Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:04

KULTURA;2009-02-11;BERTSOLARITZA. GAI LIBREAN. Web 2=0?

Gai librean

Web 2=0?

Xabi Paya. - Bertsolaria

Txakur bakarrak jan lezakeen etxean nekez kabitzen dira bi txakur. Eta sartzekotan, aukerak gutxi dira: a) bi txakurrak txikiak izan litezke, baina txakur txiki bik kostata zainduko dute etxea txakur handi baten moduan; b) txakur batek bestea jango du; c) bi txakurrak hilko dira. Bertsolaritza adierazpide modernoa da. «Bertso» hitzak 1.030.000 sarrera ditu googlen, Xabier Amurizaren Hiztegi errimatua sarean dago, txapelketek webguneak dituzte eta bertso-saioak Interneten eskegitzen dira. Imajinatu Txirritaren bideoak ikusteko aukera izatea youtuben (bide batez, Txirrita ez, baina Xalbador bertsolaria zuzenean ikusteko aukera badago!)! Droga bikaina litzateke bertsozale adiktuentzat.... Adiktuentzat, bai, baina zenbakitan pentsatuta, egungo zenbat euskal herritarrek ikusi nahi dute Txirritaren bertso-saio bat, ordu betetik gorako jardun etengabe bat? Askotan ematen du helburua gauzak Interneten izatea dela, hori besterik ez. Euskal kultur kontsumitzaileak 800.000 badira, zenbatek ikusi nahi du Txirritaren saio bat osorik? Akaso zifrak gora egingo luke pertsonaiagatik edo historiagatik, eta batik bat, ezagupenik ezagatik; izan ere, Txirritaren saioa entzunda daukanak soilik errepikatuko luke esperientzia arrazoi bereziren batengatik: saioa oso ona izan zelako (eta Txirritaren saio onen artean ere izango dira hobeak eta ez hain onak), edo egokia delako arlo zehatz bat lantzeko... txarrak errepikatzeko zaletasuna sadomasokismoa da.

Dena den, artikuluaren gaia ez da bat-bateko inprobisazioa grabatzearen funtzio eta interes soziala. Hori argi dago berez, bestela ez lirateke egongo webgune bi zeregin horretan. Bai, bertsoa.com bertso plaza digitala eta bertsoplaza.tv bertso plaza (hala ageri dira izenak; ez dut imajinatzen Coca Cola eta Coca Cola ÒlightÓ marka ezberdinetako produktuak izatea!?). Lehenengoa Arinaizela ekimenaren proiektua da; bigarrena, Bertsozale Elkartearena. Lehenak zuzenean ematen ditu hainbat saio; bigarrenak Xenpelar Dokumentazio Zentroan gordetako saio historikoak dauzka. Lehenak oso epe laburrean sareratzen ditu saioak; bigarrenak bideoaren atsegin-maila markatzeko eta iruzkinak egiteko aukera ematen du. Saio bera grabatzen behin baino gehiagotan topatu dira bi bertso plazak. Zein da bietan onena? Hori erabiltzaile bakoitzak esango du, bakoitzak bere gustua izango du eta.

Kontua da ez dakidala zenbat erabiltzaile dabiltzan gune bakoitzean, ezta zenbat denbora ere (era berean, oso interesgarria litzateke jakitea zenbat erabiltzaile sartzen diren gune bietan). Ez dakit bertsolaritzaren fenomenoa funtzio bera edo antzeko samarra betetzen duten bi webgune izateko beste handitu den azken urteetan. Ez dakit gune biren existentziak antzekotasunik duen habe-aek auzi zaharraren sindromearekin (ez dakit, izan ere, Lankuk, Bertsozale Elkarteak sortutako zerbitzuak, 2008ko bertsoaldi onenen antologia bertso plaza digitalarekin kaleratu baitzuen iaz, ez elkartekoarekin).

Ez dezala inork gaizki hartu, beraz, zalantzen suhartasuna. Esango nuke bertsolaritza txikia dela eta txikia izan nahi duela; eta txikiak ez du txakur txikirik galtzeko.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia