Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:04

KULTURA;2009-02-10;ARBELARI BEGIRA. Nobela ala 'best-seller'-ak?

Arbelari begira

Ainara Gorostitzu

Nobela ala 'best-seller'-ak?

Zer behar du euskarak? Nobel saria ala best-seller-ak? Bai, euskal literaturak Nobela eta best-seller-ak edukitzea litzateke onena euskararentzat, baina ez bata eta ez bestea ez dituelarik, bietarik zer litzateke onuragarriago euskararentzat?

Kike Amonarrizek eman zuen joan den asteko ikastaroetako bat HUHEZIk antolaturiko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan. Eta Amonarrizek euskararen inguruko diagnosia aurkeztu ondoren, aurrera begirako ideia batekin amaitu zuen ikastaroa: jarrera pesimistak baztertu eta administrazioaren inplikazioaz eta atxikimendu sozialaz gain, euskarak euskal kulturaren kontsumoa indartzea behar du. Euskarak best-seller-ak behar dituela dio Amonarrizek: «Jendea harrapatuko duen kultura egin behar da, bai liburuak eta bai diskoak, eta horiek irakurtzera eta entzutera ohitzen direnean, kalitatezko euskarazko kultura ere kontsumituko dute».

Gai horri buruzko mahai-inguru batean hartu zuen parte iaz Amonarrizek, Martin Ugalde Foroak antolaturik, Eneko Olasagasti zinema eta antzerki zuzendaria, Olatz Osa Elkarreko zuzendaria, Iñaki Iturria kultur teknikaria eta Iñaki Gomez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariarekin batera. Euskarazko kultur kontsumoaren hedapena eta garapena hiru ardatzen inguruan burutu beharko dela zioen orduan Amonarrizek: «Derrigorrezkotasuna, eskuragarritasuna eta erakargarritasuna». Orduan ere, merkatua zabaldu beharraren ideia garatu zuen, hedapen horretarako produktu egokiak ekoitzi beharra nabarmenduz. Helburu hori lortzeko, «gure zazpi bekatu nagusiak» aitortu eta baztertu behar ditugula zioen: «Biktimismoa, ezkortasun kronikoa, baikortasun alferra, akritizismoa, inmobilismo subentzionatua, dirigismoa eta inbidia».

Euskarari arnasa emateko, beraz,kantitatea behar da lehendabizi, Amonarrizentzat. Izan ere, ekoizpenean ez eta kontsumoan ikusten du gakoa.

Hizkuntza baten osasuna hobetzeko, hizkuntza horretan ekoizten den literaturaren maila baino eraginkorragotzat du kultura ekoizpenaren kopurua William F. Mackeyk ere. Ideia horri heldurik, Mikel Zalbide euskaltzainak ondorengo galdera planteatzen du Euskara 21 txostenari egindako iruzkinean: «Zer pisu dute kalitatezko literatur lanek ahuldutako hizkuntza indarberritzeko orduan?» Teoria soziolinguistikoen haritik ematen dio galderari erantzuna euskaltzainak: «Literatura onaren berezko ahalmena ez da oso handia ahuldutako hizkuntza indarberritzeko». Eta jiddish-aren adibidea dakar: «Nobel saridunik ere tartean duen jiddish-a gainbehera bizian doa Estatu Batuetako judu ilustratu literaturazaleen artean: ezer gutxitarako balio die judu horiei jiddish-ezko literaturgintzak etxea eta kalea, lagunartea eta ohiko harreman sare arruntak gesalduz eta indargabetuz joan zaizkielarik (...) Garrantzizkoa izanik ere goi mailako literatur ekoizpen hori, besterik da ahuldutako hizkuntza indarberritze aldera literatura horrek izan dezakeen garrantzia. Ekoizpena baino gehiago kontsumoa da, zinez eta benaz, kontuan izan behar dugun datua hizkuntzaren osasuna neurtzerakoan».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia