Unai Ormaetxea bertsolariak 'Mario haritik tiraka' emanaldian jardungo du estreinakoz datorren ostegunean Zornotzan; izenburu bereko liburu-diskoaren gaineko ikuskizuna izango da.
Nor berari tiraka
Beñat Zamalloa
Mario izango litzateke gure izanari izena jartzea, izen bat jartzeagatik. Denok gure barruan daukagun izenaren osteko izana izango litzateke, gure gutarren gu batuketa bat egiteagatik, eta horretan guztian sentipenak dira armarik indartsuenak». Unai Ormaetxearen berbak dira, Mario haritik tiraka emanaldiaren gainean. Bosna urtez ibili da Exkixu eta Ken Zazpi taldeekin bertsolari, eta, orain, saxoaren eta gitarraren doinuak izango ditu lagun datorren ostegunean, hilaren 19an, estreinakoz eskainiko duen emanaldian. «Ez ditut erabili bertsoak erabiltzeagatik edo musika erabiltzeagatik, behar izan den lekuan ikusten nuena jarri dut. Eta uste dut bere neurrian joan dela dena».
Emanaldiaren forma hartu aurretik liburu diskoaren formatua du Mario haritik tiraka lanak. «Orain zazpi-zortzi urte hasi nintzen kantu batzuk sortzen. Horretaz aparte liburu bat idatzi nuen, orain dela lau urte atera nuena, eta amaitu orduko horrekin ibili nintzen apur bat bueltaka. Ikusten nuen bata eta bestea lotu ahal zirela. Gainera, esentzia azaltzeko hitzekin eta musikarekin perfektu doa, azkenean, guk hori egiten dugu. Formatua berez joan da forma hartuz, eta ni oso pozik geratu naiz heldu den lekura heldu delako; behintzat, lasai geratu naiz». Hasiera batean, etzi, plazaratzekoa zen ikuskizuna estreinakoz Zornotzan, baina Udalarekin izandako arazo batzuengatik, atzeratu egin dute.
Zoriontasuna herrira
«Hasieran pentsatu ere ez genuen egin ezer egingo genuenik. Gidoi bat egin genuen, eta ikusi genuen liburu diskoak ematen duena plazaratzeko bazegoela, proiektua beste era batera janzteko aukera bazegoela bere esentzian. Erdia musika eta erdia liburua bada, nik esaten nuen uztartuko genituela era batera edo bestera, baina egongo direla irakurketak zein kantu zatiak zein olerkiak zein bideo proiekzioak. Liburu diskoa beste begi batzuekin ikusteko aukera ematen dugu. Bistarekin ere pixka bat jokatu egiten dugu, bideoklip bat egin dugu eta argazkiekin, errazago digeritzeko ariketa».
«Denok bizitza honetan topatzen duguna da ahalik eta zoriontsuen bizitzea. Horrekin borrokan-edo, esaterako, badago sistema, askatasuna, zorionik eza, denbora zelan bete...». Zoriontasunaren borrokak herrian kokatu ditu. «Galdera horiei erantzuna emateko egiten dudana zazpi lekutan kokatu obra, herrian bertan zazpi lekutan, eta leku bakoitza erabili nik gura dudana kontatzeko». Parkean ematen dio hasiera eta baita amaiera ere. «Parkean amaitzen du, bizimodua bera kiribil bat den moduan, hau ere kiribil bat delako, zikloen ziklo bat».
Parketik parkera, ibilaldi sakona egiten du barrunbeetan han eta hemen: «Hasten da parkean, parke bakoitza bera topatzeko leku aproposa delako, bakoitza bere kontraesan eta adar guztietatik. Gero, kalera doa, eta kalean, aukera berdinak ez dauzkan jendearekin bat egiten da; plazan, adibidez, omenaldi bat simulatzen da, Euskal Herriaz eta politikaz bere usteak esateko. Haizearen orrazia deitutako beste kapitulu batean, Euskal Herritik salto egiten du, eta munduari buruz berba egiteko. Koadrilan ere egongo da. Izango litzateke lagunei tiratzeko, lagunak zer diren, orbitak zer diren, drogak, euskara eta antzeko gauzez berba egiteko. Topagunea, herriko putetxea, izango litzateke maitasunaz eta sexuaz hitz egiteko lekua. Azkenean, norberak bizi dituen gaiak espresatzeko lekuak dira, nolabait esateko, eta denak, norberarengandik irten edo ez, herri berean kokatutakoak».
«Nor bera izatea»
«Norbera bera izatea» da haria. Banakoa mendiarekin alderatzen du Ormaetxeak. «Mendia beti aldatzen da, unetik unera aldatzen da, eta beti bera da; bada, gu ere bai: unetik unera aldatzen gara, eta geu izaten saiatu beharko ginateke, behintzat, edo, behintzat, zoriontasunaren bila baldin bagoaz, geugandik abiatu beharko ginateke».
Nork bere buruarekin egin beharko lukeen ariketa egin duela uste du Ormaetxeak: «Mario besterik ez da, bakoitzak bere Mario edukiko du». Inguruak emandako hari muturrari egin dio tira. «Akaso, hainbeste biderrez ikustea eta sentitzea jendea maskarak ipinita bizi dela denbora guztian. Gauza batengatik edo besteagatik, interesengatik normalean, jendea mozorrotu egiten da, eta, azkenean, bat norbera izatea gero eta gaitzago dela ikusten dut».
Ordu beteko emanaldia izango da: «Lehenengoan ikusiko dugu zelan doan, eta gure ametsa izango litzateke, eskualde bakoitzean leku baten egotea; batez ere, liburuaren esentzia delako, nahi duenenera iristea, eta behintzat aukera ematea». Lehenaren haritik etorriko dira besteak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
