Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 21:03

KULTURA;2009-02-05;Beste edozein bezalakoak. Anna Boludak familia homoparentalei buruz eginiko 'Homo Baby Boom' filma Zinegoak jaialdian lehiatuko da gaur Maitasunak sortzen ditu familiak, zuzendariaren ustez, «eta ez beste ezerk»

Beste edozein bezalakoak

Anna Boludak familia homoparentalei buruz eginiko 'Homo Baby Boom' filma Zinegoak jaialdian lehiatuko da gaur

Maitasunak sortzen ditu familiak, zuzendariaren ustez, «eta ez beste ezerk»

Irune Berro

Bilbo

Anna Boludak, Homo Baby Boom film dokumentalaren sortzaileak, argi dauka. «Maitasunak sortzen ditu familiak, ez beste ezerk». Zenbait familia homoparentalei buruzko pelikula egin ondoren, zalantzarik ez du: «Aspergarriak dira, beste edozein bezalakoak dira. Pixoihalak aldatu eta patatak zuritzen dituzte, ez dute gauza arrarorik egiten». Zinegoak gay, lesbiana eta transexualen inguruko Bilboko zinema jaialdian lehiatuko da gaur Boludaren Homo Baby Boom filma.

«Gure familia beste edozein bezala egituratzen da, eta gure bizimodua beste edozeinena bezalakoa da; umeak eskolara doaz, lagunak dituzte, aitita-amamak...», dio Boludaren filmean ageri den elkarrizketatuetako batek.

AEBetan zegoen Anna Boluda kazetari eta zinemagile valentziarra 2005. urtean, Espainiako Gobernuak sexu bereko pertsonen ezkontza ahalbidetzen duen legea onartu zuenean. Eta gai horri buruz heltzen zitzaizkion berriek harridura eragin ziotela dio: «Jainkoarekin ezkondu diren eta seme-alabarik izan nahi ez duten gizon batzuek familiak zer-nolakoa izan behar duen ari ziren esaten... Bitxia, benetan». Alderdi politikoetako eta Elizako ordezkariak gaiaz etengabe mintzatzen ari zirela gogoan du Boludak, eta «benetako protagonistak isilik zeudela».

«Beraz, familiei galdetzea pentsatu nuen», azaldu du Boludak; «bazirudien legeak hala onartzen zuelako agertuko zirela egun batetik bestera familia homoparentalak, eta ez ziren konturatzen gisa horretako sendiak egon bazeudela gurean. Aspalditik, gainera».

Haien egoera aldatzera zihoan, ordea. Bikote homosexualei ezkontza eta adopzio eskubidea aitortuko zien lege horrek. Eta Boludak egoera berri horren aurrean familiek zuten iritzia jaso gura zuen. Haien istorioa kontatu, haien eguneroko bizimodua erakutsi. Ikusezintasunetik ikusgarritasunera igarotzen lagundu, naturaltasun osoz, ezjakintasunak sorturiko aurreiritzi eta beldurrak atzean utzita.

Bide horretan egin zuen Queer Spawn, AEBetako familia homoparental biren ikuspegia azaltzen duen film dokumentala. Lan horrekin, makina bat sari jaso du Boludak.

Baina Herrialde Katalanetako errealitatea jaso nahi zuen, eta horixe egin du Homo Baby Boom pelikula dokumentalean. Kataluniako gay eta lesbianen federazioak ekoitzi du obra.

Inguru bateko eta besteko sei familiarekin izan da, horretarako. Hiri handietan bizi dira batzuk, eta herrietan besteak. Sendi batzuk ama bikoak dira, eta gainerakoak aita bikoak. Denen testigantzen artean harilkatu du Boludak filma. Beren familia zelan eratu duten kontatu dute denek. «Familia tradizionala eratzeko, bide biologikoari segitzea nahiko da. Aldiz, familia homoparentala sortzeko, bestelako bideak hartu behar dira», azaldu du Boludak.

Homo Baby Boom dokumentalak, halaber, familia homoparentala osatu duten bikotekideen sendiak izan duen jarrera kontatzen du. «Eta denetarik dago», ohartarazi du zinemagileak; «gustu guztietarako iritziak». Batzuek azaldu dute beren gurasoek ez dituztela haurrak ezagutzen. Haiekin harreman mota oro hautsi dutela. Beste batzuek, berriz, sekulako poza eman zieten beren gurasoei aitita-amama izango zirela esatean. «Etsiturik zeuden beren alaba lesbiana izanda, aitita-amama izaterik ez zutela izango pentsatuta, eta sekulako poza hartu zuten berria jakitean».

Ezkontza eta adopzio eskubidea aitortzen dien legeak bizimodua errotik aldatu ziela ere azaltzen dute Homo Baby Boom film dokumentalean ageri diren sei bikoteek.

Gaur egun, Kode Zibilaren erreformarekin, izatezko bikoteen edo ezkonduta dauden kideen artean jaiotzen den umea aparteko arazorik gabe inskribatzen da. Bikotea bi emakumek osatzen dutenean, behintzat. Alabaina, erreforma onartu aurretik, ama biologikoaren haurra adoptatu behar zuen bikotekideak. Ez zegoen beste aukerarik. Eta prozesu horrek luze jotzen zuen. Areago: ezinezko bihurtzen zen batzuetan. Zenbait epailek Kode Zibila hartzen zuten oinarri, eta hierarkikoki Izatezko Bikoteen Legeari gailentzen zaionez, horri eusten zion, dagoeneko ama baduen haurra adoptatzeko eskaerari ezezko erantzuna emateko.

Baina dena ez da arrosa kolorekoa. Gizon bik osatutako bikoteak zailtasun handiagoak ditu familia osatzeko. Umea adopzio bidez izan behar baitute, edo emakume batekin adostu umea izatea eta haiei ematea. Alegia, alokairuko sabelaren bidez. Baina Espainian -eta, ondorioz, Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian- galarazita dago halakorik egitea.

Umeei errealitate hori normaltasunez ikusarazteko hezkuntzan gutxi egiten dela pentsatzen du Boludak. Hezkuntza zentroetan emateko pieza laburra prestatu du, horrenbestez. Ikus-entzunezko lan horrekin batera, irakasleek eskolako umeekin lantzeko fitxa moduko batzuk ere egin ditu. Urrats garrantzitsua, errealitate hori ikusgarri izateko bidean. «Ez dakigu zehazki zenbat diren, baina dokumentalaren izenean diodan bezala, argi dago booma egon dela, gero eta familia homoparental gehiago daudela». Ageriko errealitatea da, begien bistakoa. Ikusi nahi duenarentzat, bederen.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia