dabil, Polizia kontrolatzen dugu nondik dabilen... Gainera, gautxoriak gara. Eta horrela kaña batzuk hartzen ditugu!», dio Odeik barrez. Aurrez prestatutako txantiloiak erabiltzen dituzte sarri: «Marrazkia azkar egiteko aukera ematen dute, eta nahi beste errepikatzekoa».
Hiria, Play Station bihurtuta
Egunerokotasunetik irteteko bidea ere bada artea, bizipoza ematen die. Arriskuak sortutako kilimak, abentura grina... «Ondo pasatzeko modua da, jolasa. Edozein pertsonaren eskubidea izan beharko luke dibertsioak, ez da umeen kontua. Jolas egiteari ezin zaio utzi inoiz!», esan du Markelek.
«Bakoitzak bere hiria Play Station bat balitz bezala hartu behar du, jolastoki gisa. Fitxak nahi dituen erara mugi ditzake, gauza berriak sortzeko, sentimendu berriak. Adrenalina, beldurra, poza... benetakoak dira hala, eta barne eraikuntza ere bai. Bideo jokoan, ordea, poza itxurazkoa da, jarduera pasiboa delako; itzaltzean, frustrazioa agertzen da, krisi existentziala». Beldurra albora uzten dute, «gaur egungo gaixotasun handiena horixe delako», Odeiren irudiko. Baina helburua ez da arriskatzea ere... «Kontzientzia lasai badaukazu, harrapa zaitzatela! Harrapatu edo ez, artea oparitzen jarraituko dugu».
Artista anonimo gehiago
Donostian bertan ikusten da grafititik aldendu den beste lanik ere. «Egile anonimoak dira, eta zaila da nortzuk diren jakitea. Guk ez ditugu ezagutzen, baina gustatuko litzaiguke haiekin ere lan egin ahal izatea. No te calles la boca txantiloia hor dabil, adibidez».
Gasteizen, farolak errotuladore erraldoi eta piboteak txintxeta bihurtzen dituen neska bat dabil. Bilbon, Fragil izenpea darabilen bat: «Bartzelonakoa da, baina Bilbon bizi da». Iruñean, iturriak arrosaz margotu zituzten, kultur politika salatzeko. Beasainen (Gipuzkoa) Dizebik ere gizarte kritika egiten du... Gero eta gehiago oparitzen da artea.
Banksy, mundu osoko gazteengan eragin duen artista
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
