Transmisioa definituz
Ainara Gorostitzu
- Arbelari begira
Zer da zuentzat transmisioa?» galdetu die Jone Miren Hernandez EHUko Antropologia irakasleak Huhezik antolaturiko Euskal Kulturgintzaren Transmisioko graduondoko ikasleei. «Daukazuna eta dakizuna besteenganatzea»; «jasotakotik eta bakoitzak beretik besteei zerbait pasatzea»; «ondorengoetaratzea», erantzun dute taldetan banaturik dauden ikasleek.
Datuak igorle batetik hartzaile batera igortzeari deitzen dio hiztegiak transmisioa.
Ez da erraza halako hitz bat definitzea. Denok dakigu zertaz ari garen transmisioaz ari garenean, baina segundo luzetako isilunea behar du batek berau definitzeko hitz zehatzak aurkitzeko. «Transmisioa ez da transfusioa: transmisioan galerak daude, ez da jasotako guztia ondorengoetaratzen», bota du ikasle batek. Ondorengoetaratzea bera auzitan jarri du beste batek: «Transmisioa, baina, ez da soilik bertikala, horizontala ere izan liteke: ez da bakarrik belaunaldiz belaunaldi transmititzen». «Kontzienteki transmititzen dugu, ala inkontzienteki ere transmiti daiteke?», galdetu du norbaitek. «Transmisioa naturala izan liteke, ala guztiz kulturala da?»; «Zerbait transmititzean berean kultura egiten da?»; «Kulturaren funtsa transmisioa da?».
Egunean zehar, bizian zehar, zer jasotzen dugun eta zer zabaltzen dugun pentsatzen jarri da ikasle hori. Jasotzen dugun horretatik kontzienteki zein ideiari (zein baliori) eusten diegun zerrenda egiten hasi da, balio kultural, erlijioso, linguistiko edo afektiboak buruan ordenatuz. Baina otu zaio ez ote diren gehiago inkontzienteki hartzen ditugun balio horiek. Positibotzat ditugun ideiak (balioak) kontzienteki hartzen ditugunak dira?, eta negatiboagotzat ditugun ideiak (balioak) inkontzienteago hartzen ditugu? Aldiz, jasotako zenbait balio ez transmititzeko, edo aldaturik transmititzeko egiten dugun ahaleginaz jabetu da, balio okerrak, anakronikoak edo desegokiak direlakoan.
«Hizkuntzari dagokionez, hizkuntza bera kanala eta transmisioaren objektu da», ondorioztatu du ikasle batek. Euskararen transmisioaren azterketa egin du Jone Miren Hernandezek, Lasarten (Gipuzkoa). Ez ikuspuntu soziologikotik, ezta ikuspuntu filologikotik ere, antropologiatik baizik. Komunitateak hizkuntzan duen eragina eta aldi berean hizkuntzak komunitatean duena ikertu du Marques de Lozoya saria eskuratu zuen Euskara, comunidad e identidad tesian. Betiere, hizkuntza komunikatzeko tresna soil bat baino gehiago, sortzeko tresna dela kontuan izanik. Horretarako, bada, bi lan egin behar izan zituen lehendabizi: komunitatea bera aztertu behar zuen lehenik, eta transmisioa zer den definitu behar zuen gero.
Eta ohartu zen transmisioan zehar aldaketak, jauziak... izaten zirela. «Transmisioan zehar non galtzen edo berreskuratzen dira balioak, ideiak, hizkuntza bera?».
Belaunaldiz belaunaldi transmititu den hizkuntzaren lekua beste hizkuntza batek hartzen du zenbaitetan. Gurean, gehienean, euskararen lekua erdarek hartu dute. Baina ez beti. Bada soziologia bat etxetik erdara ekarri eta kalean edo eskolan euskara ikasi duena. Jon Maia 2001eko bertsolari txapelketan bere jatorri erdalduna azaldu zueneko bertsoez hizketan jarri du bideoan Hernandezek. «Euskararen aldekoak diren jauziak eta aldaketak aztertzea» interesatu zaio hizlariari. Izan, badirelako.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
